Esklabo barriak
2019-04-10 13:00Berba gogorrak dira gauza guztiak askatasunez egiten doguzala dirudien aro honetarako, baina ez dot topau gure nekea, azken garaiotan, hobeto definiduko leukeen beste adigairik.
Esklabo barriak ez dau ugazaba nagosi batentzat derrigortuta behar egiten; esklabo barriak aberatsa izan barik aberatsak lez biziteko bere burua lan egitera behartzen dau. Batzuk anbizino hutsez bilakatzen dira morroi edo mirabe; besteak, barriz, behartuta sentiduten diralako, izan be, askatasuna aldarrikatzen daben gizarte honek presino-puntu franko eta zinez itogarriak asmau ditu, jentea modu zehatz eta jakinean biziten derrigortua sentidu daiten, eta gutako bakotxa benetan hori gura dabela sentiduten heldu daiten.
Gure bizitzako urteak eskalada baten moduan aurkezten deuskuez, ondasun materialen nahiz hobari ekonomikoen bila etenbarik gora eta gora jo beharreko igoketa baten antzera, eta aurreikusitako ibilbideari uko egiten deutsona txarto sentiduarazotea oso erreza da, danok bardin eta alkarren arteko igon-leihan bizi garen mundu kamuts honetan. Gauzak erostea gizartean egoteko modu bat bihurtu eragin dogu; zenbat gauza erosten dogun ofertan dagozalako eta ez, ostera, behar doguzalako…
Esklabo barria otzana izaten da poteretsuakaz, zuri-zuria goian daukazanakaz, oilobustia indartsuagoakaz; iruntsiko dau umiliazinorik iraingarriena be, ordaindu beharreko tasa bat lez. Baina bere ustez merezidu daben onarpenik jasoten ez badau, etxean tirano anker bilakatuko da; esklabo barria kupidarik bakoa da ahulakaz, zakarra da azpian daukanagaz. Ez dauka adorerik, agintzen deutsenen kontra, ezta bihotzik, erreguka jatortsozanen alde.
Esklabo barriak dirua errez irabazteko aukera guztiak aprobetxetan ditu, lagunak errez galtzen aspaldi ikasi ebalako. Ordu extrak ditu maite esklabo barriak, kotxe handia edo bigarren eskuko etxebizitzea eukitea: bizitekoa barria izan eta oporretakoa leku egokian egon daitela. Gurasoen aldean, bizitzeari beste distira bat emon deutsola uste dau esklabo barriak, baina ez da ezer: ez da inor bankuko txartel oro kenduta Tangerren bakarrik laga ezkero.
Esklabo barria mundu honetan guztiz galduta dago: ez daki non dagoan biziteko behar dan gitxienekoaren eta bizitzea galarazoten deutson lana egin beharraren mugea; hor lerro bat dagoanik be ez daki. Bizitza duina zer dan galdetu ezkero, zerrenda amaibako bat ekarriko deutsu idatzita. Eta dohakabetasun handi bat, nondik jatorkon ez dakiana eta ariman kabitu ezin jakona.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!