Gorreriaren inguruko ikuspegi bat
2019-10-02 17:36Hau dana berandu heltzen diran gauzak hasten diran lez hasi zan.
Behar ebana baino lehenago, dinoe batzuek; 2010 aldean, beste batzuek. Bardin deutso. Kontua da guztia gor bategaz hasi zala. Ez, ez nabil entzumen-galera bat daukanaz. Beste gorreri baten harira nabil. Gortasun boluntarioaz. Fatala dan horretaz. Entzun leikenaren baina honezkero entzun gura ez dabenaren gorreriaz. Ikusi ahal dabenaren baina honezkero ikusi gura ez dabenaren itsutasunaz. Norbanakoon benetako gabeziek ez dautza begiatan edo belarriatan, apur bat gorago baino; gorago eta, batez be, atzeragotxuago.
Lehendabiziko gorra, seguru asko, nonor esanguratsua izango zan; eragin handikoa, gitxienez. Ze, beragaz batera, beste hamaikatxu gor batzeko gauza izan zan. Pertsonongan hainbesterainoko eragina eta gerizpea sortzea erdietsi eban, non entzuteari istearen arte doilor baina hedatura biltzeko konbenzitea lortu eban. Jarraitzen eutson orok ideen mutilazino kolektibo horregaz bat egiten eben; horixe da, hain zuzen be, garunek usteltzeko daukien biderik zehatzena, atzera bueltarik ez daukana. Burmuinak, izan be, otzara bateko fruten parekoak dira: gizarteratzean, askozaz arinago usteltzen eta alperrik galtzen dira. Gatazka bateko lehenengo biktimea ez da egia, lotsea baino. Nonork galdu egiten dau eta, orduan, dan-danak balio dauala dirudi; nonor horrek behinola lotsea izan ebala zeharo ahazten dau eta kitto, beste barik.
Ba, badakizu zer? Ez doguz ezertarako behar, pentsauko eban gor aitzindariak. Entzutea gainbaloratua dago. Eta munduari entzutea, are gehiago. Ez dau penea merezi, ez denporea alperrik galdu eurakaz negoziazinoan, etorriko dira-ta bueltan. Ganera, dan-dana probau dogu eta historiaren erlojuak bere akabua markau dau. Badirudi gor aitzindari hau dala erloju horreri kordela emoten deutsona, erloju hori hare gehiago ala gitxiagoz beteten dabena eta bera dala, ondorioz, kordela edo harea emoteari isteko eskumena daukana; gainontzeko guztiona be badan karta-moltso hori berak gura daben puntuan ebagi ahalko baleu lez.
Holantxe hasten ei dira lehenengo norgehiagokak. Behar baino isiltasun gehiago sortuaz. Ze, isiltasunak eta isiltasunak dagoz. Txarto ulerturiko isiltasuna zaratasuena da usu, inkomunikazinora daroaskuna, aurreretxira, ignorantziara. Eta isiltasun hau, behinik behin, benetan txungo horreetarikoa zan. Alkarrizketea eteteak musturren aurrean daukazun subjektuari zeure printzipioen gelaurrean egoteko eskubidea kentzea deritxo. Ez da denigrazino fisikodun ekintzea bakarrik; horrezaz gan, gitxiespen psikologikotik be badauka. Ez dau hurkoaren askatasunaren aurka eraso egiten bakarrik; horrezaz gan, bere duintasuna ezabatzetik be badauka.
Adi, baina! Ze, aldameneko hori ez zan ezelan be errubakoa izan, ez horixe, eta are gitxiago inpartziala. Gitxinaka-gitxinaka, izan be, gorreria erreziproko edo elkarkariak sortzen joan ziran. Gortasun-mota hau zinez kutsagarria da, harekiko daukazun distantzia edozelakoa izanda be. Baina, hori bai, kutsaturiko adimenak zenbat eta txikerragoak izan, orduan eta arinago mugitzen zan, abiadura bizkorragoaz eta erraztasun zapaltzaileagaz hedatzen zan.
Ez gaitue entzuten, aizu, ba, entzungo gaitue, pentsauko eben. Eta, holantxe, injutizia endemiko eta kroniko izatera pasau zan; bi berbatan: guztiz bilaterala edo aldebikoa. Dialogoaren profesionalek dialogeteari itxi eutsenean, dana jodidu zan. Herritarrok, jausten ari zanagaz, inongo aterki diplomatiko eta politiko barik geratu beharra izan genduan, haundiena esaten ebanaren menpean, berbea barik ganora bakoa zan edozer erabilten ebanaren gerizpetan. Hori gabinete politiko halamodukoenak be badaki, bai ondo jakin be. Azken baten, botuak lortzeko talentu edo eskarmentu politikoa falta danean, intolerantzia edo malgutasun-eza beti etorri ohi dira ate joka. Azken bi horreen inguruan sano adituak gara euskaldunok, aberriaren sortzaile eta defendatzaile kamutsok.
