Bizar azpian

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-06-19 15:45

Min emoten deust zeure bizarrak! esan deutso lobeak, berarengandik urrunduaz, masailean mosu bat emon gura izan deutsonean.

Bizarra moztu ondorengo egunean beti izaten dau arpegia lixa moduko latza. Berak barre egin dau, eta esan deutso baietz, jakina, bera lako piratek itsas trikuek lako bizar gogorra izaten dabela. Baina, barre egin badau be, sakonean, penaz geratu da lobeari mosu bat emon ezinagaitik, eta onartu nahi ez badau be, min emon deutso lobearen errefusa horrek.

Halanda be, eskua kokotsetik pasau ostean normala begitandu jako lobeak mosurik emon gura ez izatea. Itsas kabra bati mosu emotearen antzekoa litzake. Eta pentsau dau bere lobeak bakarrik ez, beste persona frankok be holan ikusiko dauala: mosuak emoteko balio ez daben gizon bat lez, bere masaila beste baten masailagaz laztantzeko balio ez daben gizon bat bezela. Bizar gogor horregaz inork ez dau irudikatuko gizon xamur, leun, edo askotan sentidu dan lez, gizon ahul eta hauskor bat moduan.

Ez dakie bizar gogor horren azpian azal leun eta sentikorra dagoala, bizarra mozten daben bakotxean sufriduten dauen azal bat, askotan zauritzen dana; bizar-xaflea pasetan dabenean kejaka hasten dan azal bat, laztan eta maitasun gose dana. Lobeak min emoten deutsola esan eta berarengandik urrundu da. Ez da, inondik inora, kontu barria.

Bizitzan maite izan dituan persona ugari be berarengandik urrundu dira, ez bizar gogorra daukalako, baina bai ez dalako kapaz izan hareei erakusteko bere azal bigun eta leuna, bere alde hauskorra, bihotz biluzia. Beti sentidu dau —edo sentiarazo deutsie— mundu guztiaren aurrean, zelan edo halan, gogor agertu beharra: indartsu, ausart. Txikitatik erakutsi deutsie holan jagokola. Bera lako piratek bizar gogorra daukielako eta txistuagaz batera egunero iruntsi behar dituelako itsas trikuak, saburdinak zein itsas kabrak. Halakoak jango balitu legez sentiduten dau mina saman, erakutsi ezin daben samurtasuna iruntsi behar izaten dauanean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu