Aldatzea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-04-29 11:17

Munduari buruz, gizateariari begira, sendiarteko harremanei jagokenez edo sexuaren ganean kezkatuta egoan jentez inguraturik igaro dot umezaro osoa.

Gauza danak zelan aldatu bilatzen eban jentea zan, beharbada, bizitzearen lege unibersal hau jakin barik: zeozer aldatu gura dabenak berak izan leikela, halabeharrez, zera horren aldetik aldatua izateko arriskua. Halanda be, abentura zinez polita da mundu honetara aurrekoek eginikoa errepetiduten bakarrik ez zarala etorri adierazotea zeure buruari, zeure inguruari.

Orain, ostera, munduari buruz, gizarteari begira, senitarteko harrenanei jagokenez edo sexuaren ganean kezkarik ez daukan jentez inguratuta topetan naz. Gitxi-asko orain dala bospasei urteko lagunen bat edo beste ikusten jarraitzen dot, euren kezkak entzuten, baina aldatu aditza desagertu egin da euren eguneroko hiztegitik. Aditz batetik bestera salto egiten ikusi dodaz, erreka ugerra kurutzatzeko harri koskorrak balira lez: aldatu esatetik iraun esatera pasau ziran, behinola; ondoren, jagon esaten eben ume jaiobarriari begira; gero, segurtatu; ostean, agindu eta azkenaldion, barriz, debekatu, inbertitu, espabilatu eta parekoak.

Aldatu aditzaren desagerpen horrek inoz deus aldatu gura izan ez dabenen lekura heldu garela salatzen dau, eta egundo ezer aldatu gura izan ez ebenei ez deutsegula, era berean, ezer aldatzeko preminarik sentiarazo. Kasu frankotan bidaia hau zinismoak zein hipokresiak estali izan dabe, baina ez gitxiagotan, inozotasun hutsez pasau dala begitantzen jat, intentzino edo asmo txarrik bako indar baten kausaz. Aldian-aldian, adiskide askorengan ikusi izan dodaz eduki eben freskurearen zipristin —oraindino— distiratsuak, nerabe sasoian izandako sentimenak, itxaropen solidarioa bizitzean… Hareen lorpen danak ernai defendiduten dituan helduaren barruan bizitzeari buruz berba egiteko zeregina barreneko nerabeak baleuka lez. Bizitzako jomugak aldatu ditue, baina aldaketearen aurreko gaztetxuak egiten dau berba euren ahotik.

Desoreka hau zuzendu beharra dago. Orri baten hiru zerrenda jarriko doguz: lehenengoan, guretzat lehentasuna daben hamar gauza; bigarrenean, gure dirurik gehiena gastetan daben beste hamar eta hirugarrenean, aldiz, gure denporarik gehiena eskaintzen deutsegun hamar gauza. Arrastoakaz lotuko doguz hiru osogaiak, modu horretan atzemon ahal izateko guk garrantzia emondako zenbat gauza ez datozan bat hareetan gastau dogun diruagaz eta eskaini deutsegun denporeagaz. Arrasto zuzenen kopuruak erakutsiko deusku zein neurritan bizi garen gure egiagaz. Sanoa da, bai, egia. Ha ikusi dabenak beste kontzientzia bategaz edertu(ko) dau ludian egingo daben bere bizitzearen egonaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu