Hil egin nozu, Zalla

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-10-07 12:24

Zelako anestesia, hemen, hain urrun, maitea.

Distantzia ausentzien araberakoa ei da... Eta zelako distantzia barikutik hona, zelako saltoa denporan, denpora-salto txikerra. Ze arraroa dan dana, zapaltzen dodana eszenatoki bateko taulak ez diranean; nire esku arteko usaina mikrofono izerdituarena ez danean; ze arraroa monitoretik norbere ahotsa ez entzutea, aurrean dagozanen lotsea, irribarrea eta, batez be, zoriontasun arpegiak ez ikustea. Baretasun-eza igarten dot, besoa luzatu eta zu ikutu ezina, betiko alkarregaz egon behar ziranak betiko alkarregaz egongo ez dirala kargutzean. Barikua zidorrean barrena desagertu barri dago, gugan fresko dago oraindino, baina momentu honetan errealidadeaz daukadan pertzepzinoa bestelakoa da: ames eroso baten gotortuta egongo banintz lez, betiko hiru kantak entzunaz, testigu baina interprete izanaz, ezinezko lekuetan alkar bilatzen, desiozko kateaz lotuta.

Joan zan egunean, batan bateri entzun neutson, etxetik urrun lo egiten daben bakotxean, hotza izaten dauala. Eta, zer esan, ni neu be hotz naz gaur, maitea. Goizeko zazpiak dira neure ohean eta ordu bete baino gehiago daroat izarrik, gora begira, zuri begira. Pertsianearen zulotxu artetik filtretan diran argi-errainu igeskorrak alkarregaz ipini genduzan kortinen bestaldean daukadaz ikusgai; hain zuzen be, deskantsetako jarri genfuzan, alkarregaz ames egin ahal izateko, dana ahazteko eta dana gogoratzeko. Baina hori ez ei da nahikoa izan, bizia beti dabil-ta presaka, beti dago gogotsu. Autortzen dot: lantzean behin, begietara begitu eta su-eten laburtxu bat eskatzen deutsat. Baina horrek ez dau ezertarako balio, ez dago tregoarik; maite dot hori.

Bueltak baino ez dodaz emoten, pantailearen aurrean gotortu, bariku-gau ha gomutau. Izara artetik askatu, begiak sendo zarratu eta bisaia garbitu ostean, herri nazkagarri honetako kotxeek errotondatan bueltak zelan emoten dituen ikusten dot, guk eszenatoki ganean emoten genduzan lez: zoratu beharrean, alkar bortxatu beharrean, azken eguna balitz lez. Astegoien bakarra igaro da, baina ezin naz ordutegi betiko baina barri honetara ohitu, beharrak derrigortu arren. Ondo nekian lehendik be egunak zelakoak izan bide diran, batek lo oso gitxi egiten dauenean —eta ez logura falteagaitik—.

Ze, nire biziak modu horrexetan funtzionetan dau: nire min hau ulertuko daben eta, halanda be, ikaratuko ez naben lekuen bila nabil uneoro. Bertan, negar egiten deustie, baina baita maitatua izan arte besarkatu be. Eta bi ekintzok inongo bildur barik. Hori dala-ta, lekuotako negar-anpuluok batzen daroat bizi osoa, baina baita lekuotako besarkadak neure paparreko motxila baten gordetan be; eta lekutxu bat atontzen dot maletean eta zuri-zuri dagozan folioatan, batek hotza atzean isten dabenean, nekea upealakoa izanda be, zelako pakea sentiduten dauen azaldu ahal izateko. Barikuan lez.

Lagun batek esana eustan Lyonera bizitera joan beharra izan ebala, Kordobatik halabeharrez alde egin behar izan ebalako. Berben eta lekuen inportantzia, Alex, zuk ondo dakizu, esan eustan, begiak lanbrotuta. Joan bezain pronto, bere esperoan jesarri nintzan ia-ia ordu betez, hain urrunera bidean egon arren, tren-geltokiko nasatik atzera bapatean noz agertuko. Eta orain, taula ganetik bajatu eta hiru egunetara, dan-dana ulertu deutsat: bizitzea ez da aurreranzko mobimentu bat, gu geu gara, zirkulutan ibilita, babesean sentidu ahal izateko txoko epelen baten bila. Nik neuk, behintzat, leku hori Zallan topau neban. Berben eta lekuen inportantzia, Alex, zuk ondo dakizu.

Hau idatzi izana ukatuko dot, guzti-guztia ukatuko dot, asmauko dogu zelan disimulau. Zalla, beste urte batez, hil egin nozu. Antitristezi-pildoretan, lo egin ezinean, kafe beroetan edo gau luze(egi)tan, beti maite(ko) zaitut.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu