Biziaren bardinketak
2019-10-30 18:35Biziak bardindu egiten dau. Beti. Eta bardinketa handiena guk heriotzea deitzen deutsaguna da.
Jakitunak orekaz mintzo dira, baina nik gurago dot bardinketaz berba egitea. Begiratu zeure ingurura: natureak, hasikeratik, danak enkajetan daben betiereko bardinketa baten kolokau ginduan. Gizakia beti irabazten saiatu zanean, inguru naturala hankaz gora jarten hasi zanean, planetearen nahiz ordena naturalen legeen kontra matxinau zanean… orduantxe hasi zan dana. Beste berba batez: espezie batek kontrola hartzen dauenean, gainontzeko guztia deskontrolau egiten da.
Horrexegaitik, zaharrago egiten nazen heinean, txikerrago igarten naz; gehiago ikasten dodan neurrian, gitxiago dakit; bizian orojakile itxuraz noan bakotxean, gero eta lerdoagoa nazena erakusten dot; lagun gehiago daukadazan eran, gero eta gitxiago dira. Hori dala-ta, zenbat eta gehiago berba egin, orduan eta gitxiago adierazoten dot. Horrenbestez, komuniketea gero eta gehiago da entzuten jakitea. Horrenbestez, gorrotoa zer dan gero eta hobeto jakin, orduan eta hobeto maite(ko) dozu. Horrenbestez, zeure burua zenbat eta hobeto maite, orduan eta hobeto maitatu ahal izango dozuz gainontzekoak.
Baten batek esango dau hau dana paradoxa kontua dala; nik, ostera, biziak emoten deuskuzan bardinketak baino ez dirala. Modu horretan kargutzen gara, jakina, bardinketarik ez dagoan lekuan desorekea dagoala, kaosa, desbardintasuna. Konturatzen bazara, gure organismoaren desenpatea, azken baten, guk gaixotasun deitzen deutsaguna baino ez da. Bapatean, birusek partidua gol zaparrada itzelagaz irabazten dabe eta gainontzeko guztia kakatzara doa.
Hau idatzi izana ukatuko dot, seguru nago, dan-dana ukatuko dot, baina oraindino batzuri gustau ez arren, politikea be erreziprokotasunean oinarrituriko jokoa da: batzuk zeozer irabazi ahal izateko, beste batzuk galdu egin behar dabe. Aberatsek ez badabe gehiago ordaintzen, pobreagoak ezin izango dira ganoraz atendiduta egon; iniziatiba pribaduak ez baditu zaurgarrienak jagoten, baloretan dan edozein estaduk egingo dau. Edo, gitxienez, hori da (benetako, eta ez itxurazko) ongizatearen estaduagan oraindino sinisten dogunon praxia.
Politikea derrigorrezko feedback horretan zuztartzen ez danean, biziak ez dau enpatetan eta, zeozelan, hori frakaso kolektibo bihurtzen da, gizarte osoarena. Horixe jazoten da, berbarako, geure ordezkari ustez ondo prestaduek (baina ez beti prestuek) negoziazinoaren arte zaharrean frakasetan dabeenean. Izan leike, zelan ez, horrek epe laburrera etekinen bat edo beste emotea, baina epe ertain zein luzera begira, barriz, frakasora kondenetan gaitu. B. C. Forbesek (bere izena daroan aldizkari oroz entzutetsua fundau ebanak) modu argi eta garbian islau eban hori: bi zatietako batentzat errentagarria ez dan negozio bat frakasora kondenatua dago nahitaez: bi aldeen ongizatea bermau leiken negozioak baino ez dau aurrera egitea erdietsiko; ez dago beste biderik. Bai, ondo dakit bera negozio-kontuez mintzo zala, baina ba al dago ongizate amankomuna kudeatzearena baino enpresa potoloagorik? Itun bat egunero barriztu beharra dago, egunerokotasunera moldatu eta eskatzen dituan eraldaketak aplikau. Bi parteen adostasun paketsurik eta erreziprokorik bage, negozioa (edo gizartea) pitzatu egiten da, ahuldu, kutsatu eta desegin.
