Diosala

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-07-29 15:50

Koldo Izagirrek bikain itzuliriko Idi orgearen karrankea-n, Victor Hugok Euskal Herriari buruzko kronika arraro besteko laburra (laburregia) idatzi eban.

Gauza frankoren artean, besteak beste, alkarri agurra edo diosala egiteko euskaldunon ohitureaz mintzo zan. Harriduraz aitatzen eban, mendian egoala, dan-danek egiten eutsela agur, guztiek euskeraz, eta atoan ikasi ebala euskeraz erantzuten, otua zalako, antza, euskaldunei euskeraz agur esan ezkero, esker onez erantzuten ebela. Baina kontua ez da horrenbeste hizkuntzea bera, ez bada hurkoa ikusi orduko, zelan edo halan, hari begirune modukoa azaltzeko bulkada hori. Bulkada ederra, bide batez esan daigun.

Baina zer dala-ta esan agur ezagutzen ez dozun hari, mendi puntan topau ezkero? Ba, beste barik: errespetua, atxikimendua, begirunea, hurkotasuna erakusteko. Bizikletan sarri ibilten garenok sano ondo dakigu usadio horren barri, beti esaten deutsagu alkarri agur, eskua oralekutik kenduta. Ohitura polita da, ezta?

Hori bai, ez da bardin subertetan gaur egun oso bogan jarritako kirol ugaritan; berbarako, runningean, non jenteak hurkoa topetan dauen, berak lako praka estuakaz, alkarri inongo kasurik egin bage. Baten batek esango dau hori zeharo normala dala: ezagutzen ez dozunari arpegira begiratu be egin barik pasetea. Baina niri halako karrankea sortzen deust, zer nahi dozue esatea. Zeozer telurikoa izango da, beharbada; bizitzearen ikuspegi erromantikoa, ez dakit... baina zer ete da bizitzea erromantizismo barik?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu