Ze ondo irakurten zaitudan
2019-09-26 20:08Bai, egia da oraindino irakurle dezentek bereizten gaituela, baina geure momentua ailegetear dago. Azkenean. Bazan ordua. Esku artean nik idatziriko testu bat edo gehiago daroazuz; neure biziaren zuri-baltzezko inprimakiak, honezkero zeure egin dozuzanak. Alkarregaz igaro genituan eta ikusi ezin nituan ordu luze hareek danak. Eskutik oratuta eta begiatara nire ukabilatatik urtendako paragrafoak lerroz lerro nahiz berbaz berba xuxurletan eroan ninduzun egun hareek. Alkarregaz sentiduten genduan egun hareek.
Ze ondo irakurten zaitudan. Bioi akabubakoa egiten jaku pareko ilara hau. Zuri, bertan itxaron behar dozulako; niri, ostera, zuk merezi dozun lez ezin dodalako disfrutau. Gente larregi, pentsetan dot beti, emon neban gitxirako. Maitazarre gehiegi bata bestearen ostean lerroan parauta. Beti gauza berbera. Beti bardin. Bai, ondo dakit ez nazala ia-ia autorea bez, badakit ez daukadala blog bat ez dan beste inon intentso jarteko inongo eskubiderik. Badakit ez daukadala intentsotasun hori dana nire testuren batengaitik dala pentsetako ezelako eskumenik. Irratiaren errua izango da, beharbada; baietz, gehiegi, adiegi eta sakonegi entzuten dodala aspaldion, badakit. Baina udazkena geurera ailegetan danero hau ez dala proportzionala kargutzen naz. Batek letren formeagaz emoten dauana, besteak istorioen formatuan jasoten dabenaren truke. Zuon istorioak. Zure istorioa. Zure egia. Eta, bai, udazkena, honezkero, sartu jaku etxeko ataritik.
Hainbestetan itxi nozu zur eta lur. Ospitaleko ordu latz hareek laburtxuagoak egin jatsuzala kontau zeunstan hartan lez. Nire lerro ironikoren bat barre apur bat egin ahal izateko geratzen jatsun bakarra ala autortu eustazunean lez. Istant ilunen batetik salbau eutsuela esan zeunstanean lez. Inspirau egin eutsuela, indarrez bete, edo beste barik aurrera egiteko gogoa emon. Baina baita hau lako beste ilara baten zeure laranja erdia ezagutu zenduala kontetera etorri zinanean moduan be. Gaur bezala. Orain bezala. Nik idatziriko esaldi ha tinta baltz-baltzez zizelkatu barri egoala, tatuaje ha erakustera hurreratu zinanean lez. Neure berbak zeure azalean. Neuk idatzirikoak zeugaz egurrezko kaja baten sartu arte izango zenduzala. Edo, osterantzean, zeure biziko pertsonarik inportanteenak nik idatzitakoak irakurriarazo eutsuzala.
Baina ze ondo irakurten zaitudan. Bihotzez. Liparra heltzear dago eta, azkenean, arpegia deszifretan deutsut: emozinoak neurritsu gordeaz edo argiz josirik, maiz; beste nonora edo norbaiti so, beste horrenbestetan. Eta sinistuko ez dozula jakin badakidan arren, anteojo baltz honeen atzean ostonduta ipinten dodan arpegia zeurearen berbera da. Bai, gaur be anteojo baltzak jantzi behar izan dodaz, begiak diran ispiluari izara ikustezin bat emoteko. Ez dot zu ez zaren beste inor sartzerik gura, ez dabe sartzeko inongo merezimendurik egin. Hau idatzi izana ukatuko dot. Dana ukatuko dot. Asmauko dogu, zelan edo halan, ze modutan disimulau.
Beste batzutan joan eragin zaituelako baino ez zara etorri. Bardin deutso, azken baten. Kontua da segundu gitxiren buruan agian inprobisau egingo dozun ala bestela prestauta ekarriko dozun esaldi hori esan ahalko deustazula, eta ni, betiko lez, mutu geratu beharko nazela, burura jatorten lehenengo astokeria zezelduaz, lerdokeria bat dan arren, ha entzuteko itxaron behar izan dozuzan bost segunduak eskertuaz. Gurago neuke erantzunak arinagotik atonduta izango baneukez, dinotsat behin eta barriro neure buruari, ohera sartzen eta argia amatetan dan une horretantxe. Baina, dana dala, ez eustien holan be funtzionauko, beti isten nozu-ta CR7 horrek Championsean gola sartzen dabenean lez: jokoz kanpo. Nik, barriz, zure burua ordenadorearen aurrean ipinteko, testu bat leiduten jartzeko eta holan ni bisitetan etorteko ze balentria egin ete dodan behin eta barriro itaunduko deutsat nire buruari, erantzunik jasoteko ames barik.
Eta heldu da, behingoz, unea. Imaginetan genduana baino lehenago iritsi da. Akaso, zeure aurrean egoazanakaz ez naz merezi dabeen besteko ondo portau, zu hor atzetxuan zengozala nekialako. Izan leike. Hainbeste maite dozun testu hori musturren aurrean jarri deustazu berehala eta zeure izena galdetzean baino ez dot asmau. Holantxe, izotza apurtzeko, zeozeri hasikerea emoteko lez. Eta ez dakit post-it horreengaitik, kolore beilegi biziz azpimarraturiko esaldi-sorta mardulagaitik edo irakurten emondako ordu piloagaitik dan, baina testuaren folio horrek orain pisu izugarri handiagoa daukala dirudi. Orrialdea edozein esaldi tuntun eta halamodukoren bategaz lohitzen deutsudan artean, zuk kontetako gogoa zeunkan hori kontetan deustazu. Eta horixe da gure egunean-eguneango priseak eta leku danatara ordurako heldu beharrak hainbesterainoko amorrua emoten deustan momentua. Une horrexetan joasku denporea hegaz.
Orduantxe da, hain zuzen be, erlojua gelditu eta zuri galde egin gura deutsudan istantea, kontatu gura deustazun dan-dana kontetea eskertuko nekizun segundua. Baina denporeak sakatu egiten deusku, premietan edo etetan daben neurrian. Biok dakigu gure biziatako ilaratan jente gehiago dagoala eta nire sinadurea —ustez, behintzat, bila etorri zaren elementua— daborduko badaukazula. Beraz, orain arte esku ahurrotan hertsi oratuta izan dodan orria bueltau deutsut eta ni leidutearren eskerrak emon, gehien maite dodana egin ahal izatearren eskerrak emotearen parekoa dana, hau da, sentiduten dodana ezagutu ahal izateko letrak nire bularraren epelean jostearen kontu antzu hori.
Zuk, barriz, barretxua itzuli deustazu, eta nire kaligrafia traketsa deszifratuaz kalean behera urruntzen zoazen artean, gauza bana baino ez jat okurriduten.
Ze ondo irakurten zaitudan.
Eta ze txarto emoten jatan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!