Ni aberatsa naz
2019-04-30 17:55Bapatean, ohazalak alboratu eta ohe ganean jesarri nazenean, (beste) gau txar bat pasau ostean, zinez aberatsa nazela pentsau dot.
Ni aberatsa naz, kotxea hartu eta autopistan, gura baldin badot, geldiro-geldiro joatea daukadalako, orduko 180 kilometroko abiadan (euren negozioentzat derrigorrezkoa dan bilera horretara sasoiz heltzeko edo, beste barik, lepoa apurtzearen arriskua maitatzearren) doazen horreakaz errukia sentiduten dodan bitartean. Ni aberatsa naz, gehienetan, ahal dodan bezainbestetan, ez daukadalako diru piloa ordaintzearen truke zarata egiten deustan ugazaba bihotzbako batentzat lanik egin beharrik.
Ni aberatsa naz txikitan telebistea ikusi barik denporea pasetan eta ez aspertzen ikasi nebalako. Ni aberatsa naz egundo ez dodalako krediturik eskatu eta etorkizunerako zorrik erein. Ni aberatsa naz jazoera frankori buruz nire eretxi personala sendo egituratzen, nahiz osotzen ikasi dodalako, eta, ezelako eretxirik ez daukadanean, isilik egoten jakin badakidalako. Ni aberatsa naz neure barruan eretxi kritikoa isiotuta gorde dodalako, urteak joan urteak etorri; hau da, eretxi kritikoak bizitzearen ertz bakotxaz gozetea galarazoten ez deustalako.
Ni aberatsa naz, apurka-apurka, arpegia zahartzen, ulez beteten edo zimurtzen hasi arren, nire barruko sentimenduak hamasei urte neukazaneko harexek diralako, traizinoa ezagutzen ez eben berberak. Ni aberatsa naz izkutatzeko ia ezer ez daukadalako, arkatzen eta tekladuen artean biluztearen ekintza adoretsua neure egiten dodalako, biluztasunetik zinez hur bizitzea aukeratu dodalako eta bueltan deus eskatu barik. Ni aberatsa naz areriorik ankerrenek be, badaezpada, irribarre egiten deustielako eta, jakina, nik esandakoek zein idatzitakoek arerioak eta esamesak sortzen dituelako.
Ni aberatsa naz neure garaian ezetz esaten ikasi nebalako: EZ!, gustuko ez dodazan proposamenei; EZ!, zilegiak begitantzen ez jatazan aginduei; EZ!, gizarteak ontzat emoten dituan (eta, sarritan, hain ziniko, basati eta krudel diran) gauzei. Ni aberatsa naz anbiguoa nazelako, gauzen eszeptikotasuna sentidu beharra daukadalako, grisak dodazalako maite, nondik aterako nazen ezin jakin zeinkelako. Ni aberatsa naz sentimenak agertzen ikasi dodalako eta sentimenok plazaratzeko lotsea aspaldi galdu nebalako.
Ni aberatsa naz mundua bere osotasunean begiratzen saiatzen nazelako, jenteari iges egin ohi deutson ñabardura bakotxari bere lekua eginaz, eta ez gure nahitaez bete beharreko sasi-kapritxoen begi estuetatik; gizateriaren pobrezia (pobrezia intelektuala eta sentimentala) ezagutzeak askozaz gehiago bete deust bularra, gure aberastasunak gozeteak baino.
Ni aberatsa naz musika gozetan, pentsetan eta maitatzen ikasi nebalako, nire hezkuntza musikala, kulturala eta bitala mutur-muturreraino kosta ala kosta eroatea erabagi nebalako; aberatsa naz doinu igeskor baten airean aise berreskuratu neikelako betiko joan diran urte guztien arimea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!