Kresalezko katedrala

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-07-18 20:56   Musikea

Barriro be, lortu dabe.

Argazkia: Tom Hagen | Ikusi handiago | Argazki originala

Joan zan domekan, 2019ko garagarrilaren 14 okre batez, geure ezpanek belarri batetik besterainoko luzerea hartu eben eta gaur, eguena, oraindino ezin dogu irribarre hori ebitau, Berri Txarrak-ek eskeini eban kontzertu gogoangarriaren harian.

20.000 bat abelburu ginan arrastiko 20:30ak aldera kontzertu-eremua lepo eginda geunkanak, 25 urte baino gehiagotan aretoak duintasunez, negar-anpuluz eta, batez be, doinuz josi dituen horreeri eta euren bilakabideari omenaldia egiteko amesez. Agerlekua bera be ez zan inondik inora makala: Bilbao BBK Live jaialdiko eszenatoki gorena. Lekunberriko taldeak euren ibilbide musikala gorabeheraz ganezka egoan setlist magikoan sintetizau eban, bertaratutakoen ilusino oro asebetetako bestekoa. Gauzak ondo egiten zagozala dakizu, berbarako, kontzertuaren hasikerea zein akabua zeure azken albumeko kantu bigaz egiten dozunean, denporeak xurgatu ez zaituan eta atzean geratu ez zaran zantzu.

Broken Brothers Brass Band taldeko partaideak izan ziran ekitaldiari hasierea emoteko arduradunak, gaueko bederatziak eta laurenak aldera; erdiguneko ikusleria zur eta lur itxi eben, bapatean erdiko pasabidetik abiatu eta eszenatokiaren erdian amaitu ebenean, bidean Katedral bat, Biziraun, Maravillas nahiz Ikusi Arte pertsonalizaduak jo ostean. Oraindino San Ferminetako zapi gorria ekarren parranda-gerlariren bat edo besteri keinu eginaz, jai-kutsua emon eutsien agerian egoan agur zaporeari, batan batzuk tarte txarangero hori behar baino arintxuago igarotea gurago izanagaitik.

Eta, supituki, gaueko hiru protagonistek bere egin eben agertoki osoa: Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David González baloia jokoan ipinteko prest egozan. Inor gitxik espero eban Beude trotoia izan zan ikuskizuna abiatu ebana, beharbada, taldeak areto edo plaza ertain zein txikietan daukan ibilbideari keinu egin guran. Gelaneuria izan zan, dana dala, —eurek zein neuk— barruan gorderiko ansiedadeari atarabidea emon eutson pilula zehatza, kantu hori konposatze aldera, seguru asko, beharko zan ansiedadea eta, jakina, gau ha ahazteko beharko doguna. Hori bai, Kobetamendi behingoz saltoka jarteko Jaio.Musika.Hil danbatekoa beharrezkoa izan zan, birika hutsera koreaturiko koru laburrakaz batera.

Ikusleak eskertu ostean, Kobetamendi aldera hurreratzeko barroteak zulatu beharra eukiezanak gogora ekarri zituan frontman nafarrak, Izena, izana, ezina oroz ezaguna bide hartuta; distantzia suntsiezina da, baina kartzelatako hormak danon ahotsakaz pitzatu ziran, hemen gaude ahozgoran errepetiduten genduan artean. Alex Sarduik bere etxeko sofatik be jantzan egingo leukeen Spoiler!-en transizinoaren ondoren, kolaborazinoen txandea heldu zan. Lehenengoa Willis Drummond, Ekiza edo Erabatera lako proiektu sendoetako Jurgi Ekiza lapurtarra izan zan, gaueko kolaborazinoatatik gitxien balorau zana, zoritxarrez, eta ez merezimendu faltegaitik. Upelako mailea emon eban Ez dut nahi hardcore-dosian agudo abestu eta, berebat, hankak arin-arin mobiduteko, notak boxeolari batek lez astinduz. Arpegian, ostera, urduritasun-keinu argia eta lekutara joan jakon afinazinoren bat edo beste. Azalera urteteko, Etsia baliau eben eta hiru letra xume erabilirik, norbere senaren barrenera salto egin genduan Ez-en hasikerako na-nara, nara, na txiro baina aberatsagaz. Headbanging espansiboa abian zan.

Behin ikusle guztiak bertaratuta, asanbladea abian ipinteko tenorea heldua zan. Zeinek esango eban Deabruak Teilatuetan talde mitikoko Aritz Mendieta tolosarrak urteak daroazala eszenatokiatatik at... Bere mobimentu espasmodikoak eta altu sonau eban Iraultza txikien asanblada erraldoiak diskoan baino gorputz eta pisu handiagoa hartu zituan zuzenekoan. Interludio txikerrak Zertarako amestu-gaz batera etorri ziran, guztiok eta zergaitik ez amestu pentsetan genduan neurrian. Euren zuztarrei fidel, Libre inoz baino pisutsuago jo eban power trioak, distorsinoz blai: inposizinoaren kulturearen kontra, sistemak errepresentetan daben espektakulu kutrearen kontra… eta, oraingoz, isildu naiten, demokraziaren izenean.

