Postu arteko bizia

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-10-14 12:57
Maite dodaz azokak eta apurka-apurka zarratzen doazen lokalek barnebiltzen dabeen tristezia.

Muturren zalea naz. Ez bizitzako esparru danatan, jakina, zirkularrak diran eta azkenean alkar ikutzen amaitzen dabeen gauzetan baino. Neurea, zeozer izatekotan, muturrekotasunen herria da: txikerra da, baina guzti-guztia hartzeko ahalmena dauka. Ez dau altuerarik behar hazteko: bere hedapena barruranzkoa da, pertsonena lez, hazten diranean. Horrexegaitik gustetan jat: beti ez dalako kanpoan bilatu behar batek barrenean maite dauana, ze hori zabaltza batetik bestera salto batez igarotea lako gatxa da.

Muturreko kontuon adibide argi bat hornidura-merkaduena da. Maite dodaz azokak eta apurka-apurka zarratzen doazen lokalek barnebiltzen dabeen tristezia. Denporeak aurrera darrai eta bere eragina guztiongan nabari da, baina badirudi batzuen aurrean geldi-geldirik geratzen dala eta ez dauala aurrea egiten; azken hori birrintzailea da. Ze, batek ezin dau pentsau be egin holako herri baten, bere eraikin altuakaz blai, jente arrakastatsuz nahiz nazinoarteko enpresaz josirik, porrotera kondenatua dagoan zeozer egon leitekeenik. Zelan emon leitekez muturreko bi egoerok leku berberean? Ba, emoten dira, eta zelan emon, ganera. Kontua da, beharbada, hau ez dala hain herri inportantea, eta bere uriak ez dagozala erorketatik salbu. Azken baten, ez garala hain inportanteak; ez gagozala erorketatik salbu.

Horixe pentsetan dot astelehenero, Gernikako merkadu-plazatik pasetan nazenero. Erdiguneko eraikin estalirako sarrerean, emakumezko bik bata bestearen biziaren inguruan itauntzen deutse alkarri, astero; batek eleizatik arestian pasau ez dala errekriminetan deutso besteari, eta azken honek orain zapatu iluntzeatan joaten dala erantzun lehenengoari. Hori dala-ta, azokea da, hain zuzen, euren topagune bakarra. Fruta-dendan, saltzaileak zopa bat egiteko zein tomate eroan beharko neuken azaltzen deust eta bere postutik urtetan da, sasoiko onddorik ederrenak zeintzuk diran argitze aldera.

Arrandegian geldiunetxua egitea gustetan jat, saltzaileak astelehenero joan bide dan adineko gizon bati itsas zapoa kozinetako errezeten nondik norakoak dinotsazen bitartean; gizona, ostera, arpegi itxaropentsuaz urtetan da dendatik, eguerdian sukaldauko daben arrainak izango daben itxura itzela irudikatu guran-edo. Beste agure bat, barriz, harrituta lez izaten dot begira: ez ei da ohiko jente gaztea —oraindino nahiko goiz dalarik eta astelehen buruzuri batez— merkaduan ikustea. Joan orduko, askatasunean hazitako oiloen arrautza-dozena bat erosten dot astero-astero, eta honeek saltzen dituan neskatoari begiatara so egin ezkero, oilook zelako pozkarioz hazi eta bizi diran imaginetera heltzen naz, itsaso urdina hondoan daukan landa orlegidun postal bat bihotzeko erretinetara jatortelarik.

Azoken mikromundu zoragarri horrek irakasten deust, berbarako, bat gauza dala denporeari aurre egiteko, baina baita batzutan biziak iruntsi egiten gaituala be, eta beste leku baten botaka egin; beti gura izan genduanak funtzionetan ez dabenean, batek formaz aldatu behar dau eta beste leku batzutan enkajau. Ez dago ezinezkorik; amesten badozu, badaukazu eta pareko mezu toxikoek ez dabeez luzatu besterik egiten norbere errealidade partikularragaz inongo zerikusirik ez daukien fantasiak.

Hori arazo larria da. Topikoak ondorengo zeozerengaitik aldatu beharko geunkez: amesteagaz bakarrik ez dozu lortuko, baina bidea, behintzat, bizi egingo dozu edo ekitea, honezkero, lortzearen parekoa da. Ez dakit. Holan, agian, lasaiago bizi ahal izatea lortuko dogu. Azokatako bizia lez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu