Esku barik

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-08-27 13:39

Eskuak jakako partikeratan sartuta dituala, bizikletan doa mutila.

Lepoa luze-luze eginda, bizkarra zuzen, bizikletan baino emoten dau kabriolet baten atzeko aldean tente doala. Arineketan doa. Arinegi. Gurpilak lurreko zuloren baten sartu ezkero, bapatean nor edo nor bat agertu ezkero —ume bat, garaje batetik urteten dauen kotxe bat…—, mutilak ez dau erreakzionetako astirik izango. Gaztea zarenean sano gatxa da arriskuak ikustea. Gaztetan normala da zulo, auto eta bildurren ganetik hegan egitea.

Denpora luzea pasau da bizikletan esku barik joan ez nazenetik, baina ezaguna egiten jat neska-mutil gaztetxuek erakusten daben bertigo falta hori, ausardiaz mozorrotutako oharkabetasun hori, amildegira salto egiteko inertzia hori. Geuk be, gazteagoak ginanean, sarerik bage egiten genduan salto, baina arriskuaz otu barik. Adin kontua da. Zahartzen goazen neurrian, geroz eta bildur handiagoa daukagu eta edonon ikusten doguz arriskuak.

Seguru asko, dan-danok daroagu barrenean gazte bana eta zahar bana; beharbada, onena bien jarrerak konbinetea litzake: geure burua babesteko kapaz izan, baina, era berean, bildurrak beragaz dakarren paralisia gaindituaz. Guk, izan be, bi jarrera horreek gura dogun lez konbinetako aukerea dogu: bizikletan esku barik ibili edo, badaezpada, eskilarak jaisteko barandeari oratzea aukeratu geinke.

Baina munduan persona askok ez dauka halako urtenbiderik. Amazonia, Siria nahiz Venezuela daukadaz buruan. Zelan kendu leku horreek guztiak burutik, aspaldion ikusiriko irudien ostean? Hango ume eta gazteak daukadaz gogoan. Nagusien begirada daukien gazteak, umeak. Nagusien bildurra zein mina sentiduten dabe, munduak amildegira bizikletan eta esku barik salto egiteko agintzen deutsien bitartean. Eta neska-mutil horreen kasuan, ganera, ez dagoz arriskuan euren gaztetasunagaitik, mundu honen ardurabakotasunagaitik baino. Gabonetako azken opariak erosi bitartean besteen bizitzea mesprezatzen dauen mundu zoro eta ergel honen erruz baino. Esku barik eta balaztarik bage maldan behera doan mundu hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu