Letrazalea
2019-11-04 18:39Orduantxe, ezin da eurakaz ez gehitu, ez kendu ez biderkatu. Letraz jantzita dagozanean, zenbaki garaitezinak dira, izen-abizendunak, eskumen oso-osoko zenbakiak, nortasuna daukienak. Hiru dira, bost, hemeretzi. Hogeita hamabi dira, berrogeita bat eta hirurogeita sei. Pertsonak balira, Y bat lepoan ipinteko desio ustelez egongo lirateke, seguru asko; baina ez, zenbakiak dira.
Bai, letrazale amorratua naz. Jaso leikegun guztia barnebiltzen daben unibertsoa hogeita zazpi elementu oinarrizkotara mugatzen da. Imagina batek mila berbak baino gehiago balio dauala esan ebanak, sano gustura geratzeaz gan, argi dago bere bizi osoan ez ebala liburu bat bera be edegi. Orrialde artean gabizenok ondo dakigu, hain zuzen be, ohikoena justu kontrakoa dala: testu egokiaren ganean zuztarturiko berba batek, esaldi nahiz egitura zuzenez atondua dagoalarik, ekialdetik urteten dan lehen eguzki-errainuen pareko efektua dauka; berba horretatik abiatuz sortzen da bizia osotzen dauan kolore-gama zabal hori, garun bakotxa, adimen bakotxa, interpretazino bakotxa eta, batez be, bihotz bakotxa argiztatzen dabena. Errespetetan eta miresten dodan jenteagaz liburu berberaz berba egin izan dot eta obrearen izenburuari nahiz egilearen izen-deiturei jagokenean baino ez gara bat etorri. Gainontzekoa beste eduki bat zan bakotxarentzat. Beste irakurgai bat. Beste errealidade bat. Norberak bere modura jaso eban, bakotxak bere partetik zeozer desbardina jarri ebalako. Gauza handia da hori.
Hautazko pertzepzinoagaz eragiten deuskuen gauzatan gehiago errepareten dogun neurrian, edozein irakurgai be zure testuinguruak baldintzatuta dator: zure ingurumaririk hurrenekoak, bizi dozun momentuak eta, zelan ez, ikusten hasi ahal izateko begiratzeko daukazun aldez aurretiko jarrereak. Ze, liburu baten ez dozu imaginea bakarrik ipinten, kamarea be bai, enkoadrea, argiztapena, castinga, atrezzoa, lokalizazinoa, makillajea eta, sarritan, baita pertsonaien aldarte-egoerea be. Inoz ez deutsat sinisten imaginazino zabala daukala edo sortzaile fina dala esan eta irakurtea gustetan ez jakonari. Premisotako bat faltsua izaten da. Tira, izaten da ez; premisotako bat faltsua da, seguru.
Youtubek, beste behin, erantzuna emon deust: Juanjo Millás handia pantailearen erdi-erdian dago, irakurria neukan eta grazia berezirik egin ez eustan lan baten berrirakurketa bat egiten. Eta, zer esango deutsuet… liburua atzera leiduteko grina kutsatu deust. Suposatzen dot horixe dala Millás lako tipo bat hain handi egiten dabena. Baina zin dagit berak egiten dituan barrirakurketa horreetako bat nahikoa dala guztiari beste begi batzukaz so egiteko: idazten gagozala, idazten gagozalako ikusi ezin dogun hori dana ikusi ahal izateko. Ze, (bar)irakurten dagoan artean, idazten dago. Hain handia da, non sarri imagina baten atzean dagozan berbak be leiduten dituan. Ados, bera beste maila baten dago, horrexegaitik da Millás. Baina egia da eduki ahal dodazan hamar irakurleak idazten nengoalako ikusi ez neban guztiaren ko-autoretzat edo idazletzat daukadazala. Txoferrari, gidatzen dagoan bitartean atzean isten dagoan paisaiari erreparetako ezin eskatu leikion lez, zentzu oro errepidean zehatz jarri behar daualako.
Baina letren moltsokoa izatea ez da hor amaitzen, egia esan. Edozein testuk bizirik dagoala erakusten dau, irakurlez aldatzeko beharrizanik izan ez arren. Nahikoa da beharrezko denporea pasetea. Liburu bera adin ezbardinagaz leidu izan dot eta argi daukat ez zala obra berbera. Urte hareen gidoi artean, momenturen baten, neure biziak lehendabiziko irakurraldian ikusi be egin ez nituan lerroak idatzi zituan. Zentzu horretan, liburu on bat argiak apetak emoten deutsona egiten daben leihoa da, eta jolas horren baitan, bapatean, zeure irudia islatzen dabena. Ordura arte zeure ignorantziaren murruak ikustea galarazoten eutsuna begiztatzen dozu, harago zoaz, baina kontrako bidea be hartu zeinke eta zeure buruaren isladea ikusi eta, jakina, zeure burua hobetotxuago ezagutu. Zeure burua hondo barri baten ganean ikusten dozunez, aurkikuntzea beti izan ohi da behin-behinekoa.
Letrazalea naz ze zure berba bat ni osatzeko lain dala egiaztau dot. Edo gerra bat hasteko. Edo zibilizazino bat erditik apurtzeko. Edo bikote bat. Edo edozein egia apurtezin. Letrazalea naz, ze parkamen hitzarengan sinisten dot. Eta esaten ez dan baina sentitzen dan horrengan be bai.
Horrexegaitik daroat bizi osoa definizinoak bildumatzen, beharbada. Horrexegaitik erosten dot inoz asimiletera helduko nazen baino liburu gehiago. Horrexegaitik saiatzen naz irakurle bakar bat izanagaitik, arren, hutsik ez egiten. Ze, bat ez da gitxi. Ez da egundo izan eta ez da egundo izango. Zoriontsu naz, berbarako, nire inguruko jenteak bizi-kolpeka dinona entzutean, neure testuren bat atxaki hartuta. Zoriontsu naz, zinez gitxi izan arren, esaldien bi aldeatan alkarregaz hainbeste denpora emon dogula kargutzean: alkar ezagutu barik, baina alkarregaz; alkarreaz komunikau barik, baina alkar jagonaz.
Letrazalea naz. Hori dala-ta idazten, irakurten, barridazten eta barrirakurten dot. Sentitzen dodana jakiteko idazten eta barridazten dot; ikasten jarraitzen dodala sinisteko irakurten dot. Behinola izan nintzanaz ganoraz despeditzeko barrirakurten dot.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!