Radetzky Martxea
2019-10-03 19:07Isiltasuna komenigarriena danean, pakea aspaldi apurtu dalako da.
Isiltasuna norberak autoinposatua danean, ostera, berbek balio izateari aspaldi itxi eutsielako da. Oraindino oinaze handiagoa sortuarazoko deuskuen alkarrizketatatik igesean gabiz. Dan-danok. Aspaldidanik nabarmentzen ez genduan azal fina ligortua da honezkero; iritsi da azal-gabezia, daborduko, ez baitago azalik hor, azalean. Gogaituta gagoz guk jakin beharko ez genduzan gauzez itaunduak izateaz. Baina, egia esan, aizu, eta zuk zelan ikusten dozu? bakotxaren atzean sufrikarioak nahiz ansiedadeak alkarbanatzeko beharrizan kolosala baino ez dot ikusten; hori eta benetako erantzunak topetako desio erraldoi bat.
Hori dala eta, guztiok errefuxiatu bihurtzen hasiak gagozalakoan nago. Ez, ez nabil gerra-gatazka bat medio euren sorterria halabeharrez laga beharra daukien personen drameaz; ez naz mintzo, egun, kasik inoren ahotan ez dagozan horreetaz, egunerokotasunetik zokoratuak izan diralako. Baina, aizu, egia da puztuz doan beharrizan bat igarten dodala alkarrizketa, eretxi zein diskurso jakin batzuetatik errefuxiatzeko. Gatazkatik aldentzeko. Paketan egoteko. Piano-doinuzko estalpeak topetako.
Hau idatzi izana ukatuko dot, guztia ukatuko dot, baina aterpeak bilatu beharra dago. Uneoro zorrotz identifikauta izan behar doguz. Eskuragarri. Hur. Izan leiteke baten batek hau ostrukaren estrategiatzat jotea, ekintza ardurabako bat lez. Burua mantapean sartzea eta, holan, munstroaren existentzia ebidente hori ezeztea. Dana dala, niretzat zinez derrigorrezkoa da, ia-ia hil ala bizikoa, bunker ideologiko, politiko eta metaforiko bat izatea. Zerua bonbaz josi arren, egundo harrapatuko ez zaituela segurutzat joko dozun horreetariko bat. Gauzek personek baino gitxiago ardura daben izkina bat. Hor kanpoko guztiak historikoa edo esanguratsua zertan izan ez dauan baztar bat. Benetan insanoa dana, hain zuzen be, egun osoan gatazkara zabalik egotea da, ansiedadera, ziurbakotasunera, zalantzara, egunean-egunean inguruan nozitzen dogun artegatasunera. Ze, osterantzean, intensidadez hilko gara danok.
Bai, badakit honek pentsamendu fribolo edo ergelera deialdi bat emoten dauala. Izan leiteke. Baina, niretzat, zeharo kontrakoa da: epe luzeaz barriro kontziente izatea da, gauza zinez bitalak etxera sartzen ixten doguzanak diralako eta, gainontzeko dana lez, honek be atetik betiko urteten amaituko dauelako. Azken hau guztiz egiazkoa ez izanagaitik. Onerako ala txarrerako, bardin deutso. Samuel Taylor Coleridge sinesgogortasunaren borondatezko etenaldiaz mintzo zan. Etenaldi horren beharrezkotasunaz. Behin pentsetan jarrita, artikulu hau Kit Kat-ek babestu ahalko eustan. Berandu. Betiko antzean. Tira.
Harrigarria da aterpe politikoa eskatzen lehenengoa dirua bera izatea. Hortxe daukie, estalpe eske. Nire aburuz, horixe da beste erreferenduma. Inongo hautestontzirik bakoa. Botetako papeleta barik. Nazinoarteko aztertzailerik edo karga polizialik bage. Eta, halanda be, hau gainontzekoak baino askozaz antidemokratikoagoa da. Egia da bakotxak norbere dirua gogo santuak emoten deutson lekuan daukala. Oraingoz, sikiera. Baina beteten ez dala uste dodana persona bat - boto bat dikotomia da. Hori, eta sufragio unibertsala. Gaur egun, utopia dirudian arren, gehien daukazuna baldin bazara, gehiago botetan dozu. Edo zeure botoak gehiago balio dau, hau da, txanpon berberaren beste aurkia.
