Ahul

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-05-11 13:44

Ez naz lagunak atxikitzen dituan horreetakoa.

Ez dakit euren errua dan ala neurea, baina iges egiten deustie ia beti. Eta, akaso, pentsauko dabe ez jatazala ezer ardura, ez nazelako gauza oso burutsuak esan zalea, edo, bestela esanda, ez nazelako besteen aurrean sendo, seguru eta harro azaltzen trebea. Halantxe da, ordea: lagunak eusteko langintzean tipo eskasa naz, zinez. Jentea badator zeure bizitzara —ia beti ezustean— eta egiten deutsezu lekutxu bat, eta eskaintzen deutsezu bizitzean zuretzat baliotsuena dan gauza bat, beharbada, oso estimuan ez daukaguna: zeure denporea; edo zeure denporearen zati bat, eta orduantxe hasten zara lehenago zuretzat ezezaguna zan pertsona horri, hain zuzen be, lagun deitzen.

Oso grinatia edo arranguratsua baldin bazara, opariak egingo deutsazuz, sekretuak kontauko, lagako deutsazu zure libururik kuttunena eta eroango dozu berak ez, baina zuk bai ezagutzen dozun toki berezi horretara. Gauza benetan ederra da. Gero, bizitzea dator bere kontu prosaikoakaz, eta agertzen dira alperkeriak eta atxakiak, eta kitto. Arraroena da zelan joaten diran batzuk guztiz, euren lorratzik itxi barik.

Duela gitxi pasau jatan: banindoan bizikletan irteeratxu bat egitera, eta nire albotik pasa zan nigaz txirrindularitzean ibilitako umezaroko lagun bat, oso mina niretzako. Baneroazan ikusi barik bospasei urte, apenas haren barririk bage. Alkarregaz egin genduan aurrera, ha txistuka eta ni arnasestu betean, haren erritmoari ezin segi. Alkarregaz bizikletean eginiko lehenengo txangoa gomutau neban, 2009. urtean, ha bere Colnago gorriagaz —Campagnolo osagaiakaz hornitua!—, neu, ostera, gurasoek opari egindako Massi horixka handiegiagaz, biak Sollube aldera. Erraz igo genduan, 14 bat urte geunkazan.

Sollube aldetik bueltan ilunduta egoan, eta ilunpetan errepide baztarrean beharrean ebilen baserritar bategaz talka eginda lurrera erori nintzan. Asfalto ganean luze amildurik, nire lagunaren esperoan geratu nintzan, baina haren inongo arrastorik ez, eta baserritarrak eroan ninduan etxeraino. Mila kilometro egin genduzan bata bestearen ondoan lagunak eta biok: zinez maite neban eta zinez miresten neban.

Ondoren, lehendabiziko zigarroak etorri ziran, lehenengo sexu harremanak, nerabeen kontu betierekoak, eta betiko aldendu ginan. Ez dakit hark zelan bizi izan dauan bion arteko hutsunea. Nik faltan hartu dot. Baina ez neutson esan, eta ez deutsat esango. Edo, agian, bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu