Esnatzea
2019-04-17 19:00Esnatzen naz erdi lerdotuta, non egon nazen edo zer egin dodan jakin ezin baneu moduan.
Izarten naz nire amesen hizkuntza deszifrauezinaren aurrean betazalak astunduta, mutu subkontzientearen hainbeste ordutako jarduera sendotik erauzi ezin dodazan berben aurrean. Gustauko litxakit bertan sartzea, subkontzientean, Thomas Mann haundiaren berbak —bere burua ezagutzen daben inor ez da lehengo bera izango— egia diran jakiteko; ezagutzean aurrera egiteko gonbita bat, edo hurreratzea galarazoten deuskun debekua. Harrituta ikusten dot gaur be eguna argitu dala, argitzerik mereziduko ez leuken eguna heltzeko bildurrez banengo lez, edo heltzeko esperoan.
Izartu eta atzo nire hartu-emon ezbardinak zein lekutan itxi nituan gogoratu behar izaten dot, zeintzuk diran nire gaurko egitekoak: nire beharrak, nire konbikzinoak. Nire bizitzearen egitura osoa barriro nire oroimenean marraztu behar izaten dot; batzutan, pasau egiten naz eta soinean daukadazan prakak zein dendatan erosi nituan gogoratzera heltzen naz. Baina segundu gitxi behar dodaz holakoak ahazteko.
Sarritan, tristerik izarten naz, izartu orduko baten batek niregan ezarri daben tristura bategaz. Begiak edegiterako bateren batek barrenean kolore beluri bat iragazi baleust lez. Eguna berdoztu eta zurbildu egiten jat, eta besteak baino luzexeagoa bihurtu. Ni ez naz tristura horren arduraduna, baina bizitza osoa daroat nondik jatorten jakin guran, ibai arre eta lingirdatsu horren iturburua noraino heltzen dan jakin asmoz.
Irlandako monasterio zaharretan eta, oro har, zelten kultura osoan, umeen aldeko jarrera ziurra egoan: ondo hartu behar ziran eta ondo babestu. Euren ustez, umeak beste munduaren barriak ekarten zituen bitartekariak ei ziran. Umeek olgetan dagozala egiten dituen oihuen bidez, asaben mezuak jasoten ziralakoan egozan. Aldiro, monasterioetan ume bati salmo bat aukeratzen lagaten eutsen, boteprontoan, eta fraideek salmo ha tentuz aztertzen eben, euren arazoren baterako edo etorkizunerako argibideren bat ekarrelakoan.
Sarri izan dot sentipen hori: ume baten begietatik beste nonor ari jatala begira. Horregaitik dabe umeek irribarrea hain-hain eurena, gu ikaratu ez gaitezan. Nire amesak ulertzen lagunduko deustan ume bat behar dot. Beharbada, daborduko heldu da neure barrura.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!