Hau guztia modu horretan dinot, besteak beste, oraindino be jente larregi ikusten dodalako Kataluniako egoerea klasiko bat balitz lez hartzen, Barça – Real Madrid bat bailitzan. Hemen, honezkero, ez dago deus enpateterik, aldamenekoa txikitzea baino; auzia a por ellos edo adéu, Espanya zorrotz batera mugatu da, alegia, alboko partea ahal dan beste zauritzera, goleadaz aurrera egitera edo kunetaren baten botata lagatera, zelan edo halan. Eta, noski, historiak, oraingo honetan be, zera erakutsi deusku, umiliazino edo beheramendu kolektiboak ez dakarrela inongo emoitza onuragarririk; muturreko adibide paradigmatiko lez, hortxe daukagu Versaillesko Itun ospetsua, historia-aditu esanguratsuenen esanetan gerora etorri zan Bigarren Mundu Gerrearen hazia izan zana.
Hemen ez gagoz (oraingoz) urtekera bako muturrekotasun horretan, zorionez, baina alde bien partetik (eta, batez be, baten erruz) daborduko nahikoa akats egin dalakoan nago; nahikoa edo, bestela esanda, mahai baten inguruan benetan enpatetan hasteko beste bai, behintzat. Batetik, errepublikearen adierazpen sinbolikoak dagoz, zortzi segundu eskas irauten dabeen horreetakoak. Bestetik, aldiz, neurri bako bortizkeria poliziala, judiziala nahiz instituzionala beste barik apliketearena botau besterik egin gura ez eban jente ahularen kontra. Seguru asko, modu inperfektuan, halamoduzkoan edo hobetzeko modukoan botau gura izango eben, ados, baina horixe baino ez zan, azken baten: botoa emotea. Izan be, espetxeratze prebentiboek ez dabe inondik inora laguntzen potere-banaketearen teoria guztiak praktikara ekarten, eta bizi dogun espetxeratze-aldi zurrun, abalik bako eta garantia eskasdun honek, barriz, are gitxiago. Kaleak sutan eta beranduegi zein modu kamutsean airera botaten diran akusazino antzuak… diktadurazko erregimen baten bagina lez. Bla, bla, bla. 2019. urtea. Bla, bla, bla.
Eta holan joaskuz kontuak, orain arte. Bere akats propioek setiaturiko Govern (edo Eusko Jaurlaritza) baten yin bakotxeko, are torpeagoa dan Gobernu Zentral baten yang bat topetan dogu; eta beti gertatzen dan lez, akatsen batuketeak lasdaskeria iraukor batera baino ez gaitu gidatzen eta gidatuko. Lardaskeria iraukorrak buztartzen daben bakarra batzuen nahiz besteen frustrazino kolektiboa da, agerikoa dan ezegonkortasun potolo batez harago.
Dana dala, tristeena ez da hori; tamalgarriena da desorekatik abiatzen dan liga erregular honetan inork ez dabela publikoki enpatea proposatuko edo planteauko. Hori eta, prefosta, ez dagoala desorekatik abiatu leiken liga erregularrik, demokrazia deitu deutsien jolas honetan. Enpatea izan leike punturen bat edo beste nahita galtzea, guztiok irabazteko. Horixe da —edo izan beharko litzake— bene-benetako garaipena, balizko ongizatezko gizarte baten. Baina hau ez da balizkoa, hau erreala da; erreala eta, ganera, ongizatezko gizartea, sikiera, ez. Antzik be ez daukan zeozer, egia esateko. Utopikoa da esku artean daukagun honi bikote baten antza emoten saiatzea, ze joko honetan ezin leiteke imaginau norberak bere bikoteari puntutxu batzuk opari egitea, erlazinoak oro har partidua irabazi daian. Ez. Hori ez da pasauko, ze ez dago desorekatik erneten dan erlazinorik. Eta, bien artean, zer egin edo zer esan… epel-epel jagon maite dozuen hori, eta aurrera Katalunia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!