Eta danak sobran

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-11-20 18:41

Goizeko zazpiak dira eta sei lagun gagoz, ontziaren esperoan.

Bost mexikar eta neu. Lehenengo aldia da marrazo artean uger egitekoa nazela; Steven Spielberg handiaren Jaws filma geure etxe zinefilo eta xumean kultuzko bihurtu zanetik, nire amesa da. Urte frankotan luzatu dan hitzordua da, kasik erronka kutsua daukana: hondo urdin eta ilunetik dator piztia, haginak bistan, atmosfera likidoan sigi-saga, eta hantxe nago neu, urpekari-jantzia soinean, halamoduzko itsas otsoa: ausart, tente, arrakala barik, zain.

Nire delirioan, marrazoak badaki nor nazen; niri begira emon ditu 24 urte, eta errespetuz inguratzen nau. Apurka-apurka, marrazoz josita egoten dan itsaso-eremura ailegau gara, eta ehun bat ontzi dagoz, azal zuriko turistaz beteta. Marrazoak (haginik bakoak, bedarjaleak eta sandaliadun kaltzerdi zuridunak) itsasontzien artean planktona eta arrainen arrautzak jateko ahaleginean dabiz hara eta hona, guri ezelako jaramonik egin bage.

Mexikarrak, neu lez, bizitzea salbetako txalekoz jantzita bota dira uretara, eta hantxe goaz plista-plasta, gida baten laguntzaz, marrazoen bila: Síganme con cuidado. Edarrak dira marrazoak, baina urpean; euren alboan, barkuak eta turistak ikusten dodaz edonon. Istanteak badauka magikotik edo mistikotik, baina, sakon-sakonean, zinez etsigarria nahiz itogarria da. Pistolea atara gura neuke: zoazie hemendik, bidaiari putreok, lagaidazue marrazoagaz bakarka. Urpeko anteojoen antzera, barriz, erregu berbera ikusten dot gainerako turisten begiradatan. Danak gagoz hemen: marrazo bila urpean. Edo bestelako marrazoz inguratuta, taberna zulo ilun baten gurutziltzauta.

Danak gagoz hemen, eta danak sobran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu