Gomutak
2019-07-24 17:44Gitxi egin deutsuet berba preso dagoan nire lagunaren lehengusuaz, Xabierrez.
Gaur irudi batzuk ikusi dodaz, ostera, eta berataz gomutau naz: hiru katxalote lo eta euren inguruan murgil ugerrean, barriz, urpekaria. Zintzilik, ezerezean parauta egiten dabe lo katxaloteek. Pazko uharteko moaiak emoten dabe: buru karratu, larru pitzatu, erraldoi. Ikuskizun ia-ia onirikoa da, itsasoagaz zerikusia daukan dana lez. Orok dauka lurrin futurista bat, zelan edo halan, postapokaliptikoa.
Ur misteriotsua, mehatxuz josia, eta haren baitan zilarrezko izaki igeskorrak saldoka. Erdian, aldiz, harrizko izaki baltz harrigarriak, lo eternal baten irudi. Katxaloteak, baleen moduan, gu erbesteratu baten moduan ikusten ei ditue lagunak eta bere lehengusuak. Begiei so egiten deutsenean, euren buruakaz egiten omen dabe topo. Bestela esanda, gu garan izaki ikaratuakaz.
Arima bakartua oskol (gogorregi) baten, eskafandran bizi dan gizonaren pare. Traje astunegiak munduaz aldentzen dau, alperrik egiten dau berba, ez deutsagu deus entzuten, ez deutsagu txintik ulertzen: zer esan gura deusku bere zakur begi horreetatik? Zer esan nahi deusku han, narru ligor eta gantz tona haren azpian datzan izaki ia humanoak?
Liluraz begiratzen deutsagu, mendea iraungo geunke halan, ha besarkatzeko desira konpulsiboari ezin eutsiaz. Haregaz bat egin Le grand bleuko Jaques Mayolek lez, itsasoaren abismo ilunean desagertu, maitasun amniotiko erabatekora bueltau. Ez deutsuet nire lagunaren lehengusuaz ia inoz berba egin. Ez da akordetan ez nazalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!