Domeka goizak
2019-06-03 17:131998. Kas markako kristalezko botilatxua ikus daiteke barra ganean, eta haren alboan, barriz, hiru edalontzi.
Markearen izena gorriz, zirkulu gorri baten barruan, beirearen ganean bertan serigrafiatua. Kas bat eta patata frijidu poltsa bat hiruontzako, mesedez. Horixe izaten zan domeka goizetako sari potoloa. Domeka goizetan bakarrik gertatzen zan zeozer. Izan be, nire gurasoak ez ziran aberatsak eta gu, seme-alabok, ondorioz, ezta be. Hori jakin bagenekian eta, horrenbestez, ez genduan askozaz gehiagorik eskatzen. Dirurik ez, baina errealidadearen kontzientzia, sikiera, bagenduan.
2019. Aspaldi izekoa ikusi ez dodala. Domeka goiz librea zukutuaz eta, bidenabar, lehengusinatxoa ikusteko paradea hartuaz, taberna batean bisitea egin deutset berari eta bere lagunei. Kafea hartzen ari garala, bere adiskideak esan deutso etxean tindauko dabela ulea. Galdetu deutsat eia zergaitik ez doan ule-apaindegira. Hilabete honetan ezin dabela, semeari PlayStationerako joko bat erosi behar deutsola eta ez deutsola emoten hilabete berean bi gauzak egiteko, daukan soldateagaz ez jakola danatarako ailegetan. Barrearen bestaldean dagoan zerbitzariak orduantxe bota dau: Guraso txiroak eta seme-alaba aberatsak. Zelan da posible?
Etxerako bidean, pentsakor gelditu naz, kalean gora egin ahala. Zer aldatu da freskagarria hiru edalontzitan banandu behar genduan garai hartatik, etxeko hozkailuan zenbat gura Aquarius daukagun garai honetara? Gauza franko aldatu dira. Batetik, kontsumo maileak gora egin dabela, baina, horrezaz gan, goitik behera eraldatu dan zeozer da hamaikatxu neska mutilek ez dabeela euren errealidadearen inongo erreferentziarik. Hilabete akabura istu eta larri heltzen diran hainbat gurasoren seme-alabak ameskeria eta eroskeria hutsa besterik ez dan errealidade eroso baten bizi dira, hots, euren sendiaren errealidadeagaz bat ez datorren errealitate fikzinozko baten.
Seme-alabakaitik, edozer leloa erabiliz, batzuk kreditua eskatu dabe bankuan umeakaz Disneyland Parisera joan ahal izateko, edo ez dabe erosi eurek negurako beharrezkoa eukien beroki ha, hareek azken generazinoko erruberadun motxilea eduki dagien. Erreala ez dan mundu baten bizi dira hainbat neska-mutil. Aberatsak dirala uste dabe, aberatsak izan barik. Baina ameskeria hori egunen baten desagertu egin daiteke. Nagusi diranean eta partikeratan freskagarri bakarra erosteko adina diru daukiela konturatzean, adibidez. Kas bakarra. Eta hiruren artean banatzeko, ganera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!