Armosua

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-05-30 11:04

Zapatu goiza. Marta ohetik jagi da eta etxeko zapatilak eskuetan, ortozik eta arnasari eutsita igaro dau korridorea.

Oin puntetan heldu da ezkaratzera, eta emeki-emeki zarratu dau atea. Ez dau inongo zaratarik egin gura, ez ditu seme-alabak esnatu nahi. Zapatua baldin bada be, Martak iratzargailua jarri dau, besteak baino lehenago jagiteko. Bere asmoa bakar-bakarrik gosaltzea da. Bakarrik gosaltzea, astebururo bilatzen daben plazer txiker eta igeskor hori.

Martak kafea jarri dau sutan, ogi zatiak ebagi, iPad-a isiotu albisteak irakurteko eta mahai aurrean jesarri da, azkenik. Gurina eta marmeladea ogi ganean zabaldu eta kafesnetan busti dituan une horretan bertan, baina, oraindino entzun gura ez eban deia heldu jako belarrietara: Amaaa! Akabo gosaria, akabo albisteak bare-bare irakurtea: akabo pakea. Oraindino kea botaten daben kafeari begira altzau da. Badaki barriro jesarten danerako hoztuta egongo dala.

Martari honelakoak pasetan jakozanetik urte batzuk igaro dira. Gaur, sukaldean bakarrik gosaltzen daben artean, umeak txikiak ziran garai haretako neke etenbakoa gomutau dau, berarentzako espazioak topetako saiakera alperreko hareek; zelan bilatzen eban astebururo, lortu barik, bakarrik eta lasai gosaltzea. Gaur, halantxe dago: bakarrik armosua hartzen. Seme nagusia atzerrian dauka ikasten eta alaba gaztea lagun baten etxera joan da lo egitera —edo hori da, behintzat, esan deutsona—. Gaur, korridorea ez dau oin puntetan igaro behar izan; gaur, ez dau inor esnatzeko bildurrik izan. Gaur bakarrik gosaldu leike lasai asko.

Baina garai baten amesa zanak, gaur, lehenengo aldiz, bestelako tankerea hartu dau, eta Martak gela huts baten oihartzuna entzun dau, eta edegi bako izaren hoztasuna sentidu. Eta, bapatean, kargutu da faltan sentiduten dituala goizeko zaratak, Colacaoz zikindutako pijamak, gaileta gustoko goizeko lehen mosuak… Trago luze eta mingotsa emon deutso kafe beroari, begiak zarratu eta esperoan lotu da. Garai baten hain nekagarri egiten jakon deiren baten zain dagoala dirudi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu