Basatzatik tontorrera, itsaso eten bat
2019-10-16 12:56Batzutan, eszenatik hanka egin eta desagertzea babesteko beste modu bat da, bi punturen artean dagoan lur zatia ozeano zabal bihurtzekoa, galarrena beti beste ertzean egongo dala ziurtatzeko. Hogei urteen indar inuzenteaz, hankak basatzatan murgildu orduko gailurrera heldu geinkela uste dogunean, nire lagunak beregain eroan istorio luze bat amaitu eban. Benetan egin eban ala ez, oraindino ez daki(t). Ez dakigu. Baina ez deusku ardura. Sarritan, ezjakintasun hori, joandako urteen garbitasun-usain hori da, hain zuzen, esna nagoalarik amesetara itzuli eragiten deustana, bueltan deus espero barik nonor maite leikedala gogora ekarten deustana.
Adiskidearen bizi-esperientzia hartatik zera ikasi neban, maitasuna ez dala egundo amaitzen, bukaezina izan leitekeela; amaitzen, zikintzen eta hondoratzen garenak gu geu baino ez gara, lokatzetan sartzean. Eta, egia esan, ez da ezer pasetan, ze gailurra ez da beti mendiaren akabua.
Nire lagunak Madrilen egin zituan lehendabiziko urteak sano laburrak izan ziran, ia-ia hautemanezinak. Guzti baten pare, osotasun baten gisara gogoratzen ditu oraindino. Baina laster bertaratu jakon nostalgia, zalapartaren erdian bakar-bakarrik eginiko paseoak, beste etxe batzuetara autobusez eta goizaldez eginiko bidaiak, uria amatetan daneko farolen argia: Madril xarmanta ei da, gauak harrapetan dabenean. Denporearen poderioz, inork bere barne-orekea ezbaian jarri barik zinemara bakarrik joatearen plazerra ezagutu eban; pertsona bakarreko mahaidun kafetegietara sartu eta liburu bat irakurtearena; leku berberean gauza berbera egiten egozan pertsonak ezagutzearena; eremu barrietatik oinez egitearena, beste batzuek beraretzat laga zituen lorratzak aurkituaz.
Inondik inora, horixe ei da Madrilgo uritik gehien gustetan jakon gauzetako bat: bere segurtasuna; edonora joanda be, beti zeozer barria, zeozer ezezaguna, zeozer arraroa topauko dozun ziurtasun hori. Horrexegaitik ez deutso ardura lantzean behin bakarrik bizitea, gune erraldoi hori bere altxorraren mapa partikular bihurtzea, bere lubaki igaroezin, bere gauetarako aterpe, danak ganezka egiten deutsanerako etxea dinotson ahotsa.
Hain zuzen be, bertara doazen danei gomendio egiten deutsen zeozer da: uria noberak bakarrik ezagutzea. Inorena izan barik, guztiona ei dan uria dala dino beti. Tira, ados nago, seguru asko, ez da guztion neurri nahiz tamainara egina izango: gatxa da honen moduko uriburu bateko kalapitearen erdi-erdian, handitasunaren txikitasunen epizentroan, pakea topetea. Ez da erreza melodia bat osotzen dabeen notak deszifretea. Neure adiskideari, berbarako, denporatxu luze bat kostau jakon bere isiltasuna hainbeste zaratatara moldatzea, denporearen pauso geldoa inoz lorik egiten ez daben erloju batera egokitzea. Baina lortu eban. Eta, antza, aurkitu ebana, aurkitzen dabena garaipen bat da, gurutze bat mapearen erdian, mendiaren tontorretik baino ikus ezin leitekeen zera hori.
Laguna apurtxu bat ezagutu ezkero eta berak dinozanak tentuz entzunaz, Madrilek bere buruagaz adiskidetu dau. Gaurko egunez, hau esan dabela ukatuko dau, dan-dana ukatuko dau, argi daukat asmauko dabela, modu batera edo bestera, zelan disimulau. Baina kontua da beretzat Madril dala bakarrik sentitzen danean bakarrik geratzen ez dan leku bakarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!