Akatsak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-07-01 13:42

Bartzelonako Borne auzoan literaturan agerturiko akats historikoei buruzko lehiaketea egiten dabe urtero.

Halan entzun dot. Zorroztasunik bako idazle franko eta obra gehiago ei dago munduan. Izan leitekez erlojua eskumuturrean jantziriko erromatarrak —akats estilistikoak—  edo XI. mendean patatak zuritzen dituen personaiak —dezente geroago agertu zan zuritzeko herraminta hori—.

Normala da, aizu, sano txarto ordaindutako ofizioa da idazlearena, ezin jako historialariaren zorroztasunik eskatu. Harriduraz entzun dot igazko irabazlea Doris Lessing Nobel saridunari esker gailendu zala. Idazle britainiarrak 50eko hamarraldiko Valentzian kokatu eban Un paseo por la sombra liburua. Han, medikuak agiri dira —nik ez dot oraindino irakurri—. Ez dira, ostera, ez gaztelaniaz, ez katalanez ari… latinez baino! Idazleak, zelan edo halan, bidaia bat oinarri hartunda idatzi eban liburua. Bidaia haretan, baina, burutik pasau be ez jakon egin Lessingi, Valentzia izeneko Espainiako eskualde haretan gaztelania ez zan beste hizkuntzarik egingo zanik, latina ez bazan.

Horra ikusgarritasunaren esangurea. Izateko, ikusgarri izan behar dozu; ez bazara ikusgarri, ez zara deus. Hizkuntza batek, ikusgarri izateko, estadu baten aterpea eta ofizialtasuna behar ditu. Zertarako mugak jarri? Trapuak ez ete dagoz hobeto ezkaratzean, instituzinoen eraikinen kanpoaldean baino? Ez al da hoba alkarregaz, bereizita baino? Azalzuloatatik postmodernia ateraten jake independentismoaren kontrakoei, eta burla egiten deutsie ustez iraganaren oroimin arkaikoan bizi diranei. Baina errealidadea errealidadea da, eta zeu baino handiago dan baten alboan biziteak, ezinbestean, itzala ekarriko deutsu. Oso zantarra eta atzerakoia ei da independentistea izatea. Hoba, aukeran, kolonizatzailearen nagusitasuna aldarte onez onartzea. Nahiz eta gero zeure hizkuntzea eta latina inork bereizi ez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu