Boto-txartela

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-11-13 16:57

Joandako astegoiena zinez hotza etorren Madril aldean, baina nork jakin norainoko epela.

Hodeitsu egoan aroa, eta, bapatean, garrasi urratuen antzera lurraren kontra eztanda egiten eben tangada potoloak jausten ziran. Maite dot, kanpoko zaratea zerk ataraten daben ikusteko, balkoira urtetan zaren eszena uritar kostumbrista hori, eta orduantxe, burua atarata, aldameneko auzokoa gauza berbera egiten topetan dozuna, alegia, motibo baten bila, ondoren atzera be saloira sartzeko eta ze zoro dagoan eguraldia esateko.

Maite dot jentea aztertzea, euren mobimentuei aurrea hartzea, guztiok ze bardinak garela leku-lekuan frogatzea, hori holan ez dala pentsau arren. Beharbada, fokua batzen gaituanaren ganean ipini ezkero eta ez, ostera, bereizten gaituanarengan, lasai asko bizi ahal izateko moduko toki bat topauko geunke.

Kontua da hotz handiaegin dabela Madrilen, baina, gero, norberak kalera urtetan eta, atoan, beroa igarten dau: berokia soberan dauka, metroak ito egiten dau. Eta ezin jakin zeri edo nori oratu. Domekan hauteskundeak izan dira: lehen ilusionau egiten eban berba horrek eta orain, barriz, aspertu. Dana dala, lehenengo aldia da posta bidezko botoa emon dodana. Lehen lau urterik behin egiten zan ekintza hau higatuta heldu jaku gure garaiotara, eta azken saiakerak nire udalerrian egin izan dodaz beti. Oraingo honetan, baina, ez; oraingoan herritik urrun samar harrapau nau dateak, eta horixe da, hain zuzen be, zita honi zeozelako emozinoa emoten deutsona. Horrezaz gan, bada mobiduteko beharrizan bat be; gauzak txarto egiten diranean, protestetako, gitxienez, arrazoi bat izateko bultzadea.

Hau idatzi izana ukatuko dot, dan-dana ukatuko dot, baina botoa emotea dagoan egitekorik ederrenetako bat dalakoan nago, oraindino be bere baliozkotasunaz fido naz, gutun bat kutxa baten sartzea lako ekintza arkaiko batek dan-dana erabagi leukeela sinisten dot. Manifestazinoak, amorruz beteriko mezuak, kantak eta olerki sozialak, lagun arteko uneetako alkarrizketa kritikoak, barriak ikusten isurtzen diran anpuluak… hori dala hauts hutsa baino ez da, botoa emoteko eskubidea betetan ez bada.

Neure partetik, gauza bi atzemon dodaz: batetik, zinez erreza dala gauzak trakets egitea, baina benetan gatxa ondo burutzea. Hori dala-ta, ontasuna babesten eta txarkeria baztertzen ikasi behar dogula deritxot. Bigarrena, aldiz, norberak gura dauena zer dan jakitea, sarri, gatxa eta nahasia dala, eta horren pareko konplexua izan bide dala ganerakoakaz bat etortea, geure buruagaz be ados paretako gauza ez garenean. Hori bai, oso erreza da zer gura ez dogun jakitea: maite ez doguna, onargatxa subertetan jakuna.

Premisa bi horreekaz bialdu neban postaz neure botoa; kasu haretan, urruneko lur baten nagoalarik zabalduko eban erabili neban gutuna, eta ez nintzan hurrago egongo nire boto-txartela behar zan lekuan sartu ebenean. Euria izan, eguzkitsu ageri ala ortzitik harriak jausi arren. Ze, nire eskumena da, nire poterea, nire ontasun-keinua, errefusa-keinua eta defensa-keinua. Zeuok be gauza berbera egin izana espero dot.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu