Maitasun eskutitzak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-05-14 16:40
Gaztetan idazten genduzan maitasun eskutitzez jardun neban atzo kuadrillako bategaz, eta hareek gehienetan eukiezan balio murritzaz.

Geure premina amodiozkoa asebete gura genduan, eta ez genekian, ez zer egin, ezta zelan egin be. Eta, orduan, geure irudimen faltea izkutatuaz edo, gutuna idatzi eta postontzian isten genduan. Eta mirari bat gertatu behar zan, mezu hark zer edo zer eragin edo sorrarazo zezan.

Kontu interesgarria da mezuena, edo, bestela esanda, komunikazinoarena. Komunikazinoa, izan be, ez da esan nahi dana bakarrik; komunikazinoa da nork esaten daben, zelan, eta nori. Eta ia nork horrek entzun gura daben.

Horretaz kargutu nintzan lehengoan, agerraldi politiko-kultural baten parte hartzeko eskatu eustienean. Agerraldi hitza entzun orduko, hanka egiteko preminea sartzen jat aspaldion; salbuespenak salbuespen, oso nabaria izaten da agerraldiaren antolatzailearen desesperazinoa. Nahi leuke antolatzaileak mezua helarazoteko beste modu duinago bat, edo, are gehiago, eraginkorragoa; nahi leuke airera jaurtitako txanpon bat baino ekimen politiko trinkoago bat, baina ez dauka, eta biltzen dau jente-moltso bat mahai dekadente baten atzean, eta prentseari dei egiten deutso. Herrigintzearen azken urteotako sindromea da, inork ez dauka errurik. Baina ikustea mahai bat betiko atrezzo estrafalarioagaz, eta haren erdian lagun-talde herabe bat, nora begiratu ziur ez dakiana, hor dagoana axolagabe, praka laburretan batzuk, eguzkitako anteojoak jantzita besteak, hain piroteknia gitxigaz, ba, zelan esan? Atsekabe ikaragarria eragiten deust.

Sinestuta gagoz, amorante zapuztuak lez, gutuna postontzian sartzea keinu halabeharrezkoa dala. Zelan neskeak —edo mutilak— ez deuskun kasurik egiten, zelan apenas agurtzen gaituan kalean behera doanean… ba, idatz daiguzan berba baldar batzuk eta egin daigun azken saiakeratxua. Geure maitatuak eskutitza irakurri nahi badau, bingo; ez badau leidu gura, hor konpon. Egin dogu egin beharrekoa, eta geure eskuetan egoan oro.

Lehengo eguneko agerraldian —baiezkoa eman baineban—, bildu ginan mahaiaren atzean 20-30 lagun. Danok borondaterik onena geunkan. Eskuratu neban mikrofonoa eta, hitza hartzekotan nengoanean, hara non deskubridu neban mahaiaren parean kazetari bakarra be ez egoala.

Maitatuaren etxera joan eta gutuna postontzian sartzeko unean ha azaldu izan balitz moduan... alperrik ari nintzala esateko. Bilatzeko beste nonbait maitatuko ninduan norbait.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu