Aireportuetako beirateak
2019-10-21 18:34Ez naz aireportuak sarri zapaldu zalea.
Egia esateko, hegazkina ez da nire garraiobiderik gustokoena. Bertara sartu orduko noraezean eta ze egin ez dakizula igaro beharreko ordu horreek danek estresau egiten nabe; baita ohiko ekipaje-kontrolek be. Ez naz eskua behin eta barriro lepora bota beharraren jarraitzailea, pasaportea edo gainerako dokumentuak galdu ez ditudan ikusteko —aireportuetan, norbere pasaportearen pentsura barik, neurearen esperoan dagoan jentea egongo balitz lez...—; ezta botika hau edo beste hori ganean eroatearen arrazoia justifiketako medikuaren agiria ehun mila aldiz erakutsi beharrarena be. Berandutxuago, batek kontrolak pasau, arnasa behingoz sakon hartu dau eta korridore luze baina istuetan sartzen da, normalean lasai eta beirateetatik so, edo arineketan eta presaka, noz edo noz.
Baina, zelan edo halan, badago Madrilgoa lako aireportu handietan maite dodan zeozer. Txikerretan, ostera, ezer gitxi pasetan dan sentipena daukat, hegaldiak ez dirala jomuga desbardinatara heltzen-edo. Dana dala, Madrilgo Adolfo Suarez aireportuko terminalatan sartzean, aireportu potolo eta hurreko bat aitatearren, hainbeste gauza pasetan dira aldi berean, non ezin ditugun guztiak imajinau be. Behin kontrol danak amaituta eta abioira sartu orduko ordu bete luze batez itxarotea toketan danean, inguruko guztiak adi aztertzeko aukera bikaina egoten da.
Bidaiari-mota piloa dago. Batetik, bakartiak dagoz: hegazkin artean bizitera ohituak dagozanak, atzerrian egoitzaren bat edo bezeroak dituen enpresetako beharginak; normalean, dotore jantzita egiten dabe bidaia, euren maleta baltz txikiakaz. Beste horrenbestetan, business-en joaten dira eta urteten lehenengoak izaten dira. Hegazkinetan ez eze, trenetan edo taxietan be topau geuinkez baina euren arpegierak berberak dira beti, alegia, urrunekoak, aldenduak. Bestetik, ostera, familiak dagoz: gaztetxuak diran baina euren lehenengo edo bigarren hegazkin-bidaia gogoratzeko gauza diran umeakaz doazen bikoteak, zaraten nahiz urduritasunen umezaroko erradiografia hori bizi osoan zehar gordeko dabeenak. Nik urrikimenduz eta miresmenez baino ezin deutsiet begitu. Segurutik, aireportuan zeozer galtzeari jagokonez, pasaportearen ganetik dagoan gauza bakarra umea izango da.
Beste eredu bat be badago: gaztea dan eta taldean paradisoren batera edo bolondres-beharrak egiteko helmugaren batera doan bidaiaria. Urduritasuna ume txikiarenaren parekoa izango dau akaso, baina aditasunez begitu ezkero, hor zeozer egon badagoala kargutu leike: heldutasun-printzaren bat, airera egingo dan goranzko salto horren ostean, joandakoagaz bestelakoa dan nonor bueltauko dala dinoskuna. Neure kuttunena etxera bueltan datorren bidaidea da: hunkidura hori bakar-bakarra da, etxe deituko deutsona edozein izanda be; emozino inbidiagarria da hori eta, era berean, tristeetan tristeena.
Horreez gan, badagoz ameslariak be, geltokietako baztarrak okupetan dituen bidaide melankolikoak, inoz zapalduko ez dituan hegazkinen aireratzeak edo lurreratzeak ikustea gustetan jakeenak, ze bizia hori be bada: besteen bidaiak, jomuga harrapaezinak, norbera inongo sentiduten ez dan itxaronaldi-orduak, besteen biziak aztertzeko erabilten dituenak, batek ulertzen ez dabenari urtenbidea jarteko bide bakarra, sarritan, horixe dalako. Inoz aireportu bateko beiratetik begira topetan banozue, behatu zeuok be. Baliteke, une horretantxe, bizi osoan bila ibili zarien erantzuna topetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!