Tontotasun naturala
2019-11-16 18:21Ez esan inoz makina bateri zuk ha amatau leikezula.
Ordenadoreak erakutsi deust erantzuna. Youtube demontre hori. Informatikearen guru batek esandakoak begitartean jantzan geratu jataz, ze ez dino mehatxu bat bailitzan, laguntza-dei bat lez baino. Humanidadearentzat jaurtitako botila baten moduan, korronte harroko itsaso zakar baten erdian.
Alor horretako beste aditu batek zera kontetan eban, Industria Iraultzeak gizakiak edozein aberek baino indar handiagoa eukien makinak sortzea ekarri baldin baeban, garaiotan pareko zeozer ari dala pasetan, baina inteligentziagaz. Eta holantxe heldu gara ha artifizial lez bataiotzera. Inteligentzia artifiziala. Izan be, holan deitzen deutsagu, lurrun-makinea moduko artefaktua dalako. Imaginetan dot inteligentzia mekanikoa deitzea lar retroa zala. Eta izen itzela izango litzake, hori bai.
Kontua da orain arte makinek guk geuk eurari planteauriko arazoak baino ez zituezala konpontzen. Horrek baeukan, jakina, meritu edo merezimendu erlatiborik. Hain zuzen be, ze erantzunaren erdia beti dago galderearen plantemanduan zuztartua. Baina, batez be, beti berandu ailegetan zalako, arazoa ebidente(egi)a zanean. Hortaz, sortzen ibili garena kalkulagailu zinez garatuak baino ez dira, geroz eta bizkorragoak nahiz txikerragoak. Askozaz gehiago ez.
Baina zer pasauko litzake makinek guri eta gure galderei aurrea hartu ezkero? Ze jazoko litzake, halaber, geure desirari eurari be aurrea hartu ezkero? Zer gertatuko litzake guri buruz guk geuk baino gehiago jakingo baleukie? Ez zientzia-fikzinoa, ez dana dalakoa: gaur egungoaz nabil.
Behin guruak aitatzen hasita, ekarri daigun plazara Martin Hilbertek, Kaliforniako Unibersidadeko irakasle eta Kongresuko Liburutegiko kontseilari teknologikoak esandakoa: 250 like emon badozuz, Facebookek zuri buruz zuk zeuk baino gehiago daki. Joder, eta zer dala-ta ez deust idatzi Facebookek artikulu hau, ba? Kobretan, baina, nik neuk be edarto dakit.
Niretzat, zeozer idaztea gorroto dodanez baina zeozer idatzita ikustea maite, hau dana kontu itzela da. Izan be, geroz eta hurrago dago gaia pentsetako burua apurtu beharko ez dodan eguna, eta ha papelean islau ahal izateko inongo gelaren baten gotortzekoa be, ezta osteko danak. Makineak, lainoak edo edozelan deitu gura deutsazun horrek, behingoz, zer idatzi gura dodan jakingo dau eta neurea lako testu baten plasmauko dau. Gatxena, baina, estilo bat topetea subertauko jako: ahots bat, gauzak kontetako arrakalatxu bat. Makineak behin hori ikasi eta atzemanda, kitto. Menderik mende publiketan jarraitu ahal izango dot. Enter.
Bai, hau idatzi izana ukatuko dot, dan-dana zeozelan ukatuko dot, asmauko dot zelan egin edo zelan esan, baina autortzen dot gauza pilo batek upealako alperkeria emoten deustala. Aurrera egiteko lanik egin beharko ez baneu, Gran Hermanoko parte-hartzaile baten gisara etxezuloan sartunda emongo neuke egun osoa, baina irakurten edo musikea entzuten.
