Albistearen albistea
2019-05-10 17:18Albiste bat ekoiztea zinez erreza da.
Hartu egizu altzari-denda erraldoi bat —atzerritarra baldin bada, hobeto—, errepikau egizu publizidadea begi-belarrietan mezu soil bat errotu arte, jarri Lehendakaria gune zentralaren edegite-eguneko ekitaldian tontokeriak egiten… eta egina daukazu dana.
Historian zehar, hemerotekan jausi egin ezkero, sarri asko pasau da tankerakorik; joan gaitezan praktikara: IKEA, Ibarretxe eta publizidade basatienaren bertsinorik muturrekoena. Lehenago, barriz, Daewo izan zan, edo Arriorturen lantegia, edo Guggenheim… eta, jakina, beste horrenbeste edo gehiago izango dira. Altzari-denda bat edegitea ez da segundo albistea izan, bereizgarriren bat eduki ezean, sikiera. Eta, halan izanda be, zelan atara leiteke ekonomiako nahiz herrietako albistegietatik lehen orrietara, horren atzen ostonduta zeozer dagoala igarri barik?
Itxuraz, behintzat, kazetaritza-ikasleei baino interesetan ez jaken kontu hau gizarte osoari interesetako modukoa dala deritxot: albisteen kontsumitzaileak gara, telebista zein irratien irensleak eta albisteek finkaturiko gure bizi-estiloaren morroiak. Baina, berez, objektibotasun-labelagaz datorrela modu merkean saltzen deuskuenez, informazinoa gitxieneko aditasunik bage kontsumitzen dogu.
Ipuina ezaguna egingo jatsue: diru franko ekarriko edo sorrarazoko dabenari ate dan-danak edegiten deutsozan legedia ezaguturik, sarritan agertu bide da atzerritik azken mirari modernoa dakarkigun nor edo nor, gure agindariak zur eta lur ixten dituana. Azken honeek lekua ipintzen deutsie geurean, baita upealako dirutzea be, behar baldin bada —eta, noski, beti behar da—; ostean, hedabideen bitartez batzuek eta publizidadea sartuaz besteek, albiste bihurtzen dabe. Atara deuskue untxia kapelatik: kanpoko bisitea gertaera bilakatu da. Publizidade-gastuen ordainetan, hedabideek berez eukana baino leku handiagoa emoten deutsie gertaereari, hau da, albiste baten esangurea operazino komertzial bat baino ez danean eta inongo pisu kulturalik, politikorik edo beste mota batekorik ez daukanean lortzen ez daben postua. Albiste arrotz eta inposaturiko hori normalizatze nahiz geurekotze aldera, barriz, agurra euskeraz eginaz sinatuko dau kanpotarrak operazinoa, eta kitto. Beste ziri bat sartu(ko) deuskue.
Albisteak behin bakarrik begiratzeko dirala sinestu eragin deuskue eta, hain zuzen be, horixe da albiste-ekoizleen potere gorena: aztertu barik irentsi dan albisteak jentearengan duen eragina, gizartean sortzen daben eretxi erraldoia, kontzientzia egoan lekuan oneretxi sozial global zein masifikadua ezartzera datorrena. Albiste guztiek daukie istorio bat euren atzean, albistearen albistea lez bataiotuko doguna. Baina hori, jakina, ez jaku ezelan be erakusten. Are gehiago esango neuke: hori ahal dan hoberen izkutatzea da hedabideen egiteko potoloena. Hori aztertzea, ostera, geure eginbeharra da, hedabideakaz aurrez-aurre eta benetako errespetuan egon gaitezan.
IKEA ez zan albistea; ha albiste bihurtu ebenen buruhausteak dira jakin beharreko albiste guretzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!