Baina, jenteak, orduan, kalera joteko hautuari ekin eutson. Beno, egia esan, baeroan ordurako denporatxu eder bat kalera urtenaz, pentsetan ebana lau haizetara aldarri egitera. Aro hartan, baina, are sendoago egin eban. Eta hori zeharo ulergarria eta normala da. Txo, entzuten ez banau, beharbada, ikusten ez naualako izango da. Joan gaitezan, ba, ezpanak irakur leitezkeen lekuetara; orduan, akaso, diagnostikau bako gorreria daukiela kargutuko dira-ta. Gizarte —ustez— zibilizadu eta aurreratuek martxa baketsu moduan psikomatizetan ditue gatazkak. Begiatatik sartzea eskatzen dabeen garrasiak dira. Entzun behar dituenak entzun ahal izateko.
Erantzun zuzen bakarra alkarrizketea ei zan. Guztiok espero genduan erantzuna zan ha, denpora luzez emotea falta izan zana. Dialogo analgesikoa eta debate antibiotikoa, edozein gizarteren zinezko izurriteen kontra. Demagogia. Guzurra. Zuri-baltza. Nigaz ala nire aurka etenik bakoa. Absolutismoak. Maila masiboko iruzurra. Danak bost piper ardura izatea. Baina ez. Justu kontrakoa izan zan. Erantzuna isiltasun gehiago izan zan. Gatz gehiago zaurientzako. Horrek, jakina, gaixotasuna larriagotzea baino ez eban ekarri.
Hau idatzi izana ukatuko dot, dan-dana ukatuko dot, baina uste dot dezente argi geratu dala Ebroz goitiko nahiz behetiko agintariek gorreria soziala deituriko makalezia larria daukiela. Orain dala asko emon beharko geuntsien baja inboluntarioa. Argi daukat. Ze, gu ez gara sintomak edo albo-ondorioak baino. Izan gaitezan, behingoz, geure buruakaz zintzoak. Guk, herritar guztiok, luzaroan barrenetik bidea egin daben prozesino baten parte gara, eritasun honen pustulek kaleatako tentsinoen, auzokoen arteko deskalifikazino edo borroken, biolentzia fisiko zein berbaldunen, familia-eztabaida larrien, geure buruari egiten deutsegun itaun potolo(egi) horreen edo egunkariatako titularren moduan eztanda egin dabeen arte. Izan be, gauzak kanpotik itsusi jartzen diranean, barrutik denpora luzez txarto egon diralako da sarri. Eta, orain, dana beranduegi heldu dala dirudien honetan, herritarron gehiengoak bere burua dialogoa egundo gura izan ez ebeenen eta dialogetea ondo ez jatorrenen artean zokoratuta igarten dabelakoan nago. Eta, orain, jaun-andreok, zer egin?
Gertatzen dana gertatzen dala, nik neuk gauza bana argi daukat: lehenengoa, bizikidetzarako hain bitalak diran demokrazia edo legezkotasuna moduko kontzeptu bi gatazkan sartzen diranean, horrek esan gura daben gauza dala bakarra gauzak are itsusiago parauko dirala; bigarrena, ostera, gatazka batetik urtetako behar dan zinezko botikeagaz jo artean, ia nor izango ete dan frustrazinozko pastel hori guztia kudeatuko daben artistea. Frustrazinoa, noski, alde bikoa da: balantzearen bi alboatan dagozanak ezagun ditut, biak ala biak oso hurrekoak diralarik, eta ez litzadake gustauko errealidadeak biatako edozeineri upealako hostia bat emoterik. Baina, urteotan ikusten nahiz bizitzen egon naz eta, hortaz, jakin badakit batan batek —edo biek— kokoteko itzela harrapauko dabeela. Gu albo-kalteen ontzian noraezean gagozala, barriz, zer esanik ez. Pantailean geure burua ikustera kondenauta dagozan pelikula bateko protagonistak lez gagoz, euren balizko akabu bakarra eskasa dalarik.
Ez dago Saramago lako orojakile bat izan beharrik horretaz kargutzeko. Aspaldidanik barrikada bihurturiko pitzadura honen alde banatan, honezkero, jente larregi dago begiratzen ez daualako ikusi ezin dauana, eta aditzen ez daualako entzun ezin dauana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!