Ez zaitez nahastau
2019-09-17 14:18Ez zaitez nahastau: ezerk ez dau nahikoa ardura, osasunik ez badago.
Zure bizia bere momenturik gorenean ez dagoala uste badozu edo hasarratzeko edo deprimiduteko eskubidea daukazulakoan bazagoz, egizu osteratxu bat edozein UCItik. Bestela esanda, inportantea prisazkoa dan eta urgenteak inportau dauen lekuotatik; egunaren hasierea nahiz akabua eguzkiaren argia ez dan beste edozerk marketan daben lekutik. Paseotxu bat baino ez da: seguru nago bizi zaren lekutik hur batan bat izango dozula. Zoaz bertara, egizu berba bertan topo egiten daben sendiakaz, edegi zeure belarriak. Laga euren dramak kontetea, biziten dagozana eta hori biziteari isteagaitik emongo leukiena. Eta, ostean, kontauko deustazu.
Geure burua esanguratsutzat daukagu, zeozerk edo nonork ospitalera bialtzen gaituan arte. Leku zinez bereziak dira osasun-etxeak, gure ibilbidearen hasikerearen nahiz akabuaren kabi. Oinaze mutuen hotelak. Inork entzun gura ez dituan garrasien bizitoki. Txarto egoteko eskubidea daukazula eretxi badozu, benetan txarto egon ez zarelako da. Ez badozu egundo urgentziatan gau bat igaro, oraindino ez dakizu benetan sufridutea zer dan.
Beti pentsau izan dot geure bizitzako benetako maitasuna osasunaren atzean ostontzen dala eta ezinezkoa dala ha ezagutzea Osasuna mapatik aldentzen dan arte. Zeure laranja-erdia ezin da pasinoaren edo desenfrenuaren sasi-oinarri halamoduzkoatan lerrotu. Horreetariko franko topau leikez bizian, eta jakina, asko topetea opa deutsut, zeure onerako. Baina, hori bai, zeure biziko osogarri berezi hori irudikatuko dauen personea eroan naizu ospitalera esaldiaren atzean gordetan dala uste dot. Ganerako guztia, merkeago ala garestiago, ordaindu egin leiteke. Ikusmolde honegaz, beharbada, guztiok emagalduakaz edo taxistakaz ezkondu beharko ginake. Edo, akaso, gu danok apur bat urdangak eta taxi-gidariak gara. Auskalo.
Ez zaitez nahastau: ustez bikainak izateari ixten deutsagunean, ikusi ezin baina oso hur geunkazanak begiztatzen jakuz eta berez urrun egozanak baina hur ikusten genduzanak, ostera, are gehiago urrundu. Gaixotasun larriak, guzur-detektagailu bikainak izateaz harago, beranduegi edo goizegi heltzen dira. Holakoxea da osasuna: bere ausentziagaitik baloretan dogun altxor igeskor hori, joana edo amatatua danean baino ez dogu-ta ikusten.
Azken baten, jagoten dogunak egiten gaitu. Bizirauteko beste bat behar daben gorputz baten ahuleziak aldamenekoagazko dependentzia zehazten dau, baita geure gizarteratze-mailea be. Ahulak dira, hain zuzen be, gure indar-mailea adierazoten dabenak; txikiagotzen diranak dira handi sentiarazo ahal deuskuenak. Hiruko erregela horri men eginaz tratetan doguz menpeko diranak, edadetuak, gaixoak, umeak. Zenbat eta hobeto alkar jagon, orduan eta urrunago egongo gara ankerkeriatik zein zentzubakokeriatik. Gizakia(goa)k bihurtuko gara. Hori dala-ta, onartezina begitantzen jat batzuk jo eta ke tematzea, osasunaren nahiz menpekotasunaren auzia diru-kontu banala dala behin eta barriro esanaz. Ez da inondik inora diruzorro kontua, ez horixe.
Ez zaitez nahastau: ez da beste politika bat gehiago. Existidu beharko litzakeen politika bakarra da, munduko diru guztia faltauko balitz be, beste guztia albo itxi beharko bagendu be. Baina osasungintzea ez. Osasungintzea negoziaezina da. Bardin deutso egungo gobernua indarrean dagoan ala zein sistema etorriko dan geurera. Bai, berorren ganetik eta bere lau aginte-urteen ganetik dago. Bizirik ez badago, ez dago ezer. Beraz, sar daizala berorrek osasungintzako murrizketak bere ipurdiaren eta kotxeko narru garestiaren artetik. Osasungintzea ez da ikutzen, izan be, murrizketa batengaitik hilten bagara, orduan ez gara hilten, hil egiten gaitue. Eta hori, noski, benetan danaren arabera epaitu beharko da: genozida baten moduan.
Ez dot ezelan be onartzen eufemismoakaz etorterik kontu honetaz nabilela: kuadeaketea pribatizeteak jentea kalera botatea esan gura dau. Eta ganerakook beste leku batera begira geratzea gura dabe. Bien bitartean, marea zuriz bustiriko uriak dagoz, osasun-etxeatan behar egin gura daben langilez josiak. Erietxeotan, barriz, itxaron-zerrenda akabubakoak dagoz, bezero bihurtzeko baliabiderik ez daben pazientez blai.
Txina zaharrean, medikuek euren soldatea biztanleria osasuntsu egoanean baino ez eben kobretan eta, ondorioz, dirua jasoteari isten eutsien jentea gaixotzen zan edo epidemiaren bat jasaten eban bakotxean. Politikariakaz be aplikau behar geinke hori. Nonork sendatzea edo tratetea itxaroten dagoan herrialde honetako paziente bakotxeko, politikariei euren soldatako dirutzatik kendu.
Modu horretan, osasungintza publikoaren auziak ez leuke sinpletasunetik irabaziko. Bai, ostera, urgentziatik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!