Txirikordatzea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-07-12 15:14

Arrantzale familia batean jaioa, nire lagunak baekian itsas korapiloak egiten.

Artea zala baieztau bide eban, eta, egia esan, korapilo-mota desbardinen izenak emoten hasi bezain laster halan zala begitandu jatan. Hamaikatxu aitatu eustazan: korapilo laua, Frantziskanoa, zortziko korapiloa… Mundu barri bat deskubritea lakorik ez dago konturatzeko zenbat mundu geratzen jakuzan ezagutzeke. Egun baten bota eustan pertsonen arteko harremanak korapiloen parekoak dirala. Bi alderen arteko lehen kontaktu bategaz hasten dira, alkar ikutzen dabeen bi soka lez. Eta, geldiro-geldiro, eguneroko harremanaren bitartez alkar hobeto ezagutzen hasten diranean, sokak katramiletan hasten dira, modurik lotsorrenean, ulean ipinitako begizta bat lotzen dan eran: orduan bata bestearen ahotsa ezagutzen hasten da eta badaki tonu bakotxaren gerizpean zer izkutetan dan, kasurako.

Aurrerago, naufrago bi horreen arteko kontaktua zuztartuz doan neurrian, sokek marrazki barriak osotzeari ekiten deutse: hobeto ezagutzen dogu pertsona hori, badakigu zelan erreakzionauko dauan egoera ezbardinetan, badakigu biontzat berezia dan berba horrek barregurea eragingo deutsola, esate baterako… Hau esatean, nire laguna mutu geratu zan segundo batzutan eta, jarraian, txistua iruntsi eban. Ondoren autortu eban une bat heltzen dala, zeinean korapiloa horrenbeste istutu dan, ezinezkoa dala askatzea; ez, behintzat, eskuakaz. Lipar hori zinez zoragarria eta, aldi berean, ikaratzeko modukoa zala esan eustan, begi lanbrotsuez so. Zoragarria korapilo horretatik sortzen dan energiagaitik, eta hain hurre egonda, halako espazio zarratuan, pertsonak euren barruan daukien onena atarateko kapaz diralako; baina ikaratzeko modukoa be bai, kargutzen zaralako korapilo hori egun baten askatzen bada, artazi batzuen ebagi garbi baten medioz izan beharko dala. Modu horretan, korapiloa desagertu egingo da, bai, baina baita txirikordearen zati bat be. Geure arimearen txatal bat, erantsi eban. Eta hau esatean isilik geratu zan, infinitura begira, txistua iruntsiz etengabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu