Hatx bat bularrean

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-07-10 13:15

Zeure bular aldeko zulo ilun horretan harrizko bihotza izatea desiratu dozu hamaikatxu alditan.

Blindautako bihotz bat. Baina zure bihotzaren taupadek zure gorputzeko atal guztiak urratzen ditue. Zure bihotza akordeoi baten antzera estutu eta zabaltzen da. Zurea bihotz sentikorra da: zoriontasuna ikutzen dabenean luma airean moduan egiten dau hegan; txarto tratatua danean edo bateren bategaitik sufriduten dabenean orratzen ziztadek zauritzen dabe.

Beti pentsau dozu desabantailea dala. Errezago bizi leitekeela harrizko bihotz bategaz, beti kadentzia berberean taupada egin eta gehiegi sentiduten ez daben bihotz arrunt bategaz. Mundua halakoentzat atondua dagoala uste dozu, paparraren azpian hatx bat izkutetan dabenentzat: eskrupulu falteak potere gorenera heltzen laguntzen deutse kasu frankotan; sensibilidade faltea daukienez amodioak ez deutse sufrimendurik eragiten; zalantzarik eta ahuleziarik ez daukienez, euren buruaren balorazino ona egiten dabe beti. 

Baina gaur eretxiz aldatzen hasi zara, Antonio Gamoneda poeta handiari egindako alkarrizketa bat irakurri dozun momentuan. Gamonedak dino batzuk poesia Estatuko Buletin Ofiziala balitz lez ulertu gura dabeela eta hori ezinezkoa dala. Ezin da modu logiko nahiz lineal baten interpretetan saiatu, poesia frutu baten parekoa baita, zentzumenakaz probau behar dala, gero zer dan ulertzen saiatzeko. Hori irakurtean pentsau dozu bizitzea bera be gatxa dala modu logiko baten ulertzen, bizitzea ezagutu eta sentidu baino ezin egin leitekeela. Eta harrizko bihotzek hain desgaitasun sentimental handia daukie, non ez dabe egundo deskubriduko hasperen nostalgiko baten gerizpean ostentzen dan edertasuna, edo emozinoak etendako ahots baten atzean izkutetan dan egia, edo begirada inuzente bi baina konplize gurutzatzen diranean sortu daitekeen sua, edo alkarbanaturiko irribarre batek gordeten daben barruko-pakea.

Harrizko bihotzentzat bizitzea askozaz errezagoa izango da beharbada, gitxiago sufriduko dabe, baina bizitzea bera probau barik joango dira mundu honetatik. Hau da, ezertxu be ulertu ezinik.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu