Azken orduko ahotsa
2019-05-28 14:17Lantokian urte luzetan garbitzaile beharretan ibili dan emakumea jubilau egin da.
Haren ordez, beste garbitzaile gazteago bat dator, egunero-egunero, institutua garbitzen. Baten batek pentsauko dau garbitzaile batek bere gitxieneko eginbeharrak beteten baldin baditu, bardin dala persona bat edo beste bat izatea egunero inguruan zapia, erratza eta lanbasea pasetan. Baina, honetan be, beste edozein ogibidetan jazoten dan moduan, eginkizunen ganetik personak dagoz eta bakotxak emoten deutso egunerokoari hain preziadua dan balio erantsi txiker eta igeskor hori.
Lantokian urteetan garbitzaile ibili dan emakumea kantari fina da eta, zorua garbitu bitartean, beti abesten eban: eztikiro, samur. Haren doinua entzutean konturatzen ginan bazala bistea ordenagailutik, apunteetatik edo arbeletik altxau eta etxera joateko ordua. Geure egunerokoan txertatuta egoan soinua zan, Pavloven txakurra bagina lez, egunerokoa gozoagoa egiten eban melodia maitea. Goizeko oilarraren kukurrukuaren edo arrastiko eleizako kanpai-hotsaren antzera, egokion doinua emoten eutson haren ahotsak egunaren une jakin bati.
Lantokian urteetan garbitzaile ibili dan emakumeak landareak maite zituan, eta institutu osoko ikasgela bakotxaren mahai ganean landararen bat eukan ipinita, maitasun osoz. Berak baino ez ekian ondo zein landareri jatorkon hoba eraikinaren hegoaldea ala iparraldea; berak baino ez ekian zehatz zein landare motak behar daben ur gehiago, zeintzuk eukien itota hilteko arriskurik handiena, gehiegi ureztatu ezkero. Ha ez dagoanetik, zimel eta idor dago nire mahai ganeko landarea. Garbitzaile lanetan dabilen neska barriak dezente ureztatzen dau, baina nik uste urteetan garbitzaile ibili dan emakumearen ahots samurra falta jakola landareari be, abesteaz gan, ondo baitakit landarei be berba egiten eutsela, ingurua atondu bitartean.
Beharren ganetik, personak dagoz, eta persona bakotxak nortasun propioa emoten deutso egunero egiten daben lanari. Nire mahai ganeko landareak nahiko zimel dagoz orain, eta autortu behar dot neuk be zeozeren faltea igarten dodala egunero, lanean nagoan azken ordu erdi horretan; korridorean agertuko ete dan ikusteko, ikasgelako atetik burua ataraten dodanero, doinu bat sentiduten dot faltan nire bularraren erdialde epel horretan. Eta orain jaubetzen naz musika harek nire arimearen zati bat ureztatzen eta aberasten ebala, urak landareari bizitzea emoten deutson neurrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!