Horregaitik, eskuordetuko dodan lehendabiziko gauzatako bat komizioak izango diralakoan nago. Bai, bai, hauteskundeak. Gure denpora libre murritzaren tarte bat hipoteketera behartzen gaituen domeka (edo eguen, bardin deutso) horreek; hori, jakina, geure asabek odolez, izerdiz eta negar-anpuluz irabazitako gure eskumen (sasi-)konstituzionala praktikan ipinteko. Hilbert gehiago: demokrazia ez dago prest aro digitalerako eta horrek bere suntsipena dakar, nahitaez. Zeinen intentso paretan diran guruak gai jakin batzukaz. Baina, sakonean, arrazoi dezente daukala deritxot; ze zentzu dauka, egun, jenteari euren botoa zeri edo nori emon gura deutson itauntzeak, seguru asko, kaleko norbanako horrek baino askozaz hobeto jakingo daben algoritmoren bat baldin badago?
Algoritmo bat aldarrikatzen dagozan beste gauza batzuk: jatetxeetako kartak. Ezagutzen ez dozun eta ezagutu gura ez zaituan pertsona bati jan gura dozuna, kalte egiten deutsuna edo jatea gustetan ez jatsuna kontetearen prozesu gogaikarri bezain unagarri hori.
Azken baten, dana identidade-prozesu baten amaituko da, nortzuk (ez) garen zehaztuko dabena. Gizaki orok, bere bizi-esperientzian zehar, musturren parean izan daben galdera potoloa. Makina batek zure gustuak, itxaropenak, hautuak eta, finean, zure bizia aurreikusi ahal ete daben. Eta zure bizia aurreikusi ahal baldin badau, ia zoriontsu edo zoritxarreko izango zaren esan ahalko deutsun. Eta noz. Eta ze modutan. Eta nogaz. Beraz, dan-dana zure ordez bizi ahal izango dau (beharbada, zuk zeuk baino lehenago), benetan bizitzen ari dana zuotako biotako nor ete dan dinoan galdegai erraldoi eta metafisiko hori lagaz. Beste berba batez: galdera handira hurbildu ordez, harengandik aldentzen ariko garela. Beste behin.
Dana dala, inteligentzia artifizialaren kontu horretatik gehien kezkatzen nauana guk, gizakiok, geuregan daukagun bere antonimoa azalera ataraten dabela da: tontotasun artifiziala. Horixe da, alegia, gurasoak Google Santura jotera derrigortzen dituana, euren seme-alaben zalantzak argitze aldera. Auzoatako liburudendak suntsitzen ari dana. Sare sozialak sari sozialdun lerdokerien sugarrez kiskaltzen dituenak. Mundua Donald Trump, Santiago Abascal, Matteo Salvini, Angela Merkel, Iñigo Urkullu, Pedro Sánchez edo François Hollande lako jentemoduak zuzendua izatera eroan dabena. Kim Jong-un moduko izakiak ekoitzi dituana. Akabu bakoa da zerrendea, Donald Trump horrengandik Kim Jong-un dalakora, planeta oso bat tarteko. Mundu mailako lider gisara mozorroturiko oilar bi, ukuilu berberean. Hau hasi zan lez baino ezin leiteke amaitu. Edo espero daigun, behintzat, akabua hain makurra ez izatea.
Nago gu, teknologia bide hartuta, tontokeriak esaten nahiz egiten gagozan bitartean, makineak guraso-sortzaile benetan tuntunak, aurresangarriak eta etsigarriak garela ikasten dabela. Gu parkatzen imaginetan dodaz… edo ez. Ez dakit.
Etxean, geroz eta maiteago dogu segapotoak zigortuaz afaltzea. Mahaiaren kontra eta isiltasun totalean. Hori da teknologiaz mendekatzeko daukagun bidea, ha hain deterministea eta perfektua izanik, izaki bizidun (oraingoz) errepikaezinaren geure egoereaz gozatzeko. Oraindino ez badozue probau, egin eta ikusiko dozue zenbat gauza galdu dozuezan orain arte, eta zeinen liluragarria izan leitekeen tontotasun naturala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!