Erlazinoen ‘egoerak’
2019-10-23 19:27Bizia katramilau egiten da. Bera bakarrik. Zu barik. Zeurea dala dinozun arren.
Ez daukazu ezer egin beharrik, beste barik, galdetu bage egiten dau, inongo abisu barik, baimenik edo parkamenik eskatu bage. Lehen errezegia izandakoa, geroz eta gitxiago da orain: zure lagunakaz geratzea, gauez urtetea, koinziditzea. Eta, ostera, lehen gatxa izandakotik ezinezkoen inbentario bat baino ez da geratzen, tatxetan hasi beharko dana: olinpiadatara joatea, edozer gauzatako promesa emonkor eta gazte bat izatea, soul talde baten abestea.
Bai, nor edo nor amesak bete egin behar dirala dinoan esalditxuagaz etorriko jatsu, edo pantaila-hondoan ipinteko moduko beste tontokeriren bategaz. Zu hegan egiten saia zintezke, ados, baina motxileak lurrera lotuko zaituan harriz betetan segiduko dau. Zoragarria da hori —batzutan—; ez, beharbada, gozamenaren aldetik, ardurearen pisu espezifikoagaitik baino. Gure esku dagozan orotariko proiektuengaitik. Gugan sinisten dabeen pertsonengaitik. Geroz eta hondobageak diran gure bizietako trastelekuengaitik. Ageriko arrazoi barik pilatzen doguzan kajengaitik eta kajengaitik. Honezkero erabilten ez dogun arropa-moltsoaz berbetan ez hastearren. Inoz heldu ez zan badaezpada batez berbetan ez hastearren. Beti distantzia berera baina abiadura berberera jarraitzen gaituan oroitzapen-erremolke aleatorio horretaz nabil.
Nahasmen honen guztiaren erdian, batzuok —guztiok esatea itzela litzake, baina gauza zinez jakina da hori ameskeria hutsala dala— ilusinoa ikutu barik eta barri-barri mantentzen dogu. Biziak kostau egiten dauala pentsetan jarraitzen dogu, bai, baina penea merezi be gehiago merezi dauala. Sakatzen gaituanari tiraka egiten jarraitzen dogu. Maitasunaz kokoteraino maiteminduta, bihotzari egundo taupaka egiteari ez isteko erregutzen deutsagu, saiatze horretan bizia irribarre batez emon arren. Eta, azkenean, guzti-guztia arnasten dogunok egi potolo bakarraren oso jakitun gara: urteakaz, maitasunak ez dau logikatik irabazten, baina bai logistikatik. Maitatzea hortxe egotea da. Maitatzea distantziak ezabatzea da. Ospitale-gela batera bisitan jatortsuzanean lez. Lorategia konpontzen laguntzen deutsuenean lez. Obrak be, azken baten, maitasuna diralako, eta ez, barriz, whatsapp-mezu eder horreek.
Gauzak holan, eta materiagaz pasau bide dan neurri beretsuan, esperientziak bere hiru egoeratatik pasau eragiten zaituala kargutzen zara. Ez dira egoera fisikoak edo psikologikoak bakarrik; sozialagaz harreman handiagoa daukiela esango neuke, berez.
Hastapenean, dana izan ohi da gas —gitxi gorabehera— noblea. Moldagarria. Etereoa. Hegakorra. Joan-etorrizko laguntasunak. Joan eta joaneko bikoteak. Bardin deutso zeinegaz nahastetan zaren, ze korapiloak airezkoak dira: hareek deslotzen hasten zarenean, ez dira existitzen, ez dozuz ebagi be egin behar. Egoera horretan, edozein erlazino da ona, gotortzen ez zaituan artean, eskuragarri dagoan espazio oro hartzen lagaten deutsun artean eta, era berean, arnasten isten deutsun artean. Hori beti konserbau beharko litzake. Oxala.
Berehala sortzen dira, ondoren, urezko erlazinoak. Hain likidoak; hain freskagarriak; hain Zweig. Beti jarioan doazan bikoteez nabil, beti water, my friend diranez. Zure ur-ibilbide bera jarraitzen dabeelako eta, zeozelan, zeure ur-emariari on egiten deutsielako, ahaleginez konserbetan saiatzen zaren laguntasunak dira honeek. Gordetan ez dozuzanak, aldiz, beti bigarren mailakoak izan ziran errekasto idorrak dira, honaino heldu izana eskertuko deutsazuenak. Erlazino itzela mantentzen dozun bikotekide ohiak. Uraren etorria lako modu bizkorrean eurakaz harreman oro galtzen dozun jendea. Gero arte, itsasoan ikusiko dogu alkar.
Denporeagaz, hori onartzeak izugarri jodidu arren eta, jakina, hau idatzi izana ukatuko dodan arren, biziak geroz eta solidoago bihurtuarazoten zaitu. Zurrunago. Blokeaduago. Porlanezko. Aluminosiagaz. Baiezko batek geroz eta ezezko gehiago emotea esan gura dau; bizitzeak, ostera, geroz eta sarriago zirt edo zart aukeratu beharra. Derrigorrezkoak saihestezinengaitik ordezkatu beharra. Daborduko hartuak dozuzan konpromisoak eta honezkero behin betiko gordeak daukazuzanak. Ezagutze hutsagaz bakarrik, deskartau egingo dozuzala jakin badakizun pertsonak. Akabuan, alboan daukazuzan pertsonakaz gehien erlazionetan amaitzen dozu; hori, noski, ez da eurakaz gainontzekoakaz baino hobeto konpontzen zarelako, zuri falta jatsun mobikortasun hori eurek be faltan daukiela dakizulako baino. Hori bai, ez zaitez ikaratu arrakalak agertzen baldin bajatsuz; ze, agertu, behintzat, agertu egingo jatsuz.
Emoitzea nire inguruan ari naz igarten, egunean-egunean: beste familia batzuen hondakinakaz alkartuta sortzen diran familiak eta, azkenean, logistikearen erruz bereizten amaitzen dabeenak, beste behin. Diametro oso desbardineko baina finkotasun bereko engranajeak, iraunkorrak eta edozein koipeztatzeren kontrakoak. Erlazinoak, honezkero, ez dira maitasun- nahiz eztitasun-falteagaitik hiltzen, malgutasun-ezagaitik baino. Katalunia eta Espainiar Estaduaren artekoa lez, baina kulpea bota ahal izateko politikaririk bage, pentsauko dau baten batek. Auskalo. Eta, horreez gan, badagoz materiaren egoereari jagokonez hain urrun egon arren, bikain funtzionetan dabeen bikoteak. Kuriosoa barik, logikoa. Eta, batez be, logistikoa. Naturala. Daborduko harriz beteta dagoan ontzi baten ez da harea besterik sartzen, hutsuneak betetako; eta, ondoren, ura; eta, azkenengoz, airea. Hori da dana. Ez dau gehiagotarako emoten.
Harrigarriena zera da, oraindino pertsonen egoera zibilagaitik galdezka ibiltea, askozaz be interesgarriagoa zein erabilgarriagoa jentearen egoera sozialaz arduratzea litzakeenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!