Energia-txuteak iruntsi guran, haizea hartzeko momentua zan eta euskal lurrak emon dauen ahotsik ederrenetako bat plazara agertzeko: Zea Mays-eko Aiora Errenteria, etxean jokatzen egoana. Bizkaitarrak beste bizkaitar-kubatar baten letrak errezitau zituan, Joseba Sarrionaindiaren Aspaldian utzitako zelda abestian. Atzean zelda bat irudi eukien argi gorriak profitatuaz, bere ahotsaren tinbreak gorantz egiten eban doinuetan zehar, gure begiek eguneko azpen eguzki-printzak ikusteko gora egiten eben neurrian.  Ostean, gorago jo eben Bisai Berriak sasi-bizkaitarragaz 2002ra atzera egiteko.

Gaua geurean egoalarik, ilargi ia bete baten pean, hirukoa boskote eta seikote bihurtu zan, Denbora da poligrafo bakarra laneko kanta-bloke bat eskeintzeko. Hiru izarrei, aitaturiko disko horren bigarren EPa ekoitzi eban Ricky Faulknerrek (Egon Soda, Love of Lesbian) eta Martí Perarnauk (Mucho) egin eutsien lagun, hurranez hurran, gitarrea eta sintetizadorea eskutan. Nire ustez, kontzertu osoko sekuentziarik partikularrena izan zan hau. Intro lez sartu jakun Aditu bihurtuak laburraren ostean, Davidek inoz baino groove gehiago eukan bajuagaz Helduleku guztiak-en sarrereagaz ikuslegoa limurtu egin eban, airean altzau, grabedadetik kanpo; jarraian, LA M.O.D.A-ko David Ruiz gehitu jaken, euskeraz  Lemak, aingurak kantetera ausartuaz: begiak zarratzen zituan, mikroa tinko oratu eta bihotza gogor kolpatu, musikeak hizkuntzez harago dagoan berbakerea daukala sinistarazo guran-edo. Atzera boskote bihurtuta, holako makroebento bat aurrera atarateko beharrezkoa dan pasinoa azalerau eben, denporeak errepresentetan dauan Poligrafo bakarra joaz. Ondorio modura: bai musikari lez, bai musikari gisa, zeinen inportantea dan bizitzan jente onez inguratzea…

Hamaikak jo orduko, hiruko formatu originalera itzuli eta euren lantaldeko zein jai kolosal haren beharginen taldeko langileei txalo-zaparradea egitea eskatu euskuen, guztiz merezitakoa, jakina. Hareek be, zelan ez, infrasoinuak dira, baina jaialdia aurrera eroateko hil ala bizikoak. David González etxean egoan atxakia erabiliaz, danori makurtzeko eskatu eta, Gorkak behingoz, Yamaha Explorer baltza —Berrigitarra lez bataiatuko dogu— esku artean eukala aprobetxatuz, biharamunik ez balego moduan egin genduan salto Ikasten hasi bezain pronto.

Garrasiek eta algarek ez eukien ezelan be isiltzeko asmorik Isiltzen banaiz abian jarri zanean; ez zan denpora luzerik igaro Iñaki Altonagirre “Matxet” (Jousilouli, Anai Arrebak, Naizroxa, Sega Sound Killers) zurrunbiloa agertu zan arte: Sarrionaindiaren Mundua begiratzeko leihoak joteko plantea egin ostean, benetako Zirkua atondu zan Kobetamendin, Matxetek jente artera salto egiten eban neurrian. Behin etxeko altzari guztiak hankaz gora ipinita eta gaueko stage diving bakarra eginda, Matxetek akabua emon eutson bere agerraldi labur baina gogoangarriari.

Betiko leloaren betiko leloa izan zan Facu Díaz eta Toni Mejiasek hautatu eben abestia: lehenegoak, bateriagaz gu guztiok harrituta isteko, mundu horretatik etorrela jakin arren; bigarrenak, euskeraz abesten saiatu arren, azkenean moldatu eta Wu-Tang-Clan itxurara konpondu eban letrea kantetako. Eskuak airera jaurti genduzan Leire Villanueva “Iseo” bere ahots jostalaria zeharo samurtuta agertu jakunean, hurrengo goizeko odisea eta kafearekiko gehiegizko dependentzia gogorarazo euskun Biziraun be abestuz.

Zeozer izatekotan, zaldi zauritu baten begiradea eukan gauak, baketakada ziurrez eta lauko kontaketa batez Zerbait asmatuko dugu-k eztanda egin arte; jarraian, hasieran gitarra hutsezko riff bategaz hasi zan eta jente oso gitxik asmau genduan Hitzen oinarri ahula —Berri Txarrak old school zalegoa maite neban, maite dot eta beti maiteko dot; luzaroan bizi bitez aldamenean daukazuzan, ezagutzen ez dozuzan baina begirada konplize igeskor batez identifiketan dozuzan entzule beterano eta anonimoak—.

