Zentzunez

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-08-09 17:26

Ez dot ulertzen Ertzaintzeak arriskuzko egoerei aurre egiteko gomendioen harira erne dan polemikearen zati bat.

Eraso sexisten inguruan sortu dan hipersensibilizazinoaren baitan —bai sensibilizazino naturala, bai interesekoa—, gomendio horreek sortu leikien ondorioen inguruko hamaikatxu irakurketa nahiz eretxi ikusi dodaz. Nik neuk, sikiera, logikotzat eta zentzuzkotzat daukat jente gitxiko orduetan leku bakartietatik —ahal dala, behintzat— ez ibilten saiatzea edo ezezagunakaz zitarik ez lotzea. Ezin dot ezelan be ikusi kontu horreen gerizpean sexu-eraso baten biktimea erasoaldi horren sasi-arduraduna edo, bestela esanda, hiruzpalau burubakoren parekoa bihurtzen danik.

Itxi, arren, adibide bat jarten, hori azaltze aldera: opor-sasoian lapurretak saihesteko egiten diran ohiko aholku zein jakinarazpenek ez dabe nahitaez adierazoten zu kanpoan zagozala etxean sartzen baldin bajatzuz eta zuk neurri horreek aplikau ez badozuz, lapurretearen erruduna zu zeu zarenik. Ez jat garunean sartzen etxean alarma bat ez izatearren balizko lapurreta baten arduraduna norbera dala uste daben jentearen ikusmolde makabro eta ilun hori.

Gaizkilea eta erruduna, argi esan daigun, bere ekintzei jarraiki agertzen jaku, eta ez, ostera, bere biktimenen arabera. Behin hau azalduta, begibistakotzat joko dogu etxeko gaztetxueneri euren azken generazinoko segapotoak ezezagunen aurrean ez erakusteko esatea, gure alabei leku jakin batzuetatik ordu jakin batzuetan ez pasetako eskatzea edo gure amamei euren etxeko portalera ezezagun bat atzean daukiela ez sartzeko ohartarazotea. Beste kontu bat da, jakina, benetako hezkuntzea erasotzaileakan, hau da, gizonezkoakan egin beharra dagoala, hortxe datzalako arazoaren muina.

Baina, dana dala, guztiz ebidentea da —oraindino be— segurtasunerako ertz horreek danak gogora ekartea emoten dauena baino askozaz beharrezkoagoa dala. Danok ganoraz informauta gagozala ontzat emoteak ez dakar arriskuen inongo murrizketarik; arriskuok zorrotz identifiketeak, seguru asko, bai. Zentzunez jokatzea, guri gehiago ala gitxiago gustau, ez da matxistea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu