Irakurletasun diletantea
2019-05-16 12:46Nire buruko zakuan brotar berbearen baliokidea bilatu dot, alperrik.
La literatura es un artificio del que brota la vida idaztea neukan gogoan; ez dakit esaldia nondik atara dodan, inondik atara badot. Beharbada, neuri otu jat, baina ez naz harrotuko; azken baten, topikoa be bada. Literaturea, hau da, bizitzea darion eraikuntzea dalako hori. Bizitzea badario, literaturea da; bizitzea ez badario, erdibideko zer edo zer da: dei daiogun literatuxkea.
Gatxa da literaturea gorputza ala gorpua noz dan erabagitea: noz darion garra eta noz hildakoaren kirats-ozpina. Idazleak beti dauka irakurlea estimuletako jomugea, baina, batzutan, gogaitzea besterik ez dau lortzen, zakila tentetu ezin daben maitalea lez. Lasai, laztana, danei gertatzen jake. Konsola daitela ahal dabenak.
Ni beti izan naz irakurle kaskarra, baina lotsak aspaldi galdu nituan, Koldo Izagirreri Bost idazle harribitxian bera irakurle diletantea zala irakurri neutsonetik. Milioaka liburu hasi eta lau amaitzen dituen horreetakoa naz. Sarri, gorpuari ahotik ahorokora egiten deutsat berpiztearren, baina hauspoa hustea besterik ez dot lortzen. Sentimendu desatsegina da hildakoari mosu eternal hori emon beharra, baina, tarteka-marteka, pasetan da. Jakin egizue hiltzorian dagozanei ez laguntzea legez kontrakoa dala (Negación de auxilio dalakoa).
Liburu bat halabeharrez amaitzea klaseko lagun zahar bategaz lau orduko kafea hartzea lako ataka latza da. Hor egon beharko zeunkela deritxozu, baina hain egiten jatsu astuna, korrika alde egin gura zeunkela. Zure buruari galdetzen deutsazu zergaitik dagoan hainbeste jente aspergarri munduan, ganbaran kontu interesgarriak eta morbosoak izanagaitik, afera hutsalak besterik mahaiganeratzen ez dituenak. Sentsazinoa are desatseginagoa egiten jatsu, zure parean dagoan horrek zuk sentiduten dozun gauza berbera sentiduten daben idea buruan sartzen jatsunean. Zure autoestimua amildu egiten da, parean daukazuna gorrotatzen dozun artean. Aritmetika makabroa.
Ez dozu ulertzen jenteak zergaitik ez dauen neure lagun bati pasau jakon hori maizago erabilten, kontu propioak aireratzeko lotsak gainditzen horrenbeste laguntzen daben guzur inuzente baina apropos hori, literaturean fikzino esaten doguna, hain justu. Besteak gutaz berba egiteko baititogu erabilten, inauteriatan mosketeroz janzten ginanean lez, munduaren begietatik geure burua ederrago ikustearren. Bizirautea.
Baina ez dakit streptease-a egitea teknika literariorik egokiena ete dan. Ez da, behintzat, tradizino proletarioak agintzen dabena, ez bada kontrakoa, hau da, burgeskeria erabatekoa. Neu, neu eta neu. Neu eta neure zakila. Baina ez dakit maiestatikoa zinez interesgarria ete dan literaturan, ez baitago singulartasunaren galbahetik pasau barik sor leiteken pertsonaia emonkor, apurtzaile, erakargarri eta, finean, iraultzailerik... ala bai?
Kontua, eta hauxe da esan gura nebana, liburu interesgarriak irakurtea da, eta, ahal dala, liburu interesgarriak idaztea. Baina badakizue zelan dan hori. Sartzen zara logelan asmorik onenakaz, saiatzen zara lasaitzen, ikusten dozu maitearen gorputz biluzia, eta, hortik aurrera gertatzen dana, nahiaren, zoriaren, naturearen eta patuaren arteko nahasketa kaotikoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!