Matt Sharp (Weezer, The Rentals) amerikarraren persentziak Kobetamendi osoa hunkitu eban: batetik, musika-munduan gaurdaino egin dauan guztiagaitik; bestetik, barriz, arinagoko gauean eszenatoki berberean bere talde izandako Weezer ahalguztidunak egon ziralako. Garaiak aldatzen ei doaz. Los Angelesekoa, zeozer izatekotan, showman hutsa da: gaztelania eta ingelesa nahastetan zituan hizkera-kriolloa ahotan, bere kamisetako B handia izan eban hizpide. Hori dala-ta, The Rentals bere taldearen Friends of P dalakoa Friends of B bihurtu zan: Friends of Berri, Friends of Bilbao. Gorka Urbizu zoriontsu zan une hartan, argi-argi igarten jakon eta jarraian Sharp-ek FAQ-en koruak egin eutsozan, Haria diskoaren aroak gogora ekarteko.

Gura baino luzexeago subertau zan pausa baten ondoren, Anari Alberdik kanta gori baten letrea epeldu egin eban —bere estilora eroateko— eta Oreka tarteko bertsino barik laga arren, aidean suspendiduta geratu ginan danok, batez be, Karlos Osinaga “Txap” (Lisabö) agertu zanean. Bueltatzen eta Zuri jo ostean, historia egiteko tartea heldu zan. Euskal heavy-a oraindino zer zan ez geunkian 1991 haretako usainak berreskuratu ziran Bilbon, David eta Goliath joteko Aitor Gorosabel Garai (Su Ta Gar) Berri Txarrak-egaz joten ikusi genduanean. Urbizu eta Gorosabel, ikaslea eta maisua, zein da David eta zein da Goliath?

Ezelako duda barik, eibartarra gaueko highlight pisutsuenetako bat izan zan, inork hobeto egingo ez leukeen gitarra-solo bat eskainiaz eta belaunaldi arteko lokarriak inoz baino estuago egozala erakutsiaz. Emozinoa ia eutsiezina zan hartan, begirada serioz jo eban Gorosabelek Oihu ereserkia; guk, aldiz, ezin genduan hunkidurea berak besteko egoki jasan. Ezin hobeto ejekutau eban ezin hobeto aukeraturiko kantua.

Nerea Urbizu (Katamalo) arrebearen laguntzaz, gitarreak tekladua laztandu eban: zauriak zolitzeko, korapiloak askatzeko, luze(egi) dirauen Min hau eztitzeko. Batzuok lekurik izkutuenetan eta egoerarik nahasienetan erabili dogun doinua 20.000 arima baino gehiago osatzeko. Letrearen zatirik esanguratsuenak zentzua hartu eban, ondoren abesti horretarako entseguak Altsasuko kultur etxean egin zirala autortu ebenean. Askatasunari lau haizetara aldarria.

Formatu nahiz atmosfera akustikoari eutsiz, Enrique Villareal Armendariz “El Drogas” handiaren ahos urratua Nerbioi ibarretik be bereiztu zan. Txantreakoak honezkero egina eukan memoria historikoaren eta Maravillas Lambertoren istorioaren inguruko lana, Barricadagaz La tierra está sorda kaleratu ebanean, baina nahitaezkoa zan bi nafarrak himno hau irmoki kantetan ikustea. Ordura arte Nereak okupaturiko jesarlekua hartu eban Drogasek, jentetzearen orro desenfranadueri “Aupa” zorrotz bategaz erantzunaz eta, jarraian, segapotoen argiek Kobetamendiko iluntasuna bahitu ebelarik. Pertsonalki, desgastadua, desgastaduegia dagoan rock izarraren baliabidea da argiena, baina, tira, egoereak horixe eskatzen eban, hain kontakizun ilunaren baitan.

Gauerdia zan, pekaturako edo oherako unea, eta azken bis-a hasteko momentua. Akabua aurreratzen eban eta agur-bireari izena emoten deutson Ikusi Arte eta Denak ez du balio “anglobaskoa”, zelan edo halan, erdi ikustezin igaro ziran, Gorka ikuslegoarenagana zuzendu eta tokian egozan gazteei talde bat sortzearen edo nobela bat idaztearen inguruko zalantzak autortzen hasi zanean. Entzuleria aktiboa eta ekintzailea zinez beharrezkoa dala adierazo eban Lekunberrikoak eta euskeraren itsaso honetan marinel izan behar garala, guretzako benetako ozeanoa izan daiten.

Ozeanoa… edo kresalezko katedral bat. Holan amaitu zan azken garaiotako emonaldirik jentetsuenetako eta adierazgarrienetako bat: pozkario osoz, harro, inongo drama barik. Azken outroagaz besoak ezker-eskuma astindu orduko eta ordurako ahotsa zeharo izorratu genduala ikusi aurretik, bularreko zuloa bete-bete eginda kantau genduan: irakurtea da, bestela idaztea, papelak autortzen deust.

Jaio. BTX. Hil

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu