Kaixo, harra:
2019-11-25 08:21 MusikeaBerri Txarrak-ek behinola barrenean piztu eustan harrari, egotearren, izatearren.
Badakit beharbada ez zarela nitaz akordauko, zugaz bete-betean, esentzia osoz topo egitea, sarritan, gatx samarra izaten dalako, baina, dana dala, itxi eidazu azken une batez zugana zuzentzea.
Gure logelatik idazten deutsut. Laga zenduan moduan dago, itzultzean topauko dozun moduan. Tira, egia da azkenaldion beste bidaide franko pasetan dirala behinola zure aginte bakarreko erreinua zan mahaitik; autortzen dot nire apunte artean zureak ez diran berba piloa dagoala, lehen ez bezela; onartzen dot zeure ezizen oparoz josia egoan playlist haretan auzokide barriak dagozala orain. Zure bizi-existentziaren gordeleku izandako apalek trasteleku itxurea hartu dabe, eta zureak ez diran baina zure gomutea dakarskuen kontuak pilatzeko baino ez ditugu erabilten egun, Diogenesen sindrome emozional bat bailitzan.
Ez deutsut guzurrik esango: zure geleak txikerragoa emoten dau, orain hemen ez zagozalarik; dan-danak txikerragoa dirudi, orain hemen ez zagozalarik. Zure akordeak falta doguz, zure riffak, zure akopleak, zure baldintzak, parnasorako zure trenbideak, zure zarata, zure eztitasuna, zure amorrua, eta zu zeu. Zu falta zaitugu. Denporea eta bere ateak, dinot istant honexetan neure barrurako. Denporea eta bere leihoak. Denporea eta bere zuloak. Denporea jolas makabroa da. Denporea da egiaren makina bakarra. Akorduan dot lehenengoz aurrez-aurre ikusi zintudanean arrakala txiki-txiki bat baino ez neukala, personen buru artean edegia, zure itsasoak zeharkatzeko. Garai haretan, oraindino, ez zeunstan irakatsia eratzean, erotzean, erratzean eta errotzean zer sentiduten dan. Gerora argitu zeunstan hori. Gerora ulertu dot hau.
Ez neban beste arrakala bat besterik behar izan. Urruneko uri bateko urruneko areto bateko urruneko txoko bateko jendarteko pitzadura bat. Bion arteko konekzino-hari hauskor, zaurgarri baina elektriko bat. Orduantxe kargutu nintzan, zuk azaldu lez, zu niretzat bezainbesteko hil ala bizikoa nazela ni zuretzat. Orduantxe ulertu neban zure doinuen aurrean jarri orduko, mozorroa jantzi ala erantzi egiten dodan. Orduantxe aitu neban dan-dana: kanteteak bizi gaituala, zer esanik ez dagoanean; epel batzeak bizi gaituala, distorsinoaren game-a amatetan danean; paretei orro egiteak bizi gaituala, inguruan anestesia-doinuak baino ez daukaguzanean alderrai. Zure irakaspenei jarraituaz, badogula nori kantau, badogula nori kontau.
Arrakalea gauza meharra eta igeskorra da, goizalban soroa gurutzatzen daben orkatza lez. Holantxe sentidu nintzan joan dan astegoienean, jente artean han, urrunean, zeure irudiari so. Nire kilometroak trukatzen deutsudaz zure berben hamar mila silabakaitik, eta neurria hartzen deutsagu gure etsipenari; pixkanaka baina eten barik hilten nozu, eta zure ohantzera hurreratzen naz gauero-gauero, zu estaltzera; esaldi arteko txori herrariak bialtzen deutsudaz iluntzero, eta gaztainondo bihurtzen nozu akazien artean.
Ama, paretean daukadan zeure erretratu aurretik pasetan dan aldiro, ez da gauza ha begiztatzeko; zaratatsuegia niretzat, dino. Hori bai, zapaturo zure sugarrik gorienak igarten doguz, edozein tabernazuloko barra alboan eta, bai, oraindino be, zagozan lekuan zagozala, beste itxuraren bategaz bueltauko zaren itauntzen deutsagu gure buruari. Behin eta barriro.
Maialenek, ostera zuzenean ikusi eta bizi zaituan gau bakotxeko argazkiak erakusten deutsiez bere gurasoei; zure talentua balorau egiten dabela kontetan deust barikuro. Han eta hemen zelako arrakastea lortzen zagozan aldarrikatzen dau, zugaitik balitz, egundo alde egingo ez zenduala ondo dakidan arren. Ez zaitez sumindu, ondo dakit zure bizimina ez dala kabitzen zure hazur-okelatan; hain zara benetakoa, nahitaezkoa… eta hain zara bitala.
Ez eizuz sekula galdu, arren, patrikan daroazuzan gure ehunka erretratuak: munduaren antipodetan alkartu ginanekoa, inoz bueltauko ez dan Ibonegaz igarotako arratsalde hareek gogorarazo zeunstazanekoa, amumaren besaulki zaharrera atzera be eroan ninduzunekoa. Eszenatoki hotz horretatik nire begietara pauso bana baino ez dago. Begiratu hondora, urrunera: hortxe nago, arrakalearen muturrean, umetan lez, zu ikusi ahal izateko hanka puntatan.
Eta gaur, egia esan, dan-dana daukat faltan: zuk niri kokoteko bat emoteko mila kilometro egin behar ez izatea, zu ikusteko presaz nabilenean mila persona nire muturrean aurrean ipintea, zure doinuak jaun eta jaube diranean etxekoei komuna nahita okupetea... nik zer dakit. Nire pekatu, damu eta penitentzia zara. Maite zaitut, ez dozulako nire iragana ezagutzen, ez dozulako nire orainaz jakin gura eta ez zarelako nire etorkizunean egongo.
Gure logelatik idazten deutsut. Laga zenduan moduan, itzultzean topauko dozun moduan. Ze, itzuliko zara, ezta?
Berri Txarrak-ek behinola barrenean piztu eustan harrari, egotearren, izatearren.
Gernika-Lumon, 2019ko zemendiaren 24 euritsu baten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!