Zer dala-ta?

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-11-07 18:06

Erantzun ahantziak. Ez dago ume batek zalantzan jarria izatea baino desafio potoloagorik.

Erronka gatx eta distiratsua da hori. Nire ustez, ume bati erantzuten jakonean, arduratsua eta zintzoa izatea komenidu da. Gainontzeko danak —ipuinek, apaindurek eta itzulipurdiek— ez dabe ezertarako balio. Umeak, sarri, edadekoak baino askoz prestatuago dagoz gauzak ulertzeko orduan, eta horregaitik ez dot uste tuntunak lez tratau behar doguzanik.

Neure burua barruan sartzen dodan azken belaunadi hau babesean hazi eta hezi da, albo baten ostonduta, umeak izateari itxi ostean biziaren kontra musturrez jotera eroan gaituan aire opakodun burbuila  baten barruan. Ez dinot alboratze horren kausea txarra zanik, baina ez dau funtzionetan. Lurreko izarrak izatetik izarrak ikusteraino lur jotera igaro gara. Hori dala-ta, oraindino be ezin dot ulertu segapotora ailegau jatan bideoa; bertan, Espainiar Estaduko uriburu esanguratsu bateko alkatea ume-talde bati zuzentzen jako. Hori, jakina, ez litzake inondik inora negatiboa izan behar.

Hau idatzi izana ukatuko dot, dan-dana ukatuko dot, baina ondo deritxot politikari bat hezkuntza-zentro batera joateari; hori bai, politikatik abiatuta berba egin beharko leukeelakoan nago eta ez, ostera, partidu edo pentsamolde baten dogmea ardatz hartuta, izan be, alkateak botaten dituanak upealakoak dira; upealakoak ez eze, baita arriskutsuak be. Baina umeen erantzuna hain da purua nahiz naturala, hain da bene-benetakoa eta egoerearen alturan dagoana, non batek etorkizunera lasaitxuago begiratu eta ez daben hainbesterainoko egonezina igarten. Nik neuk, sikiera, horixe gura neuke oraindino ez daukadazan seme-alabantzat. Galdetzeko eta erantzuteko lain gura neukez, basakeria batzuk entzutean zeozelako harridura horri eustea, dan-dana zalantzan jarri eta ahotsik ez dabenen alde eurena altzetako besteko enpatia-mailea izatea.

Hortaz, era honetako alkarrizketei aurre egin behar badeutsie, etxeratzean, hausnarketea eskatuko deutsiet, eurek zuzentzako erantzunak emoteko, norbere kabuz ondorioatara heltzearen inportantziaz egingo deutsiet berba. Behinola, Dani izeneko adiskide baten semeagaz bere gurasoen karabanan abentura bat bizi izan neban, eta aste betez beragaz hitz eta pitz ibili nintzan. Umeak zergaitik? baino ez eutsen itauntzen nik esandako guztiei. Behin eta barriro. Zergaitik? Ez naz norberak esandakoez hain kontziente izan, ordutik. Gogoan dot, berbarako, insitutu-sasoian geurera etorritako politikari bati galdera bat bota neutsanekoa: zer dala-ta daukie galarazota ezkontzea homosexualek, danok bardinak baldin bagara? Erantzuna ahaztu egin neban; barri danatatik onena hori da. Aitatu dodan alkate ha bisitan joandako zentro haretako umeek be dana ahaztea espero dot.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu