Gorputza isiotzeko, burua amatatea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-05-06 17:28

Ez beti, jakina, baina, sarri askotan, nik bizitea soportau izan dot suizidioaren aukerea hortxe, zelatan, egoala jakin banekialako. Badakidalako.

Ama —behar baino gehiago— ikaratuko daben ezer ez idaztea izan da nik sasi-idazle lan honetan neure buruari ezarri deutsadan muga bakarra. Ez dakit goiko esaldi horregaz lerroa zeharkau ez ete dodan. Edo ez. Bizitea zeharkau izan dot, une frankotan lerro edo muga horretatik oso hur nengoala sentiduz, dan-dana apurtzeko puntuan. Gustau izan jat. Beharrezko be izan jat.

Aspaldi honetan bizitea luzeegia dala sentiduten hasi naz; luzeegia, bizitzea, bakotxak zeozer aportau behar deutson eremu lez hartuta. Modu bitara bizi leitekeelakoan nago: emoten deutsuen guztia hartuz edo zu zeu zer edo zer barria sortzen saiatuz. Bizi leiteke ganera botaten deutsuen guztia abere otzana lez jasanaz edo, osterantzean, zeure mugak ezarriz eta zeure burua errespetarazoz. Kanpotik moldatu deutsuezan gauza guzti-guztietara zuzen egokituz bizi zeinke, edo, bestela, zerorrek molde barriak proposaniduz. Gizartearen eragina bete-betean onartuz edo zeuk aldaketak eraginez.

Ez nabil iraupenaren arauak errepetidute hutsagaz konformetearen ganean; egotea ez da nahikoa, sormen bideren bategaz edertzen ez badot mundu honetako nire egonaldia. Horrek, jakina, buruari ahalegin eta sakrifizio handiagoa eskatzen deutso. Bizitea edertzeak beste maila bat eskatzenn dau bizitea irabazte hutsaren alboan. Gaur egun, azterketa zientifikoak gorputzera mugatuak dagoz, hau da, ez dabe lortu burmuinaren misterioan sartzerik. Lortu dabe gorputzari arestian baino askozaz urte gehiago bizirik eusteari, ados, baina urte gitxiagorako prestaturik dagoan garunaren programazinoa ez dabe aldatu.

Burua makala da: oraindino be, hozkirriagaz oilo-ipurdia eragiten deusku, orain milioeka urte moduan, hor kanpoko hotzetik babesteko besteko uletsuak garela pentsauta. Oso bereak zituan estrategiei buruzko informazinoa aldatu eragin deutsie gorputzari, eta buruak ekarpenen-aroa amaitu dauenean, gorputzak urte dezentetan jarraitzen dau, bien artean, beharrean. Holan bihurtu gaitue bizi-luzapen horren esklabu, gura ala gura ez.

Bizitearen eragile izatetik bizitearen lekuko izatera doan luzamendu hori guztiz soberan dago niretzat, eta hori eteteko aukerea egon badagoala jakiteak baino ez deust laguntzen askatasunez biziten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu