Zeozer idazten dozu

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-09-07 19:52

Zeozer idazten dozu. Alkarbanatu gura dozun zeozer.

Munduko intentzinorik onena daukazu, holan zeure hare-garautxua emongo dozulakoan; ahal dan neurrian, laguntzen zabizelakoan. Horretan datza alkarbanatu aditzaren handitasuna: alkarbanatzea ezelako itzulerarik bage zer edo zer emotea da. Hori dala-ta, eskribiduten dozunean, jasoten dozun hori ereiten eta lagaten zagoz.

Zeozer idatzi eta nahasten zabiz. Hasteko, zeure barreneko zeozer. Onestasuna bilatzen dozu, gordintasuna, zeure buruari iruzur ez egitea, zeure egia —beste edonorena zertan izan ez daukana, baina beste edonorena besteko benetakoa dana—. Izan leiteke egia hori topetea, edo ez. Hori bai, argi daukazu zure kontzientziaren eskaparatea ondo garbitu beharko dozula, zinez gardena nahiz leiala izan daiten, atzean dagoana ikusten laga daian, barruan dagoana ikusteko; horretarako aukeratzen dozuz zure ideak larregi iluntzen ez dituen lerroak, deformazino profesional kontua, seguru asko.

Baina enigmea korapilotu egiten da, hurkoa be nahastau zeinkelako, zeozer idazten dozunean. Publikau egiten dozulako, jakina. Anplifikazinoaren botoi ahaguztidunari sakatzen deutsazun liparrean, ezagutzen ez dozun eta ezagutzen ez zaituen milaka jenteren eskuetara pasetan da. Gehienak hortik zehar dabiz, osteran, eta zeure testu xume horregaz gura barik egingo dabe tupust. Jausten dan jentea. Botaten dan jentea. Azken horreek, normalean, faltea erreklametan dabenak dira.

Zeozer idazten dozu. Eta egundo idatzi dozun alkarbanatuena bihurtzen da. Edo ez, bardin deutso. Baina, puntu horretan, zeozer idatzi dozula konturatzen zara, jentea zeuri idazten hasten danean, alegia. Irainak idazten deutsuez, zeure beharra ezbaian jarri, zeure izatea beste barik gitxietsi, pertsona bihurtzen zaituan hau zuzen-zuzenean basatzara bialdu. Baina, jakina, zure burua filantropotzat dozu, argi daukazu, eta bizian beti saiatzen zara jaso dozun guztia baino bersino hobea eskaintzen. Ez dakizu horrek pertsona on bihurtzen zaituan ala, hobeto esanda, papardo hutsa zaran.

Akusazinoak be idazten deutsuez. Zure iraganean, arkeologoak baliran, indusketa-lan zorrotzak egiten ditue, idatzi dozuna inkoherentziaz zikintzeko. Berbetan zagozana ez ezagutzeaz salatzen zaitue: ez dakizula zer dan karrera bat ordaintzeko arazoak izatea, zure gurasoek ez dabeela txarto pasau niri eduki dabeen dana emoteko, ez dabeela euren osasuna, ongizatea eta erlazinoa sakrifikau horretarako, ez dakizula zer dan ganorazko ogibide bat izatea, ez dakizula doban beharrean hastea zer dan, edo negozio bat hutsetik abiatzea, eta abar, eta abar, eta abar. Eta bat irakurri behar, eta beste bat, eta beste bat. Eta ostera hastera. Idaztera. Depresinoan sakonago erortzeaz harago, poztu egiten zaitu akusazino horreek danak zugaitik izateak, ze arpegira botateko eskura eduki dabeezan gauza danatatik zure biziaz daukien ignorantzia erakusten dabeenak hautatu dabez.

Zeozer idazten dozu eta inmoral deitzen deutsue. Gerora kargutzen zara, azken baten, zeure pekaturik handiena egiten dakizunaren truke diru —apurtxu— bat irabaztea dala. Beraz, poztu egiten zara eta kamisetea serigrafiara bialtzen hasi: inmoral bat naz.

Baina, itxaron, ze zeure buruaren alde kanpainea egitea be leporatzen deutsue. Eta nik neure buruari itauntzen deutsat ez ete dan hori, hain zuzen be, eurek beren erantzunakaz egiten dabena. Ez ete da horixe gure ahootatik berba egitean burutzen doguna? Gero, zelan ez, badagoz esan dozuna esateko inongo autoridade moralik ez daukazula dinoenak. Posible da, zelan ez, arrazoia izatea. Baina, egia esan, hori besteegan autoridadea bilatzen dozunean jazoten dana da, eta ez zeure buruarengan.

Zeozer idazten dozu eta kalean, goizaldeko hiruretako whatsapp lotsati baten, parrandaren batean zein liburutegian eskerrak emoten deutsuez. Bardin deutso pertsona bi, hamar ala hogei diran. Bat ez da gitxi. Zeure idazkereagaz lagundu deutsazun nonor da. Daborduko, ezagutu zaituen pertsonak. Daborduko, ezagutu diran pertsonak. Argi gorri danak isiotuta daukiezanean, larrialdi-urteerearen bila dagozanean, zeure berbakaz sendabelarrak ereiten dituenak. Lagunak. Aingeruak. Anai-arrebak.

Hori dana zeozer idaztearren pasetan jatsu.

Zu idazten hasi orduko danak hain lasai egon diranean. Zu idazten hasi orduko hain lasai egon zarenean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu