Ogerleko bana
2019-06-06 13:14Gure amumak berbak oso merkeak dirala esan bide eban: erraza dala edozer esatea eta egitea, ostera, benetan gatxa.
Berba batzuk erabili ahal izateko ordaindu egin beharko geunkela inoan amumak, ogerleko bana berba bakotxeko. Holan jenteak ez leukezala edozelan erabiliko berba sakratu batzuk. Amumak, baina, ez eustan egundo autortu zeintzuk ziran berba berezi nahiz karu hareek; hori bai, gaur egungo edozein eztabaida entzutean, bardin jat tabernan, telebistean zein Eusko Legebiltzarrean, beti agertzen da nor edo nor nire amumeak esaten ebana gogorarazoten deustana: beti dago nonor berbearen mamina hustu eta puxika baten antzera airera botaten dauena; berbek eurekan dakarten pisua ahaztu eta upealako arinkeriz airera botaten dituana, berba bakotxak atzetik dakarrena kontuan hartu barik lez.
Zenbat berba hustu doguzan modu horretan... Askatasuna berbea, adibidez. Bardin erabili leike alderdi politiko batek bere mitinean edo auto-marka batek bere azken iragarki publizitarioan. Demokrazia: hain gauza ezbardinak defendiduteko erabili izan da berba bitxi hori, ezen gaur ia ahaztu egin jakun bere benetako esangurea.
Hartu daigun, osterantzean, Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Eguna eta egun horretan, zorionez, hainbat jenteren ahotan entzungo dogun emakumeek indarkeria barik biziteko daben eskubidearen aldeko aldarrikapena. Zorionez dinot, indarkeria sexistearen kontrako lehen pausu garrantzitsua baita asmoak berba bihurtzea. Baina, horrezaz gan, lelo hori erabilten dogun persona bakotxak barruratu beharko geunke berba horreek ez dirala hutsak, berba horreek bere barrenean zama astuna daroela, berba horreek erabilteak halabeharrez behartzen gaituala gure egunerokoan bardintasunaren aldeko jarrerakaz konpromiso sendoa eta borondatezkoa hartzera. Emoten dogun pausu bakotxean, egiten doguzan keinuetan, gure atzetik datozanei erakusten deutsiegun ereduetan.
Eta, holan ez bada, beharbada, ez legoke bape txarto berba jakin batzuk erabilteagatik ordaindu behar izatea. Ogerleko bana berba bakotxeko gitxienez, gure amumak esan lez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!