Edozelan be, dirua ez da bakarra izan, zorionez. Mota nahiz klase orotariko familiak politikaz libre dagozan espazioak sortu guran dabiz, mahaiganekoak osogai deseroso horretaz libretako, XXI. mendeko kea bailitzan, hots, bat baino gehiagori eztula eragin leikion kea eta, beste kea lez, lurrazaletik metro bi beherago eroan ahal gaituana. Honek, berbarako, Whatsapp talde frankoren heriotzea ekarriko dau. Eskerrak.
Izan be, badagoz horretaz baino mintzo ez diran lagunak, hoba dalako horretaz berbarik ez egitea. Badagoz eguraldiaz hitz egitera mugatu diran koinatuak. Badagoz maitatze hutsera mugatu behar izan diran maitaleak. Ze, alkar maitatzea isilik egoteko bide bakarra da, gitxiago komunikau ordez gehiago egiten dozuna.
Benetan gomendagarria dan beste aterpe bat gailuak amatatea litzake. Orain egun batzuk, Steve Wozniaken esaldi distiratsu bat aditu neban: makina bati erakutsi ezin deutsazun gauza bakarra zuk ha amatau zeinkela da. Lantzean behin segapotoa amatau behar dogula. Telebistea. Ordenadorea. Sare sozialak. Hainbeste zarataren kontra. Hainbeste azken orduko. Hainbeste aktualidade. Eta, behin aterpe horretan, piano-doinu gozo bat jarri gerrara bueltau orduko, Radetzky Martxa bat, bentanea zabal-zabalik lagaz.
Niri ondo funtzionetan deust holakoatan neure jenteari barrea eragitea. Bai, ondo dakit ni clown mood horretan sartzea ez dala munduko konturik errazena sarritan, baina, beste horrenbestetan, lortzen dot. Eta, kontuz, ez dot eurek besteko ondo egiten eta! Egolatra trebea nazen aldetik, nigaitik egiten dot. Ze, euren irribarreak —edo irribarreak, oro har, bere bersinorik merkeenean— bateriak errekargetan deustaz. Horregaitik, nonork pailazo hutsa nazela esaten deustanean, hori egia ala guzurra dan hausnartzearen edo berari bueltetako burla handiago bat pentsetearen ordez, zera erantzuten dot: esker mila, baina ez dakizu norainokoa. Maite dodan nonor lur jota, goibel, hasarre edo arduratuta ikusten baldin badot, bata bestea baino handiagoak diran tontokeriak botaten dodaz; hori, munduak ondo dakian lez, dezente egoki emoten jat. Bata bestearen atzetik. Ez naz geratzen bere ahoa apurtxu bat, behintzat, luzatzen ikusi arte. Barretxu bat, ez besterik. Nahikoa jat horrexegaz. Nahikoa jako horrexegaz. Nahikoa jaku horrexegaz.
Eta, ez, ez dot deus eskatzen bueltan. Ze, opariek ez dabe inongo itzulkinik exijitzen. Mesedeen parekoak edo antzekoak dira: bolondres egin eta hareek sortzen daben efektu positiboagaz, daborduko, bueltan jaso beharrekoa jasoten dozu.
Kontziente naz, izen-abizenik emon ez arren, badagoala jentea azken horrek molestau egiten deutsona. Danak molestetan deutsona. Ez daukadala inongo kriteriorik, hau idaztean harropuztu egiten nazala. Ez dodala ikasten. Astun hutsa nazala. Tira, banoa nire aterpera, egundo sartuko ez diran estalpera. Hartzak lez, negu gorritik hibernatzera. Lozorrora. Piano-doinu leun hori baino entzun ezin leitekeen izkutalekura. Radetzky Martxea baino aditzen ez dan sarrera bako gordelekura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!