Etor zaitez
2019-09-24 18:37Bizitzea aho biko ezpatea da. Zure hazur bakotxagaitik burua galtzea, honezkero, ez da balizko aukeratako bat.
Batetik, alkarbizitzeagan barriro sinistu eragin deustazu. Eta horrek ez zaitu lotsarazoten. Nire korapilo oro erreztasun iraingarriz askatu ostean, lehen gatazkea, bakarrizketea eta areriotasuna baino ez egoan hamaka bat ehuntzeko erabili dozu. Gauza berbera behin eta barriro errepikatzea aspergarri izatetik berezko abentura bat izatera igaro da. Ze, izan be, ez da egundo (guztiz) berbera; ze, izan be, zu eta biok ez gara egundo (guztiz) berberak izango. Hori gitxi ez, eta nire egunerokotasuna gauza hain ez-mundutiarra bihurtu zenduan, non ha azaltzen saiatzea bera be benetako putadea dan. Ia ezinezkoa, esango neuke. Gu gagozan denporan egon beharko ziran eurak danak be, gu gagozan lekuatan eta gu gagozan lez. Eta saiakera horrek, hain zuzen be, magia guztia suntsituko leuke, inongo trikimailu edo azpikeria barik lantzen dozun magia hori; hori bai, niri inoz trukoaren azalpenik emon bage, ze zeozerk dinost inongo trukorik ez dagoala, ez dagoala azalpen posiblerik eta, hain zuzen, horretan datza misterioa deitzen deutsen zera igeskor hori.
Bestetik, nire begiek zeureekin tupust egin ahal dabe ia-ia edozein unetan eta hori bai dala, zeozer izatekotan, irrealidade-dosi doi bat. Ze, etorkizunean, beharbada, hau idatzi izana ukatuko dot, baina hau guztia irreala eta, batez be, ez-ohikoa dalakoan nago: hainbeste edertasun, hain zehatz kontzentrauriko horrenbeste ontasun, hainbeste poztasun, hainbeste konplizidade. Egunen baten konturatuko naz hau ez dala niretzako; zu izeneko amets ezti baten zatia baino ez dala. Ni zure ezpanatatik jaitsiarazotea erabagiko dozun egunean, ikusiko dozu zelako ostiatzarra jasoko dodan. Igarriko dozu. Baina, ordura arte, eta hori jazoten ez dan artean, zure ausentziez gozatzen jarraitzeko asmoa daukat, ia-ia zure gaur hemen naukazuez baino gehiago. Ze horreetako bakotxak bere barne-legedi propioa dauka; horreetako bakotxa alkarrengandik oroz ezbardina da. Gaurkoan, gu bion arteko metroak areagotu ziranean gertatu zana kontauko deutsut. Gaurkoan, zu ez zengozala ze pasau zan azaltzen saiatuko naz.
Zu ez zengozala, gauzek euren noranzkoa galdu eben. Zu ez zengozala, edozein gauza bizibarritzen dauan kolorezko mamuak iges egin eban. Grisa gorri barria bihurtu zan, orlegi barria, urdin barria. Ez egoan begiatara zer bota, nonork argia eroan ebalako. Gerizpe luzangaz margozturiko konkor isilak non-nahi. Zuk laga zenduan apurraren zuri-baltzezko fotokopia merke(egi)ak. Dana zeure itzulerearen esperoan egoala emoten eban, lora-potin zarratuak udabarriaren zain balegoz lez. Ordulariak pausoak narras eta halabeharrez gidatzen eustazan. Segapotoko ordua izoztu egin zan. Zeure itzulerearena, ostera, makila batetik dagoan azenarioa balitzan. Ah, eta zeozer benetan inportantea: munduaren akabua abesti bihurtu zan.
Orduantxe izan zan beste gauza batzuengan pentsetea deliberau nebanean, nire burua haizebarritzea, oso okupatuta dagoanaren plantak egitea. Dan-dana alperrik, egia esan. Nire idea bakotxa, lineako autobusa balitzan, zirkulu zentrokidetan bueltaka egoan; bira piloa emonagaitik, beti jatorrizko geltokitik eta helmugakora doan makinea lez.
Zuri telefonoz dei egiteak be ez eban deus konpondu, kalteak areagotu baino. Bapatean, zu zeozeren bestaldean zengozala konturatu nintzan eta ni, barriz, zure irribarrearen influentziatik nahiz jurisdikzinotik urrunegi. Dana dala, hondora benetan eroan ninduan berunezko aingurea telefonoa eskegi beharra izan zan. Goizetik gauera, amatau egin nintzan, muturbaltz eta zaputz bihurtu; munduak estafau egin ninduan, existitzen zinala jakin orduko bezala. Ez da aho-zapore gozo posiblerik, zu agurtu ostean datorrenik.
Azken baten, baliteke zugandik urrun nagoala jakitea munduko esperientzia bitalik eskasena izatea, baina, esperientzia eskas danatatik, seguru asko, onena da. Bizigarriena. Ze, hortik aurrera, ez dago hobetzen joatea besterik. Ze, hurreratzea bi punturen arteko biderik laburrena da eta alkar barriro topo egitea, ostera, Giza Eskubideatan (oraindino) jaso ez dan obligazinoa.
Gainontzeko dana, igarriko dozun lez, itxaronaldi, eldarnio eta delirio hutsa da. Ez besterik.
Joder, etor zaitez behingoz.
Txoko honetako irakurle apurrek baina leialek eskertuko deutsue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!