Eta ez orain lez

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-10-09 13:06

Joan zan egunean, geure Lurregaz osteratxu bat egin neban herrian barrena.

Hezitzaileak gomendioa egin euskun lez, lurrek kaleaz ezelako aztoramenik bage gozetea zer dan jakin daian, paseo lasai bat egin genduan, edozein eratako ezusteak ekiditen dozuzan horreetakoa —patinete zaratatsuatan garrasi egiten daben umeak, berbarako—.

Nire txakurra, askozaz hobeto dagoan arren, etxetik kanpo dagoan guztiaz bildur da. Eta uste dot konprenitu egiten dodala, ze, neuri be, batzutan gauza berbera pasetan jat. Leku batetik bestera artez-artez begira ibilten da, ansiedadez blai, edozein erasoren esperoan. Danok daukaguz geure munstro propioak. Berari begira geratzen naz sarri, eta pentsetan dot neuri be gustauko jatala —batez be, orain— batan batek eskutik oratuta urian zehar eroatea eta dana ondo joango dala belarrira emeki esatea. Horren ordez, baina, telebistea amatetan dot, irratia desentxufau, ditxosozko Twitterra zarratu, konbertsazino debekatuak are gehiago debekatu eta txakurra laztantzen dot, lurrean tripaz gora luze botata gagozala. Neuk be badaukadaz egunak, bere antzean, isiltasunean errealidadean baino seguruago igarten nazena.

Kontua da oinez gindoazala emakume batek sorbaldan ikutu eta bere adin-inguruko emakumezkoantzako arropa-denda bat zein ingurutan egoan itaundu eustala. Informazino ha gogora ekarteko ahalegin bat egin neban eta, ziurtasun handirik bage, noranzkoa seinalau neutson. Sarritan urtetan naz Lurregaz paseoan, ia beti antzeko inguruatatik pasetan gara. Hori bai, ez naz gauza neure herriko negozio txikerrak zehatz-mehatz zeintzuk diran jakiteko; tira, interesetan ez jatazanak, behintzat. Horren ordez, Internet malapartadura joten dot eta baita mapetara be. Saiatzen naz, dana dala, kontzientzia soziala ahal dodan gehien lantzen: liburu-denda apaletan, fruta-denda partikularratan zein elikagai-denda lokalatan erosiaz. Baina hori ez da inondik inora erreza, ez badogu behaketa edo obserbazino zorrotza praktiketan. Hori dala-ta, behin, segapotoa etxea lagatea erabagi neban —Lurren zorionerako, ze ez da munduaz fio pantailara so nagoanean— eta betiko lekuatan txoko barriak deskubritea.

Modu horretan topau neban beherapenean egozan altzarien negozio bat; garajeatarako giltzen kopiak egiten ebezan lokal bat; umeentzako arropen denda bat, eurantzako izkinatxu bategaz, folioakaz nahiz margoakaz; alderdi politiko baten sedea; aire librean egoan saskibaloi-kantxa bat; hazien eta parekoen denda ekologiko bat; reikia zein pareko tratamenduak eskaintzen dituan zentro bat; egun osoan zehar animalientzako jatekoa emoten dabeen makina dispensario xelebre bat daukan fotokopia-denda bat; Erdi Aroko oroigarriak edo antzeko souvenir-ak saltzen dituan dendatxu bat; arropa-konponketarako lokal bat, eta abar luze-luze bat. Galdetzen badeustie, erantzuten jakin gura dot.

Guztiok txakurren parekoak bagina, behatzaileak eta artezak, geure izatea errotik eraldatuko litzake, nik uste: askozaz sensibilidade finagoa izango geunke eta geure inguruak doi-doi ezagutuko geunkez; horrek izaki bildurtiagoak izatea ekarriko leuke, baina baita poteretsuagoak izatea be. Beharbada, beste hainbeste gauzaren artean, horixe da behar doguna: bildurrari aurrea hartzeko, behatzea. Lurrek lez, lurra zinez ondo ezagutzea, indartsu zapaldu ahal izateko. Begiak tinko zabaltzea, bildurra galtzeko eta geure burua —geure— mundua jagoteko besteko kapaz ikusteko. Eta ez orain lez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu