Zuzentasunez gorroto zaitut
2019-09-30 17:32Gure gizarte hau galarazoten daben guztitik gaixo dago.
Horrexegaitik existiduko dira, akaso, gorroto-delituak. Nik, askatasun indibidualen defendatzaile sutsua izanik eta, ondorioz, galarazopenaren kontua zaman ez aurrera ez atzera lotzen jatanez, nonor gorroto izateak txarretik zer daukan itauntzen dot, modu zuzen eta errespetuzkoan egin ezkero. Bestela esanda, ia gorrotoa kontu benetan negatiboa ete dan ala eureri guk holan ikustea interesetan jaken.
Baina, hasteko, kikil edo herabeentzako disclaimer txiker bat, nik ez dot inor gorroto edo maitasuna dan gauza politagaz lako aferakaz datozen horreentzat: lehenengo eta behin, sinisten hasia nago ezinezkoa dala maitasuna zer dan jakin ahal izatea, ez badozu gorrotoa ezagutu edo jasan; bigarrenez, ez dakizu zer galtzen dozun, ze badago mugidu eragiten deutsun gorroto-mota bat, uneoro adi-adi egonarazoten zaituana, inoz imaginau be egingo ez zenduzan gauzak burutzera bultza egiten deutsuna. Bi berbatan: maitasuna lez. Horrezaz gan, gorrotoa bortizki sentitzea maitasuna bortizki sentitzeagaz zeharo bateragarria da; beraz, zergaitik muzin egin? Azken baten, bakotxak gura dauana egitea daukala. Niri danatarik probetea gustetan jat eta, horrenbestez, gorroto dodana be ezagutu dot eta, bai, ezin gehiago gorroto dot; modu bidezkoan, hori bai. Pertsonakaz be, ildo berean. Zer egingo deutsagu, ba… gizakiak gara.
Hori dala-ta, modu zuzenean gorroto zaitut. Kontua ez da zu mundutik desagertu zaitezan gura dodala, baina bai, ostera, neure bizitik. Zuregaitik aldentzeko eskubidea daukadala dinostan distantzia horrengan sinisten dot. Kontuz, ez deutsut inongo txarrik opa, baina ezta inongo onik be, ez deutsut guzurrik esango. Autortzen dot: poztu egiten naz gauzak txarto joatsuzanean eta amorrua sentitzen dot zulotik urtetan hasia zagozala entzutean. Bai, egundo asmau beharko ez ziran gauzak dagozala uste dodan neurri berean, ez dot ulertzen zu moduko nonork zer dala-ta egin behar ete daben aurrera bizian. Era berean, jakitun naz nitaz bardintsu pentsauko dozula zuk be eta, seguru asko, horretan datza honen danaren magia: alkar desio ez dabeen bi izaki guztiz desbardinek egunero-egunero alkar ikustea aguantau behar dabeela eta kadentzia horretan biziraun behar dabeela dinoan oreka inperfektuan.
Ni zuretzat indiferente izatea be guztiz posible da, jakina: nire existentziaz kargutu be egin ez izana eta nik ardura be ez izatea. Kasu horretan, asko sentitzen dot zugaitik, ze ustekabetasunak eskaintzen deustan abantaileagaz noa. Gitxien espero dozunean, nire gorrotoak oharkabe harrapatuko zaitu. Modu zuzenean, bai, baina hurreratzen igarri barik. Egun horretan, ba, danatarik pasauko da: izan leike zuk be ni gorroto izatea, itzulera-efektu latz batez. Hori izan ohi da normalena. Emoten dau zelanbateko arau unibersalen bat dagoala, gorroto zaituana gorrotau behar dozula dinoana. Dana dala, izan leike zu apurtxu bat gehiago ezagutzea eta nire zuganako eretxia aldatzea. Hori be noz edo noz pasau izan jat. Oso gitxitan, ez gaitezan engainau. Azkenik, izan leike deus ez pasetea. Zuk ni ignoretan segiduko dozu eta nik zu gorroto izaten. Zuri ez deutsu bizian eragingo eta niretzat erregaia izango da, seguru asko erre eta ezereztu egingo nauana, baina upealako indarra sorrarazo ahalko deustana, era berean.
Enegarrenez, hau idatzi izana ukatuko dot, dan-dana ukatuko dot, baina zuzentasunez gorroto zaitut. Legeak moldagarriak dira, baina beteteko ei dagoz. Hortaz, hau ez da mehatxu bat, egiaztapen edo baieztapen bat baino. Arren, ez ezazu txarto hartu. Sinple askoa da: danok behar dogu antagonista bat gure bizian, izan gura ez dozuna ikasiko deutsazun nonor. Moduren baten, behar zaitut eta, zu existiduko ez bazina, zin dagizut asmau egin beharko jatsula. Zer egingo neuke nik nire ustezko lagunakaz zu kritiketerik izango ez baneu, zu larrutzerik, imitetan zaitugunean lerdo ahotsa jartzerik edo zuk —ustez— esandakoak anplifiketerik, distorsioneterik, desmonteterik eta birmonteterik.
Orduantxe izaten da, nire zuzentasunezko gorrototik, alkarrizketea lagaten dodanean. Orduantxe konturatzen naz zugandik gorroto dodazan gauzatako franko nire buruarengandik gustetan ez jatazan berberak dirala. Orduantxe da zuk pertsona gorrotatua izateari isten deutsazunean, nire buruak aldatu ezin izan daben erraten katalogoa izaten hasteko.
Eta ostera be gogoratzen dot zuzentasunez gorroto izatea ezinezkoa dala. Gorrotoak, aldez edo moldez, irrazionala behar dabelako izan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!