Sugearena

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-07-17 17:14

Goizeko 08:00etan ailegau jat bideoa.

Oholtza xume bat, burdinazko harmaila batzuk, feriatakoak lez. Eta harmaila horreetan, barriz, umeak eta gurasoak. Mutiko baltzaran argal bat urten da oholtzearen erdira, eskuatan suge erraldoi eta likina dakarrela. Astiro-astiro, lepo ganean ipini dau piztia, eta ha kiribiltzen hasi da. Amarrotza dirudi, leku guztiatatik jausten jako; hain da luzea ofidioa. Zelan edo halan, bizkarrean txukun biltzea lortu dabenean, besoak altxau ditu, ikusleei txaloak eskatuz edo. Soinean barnizauriko bufanda bat daroala emoten dau. Txaloak hasi orduko, mutila oholtzearen erdi-erdian jausi da, bapatean. Zeozerk emongo eutson, beharbada. Edo, akaso, ez: agian, ikuskizunaren beraren parte da. Umore printzatxu bat, balentriaren ostean.

Eternalak diran bizpahiru segundoren ostean, lurrean sugeagaz katramilatuta dagoan mutilak besoa altxau dau barriro, nekez. Laguntzea eskatzen ari da. Beste bost bat segundo akabu bako, nor edo nor oholtzara igon eta sugea deslotzen hasi dan arte. Ez da denpora askorik joan sugeak gaztearen lepoa intxaur bat lez triskatzeko hautu irrazional eta ustekabekoa hartu dabenetik. Baina gaztearenak, honezkero, egin dau. Oholtzatik tatarrez atara dabe, eta Whatsapp bidez ailegetan diran bideo danen modura, inongo ondorio barik amaitu da. Ez dakigu bizirik ala hilik dagoan. Ez dakigu barre edo negar egin. Oso gaur egungo gizartearen isla dala esango neuke: zer ardura dau nor, nork, noz, zein, zertarako? Ikuskizunak baino ez dau ardura. Show must go on.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu