Goizaldeko lauretan porrua

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-04-08 13:01

Etxeko danek lo hartzen dabenean bera isiotu eta bere pentsamenduak argiztau egiten dira, polborazko botoiak balira moduan, gauaren mihisean.

Halanda be, senarragaz batera oheratzen da; egun osoa guztien begietan dagoala begitantzen jako, egiten dabena ondo egiten dabela egiaztatzen dabenen aurrean, eta gauean ez da ausartzen senarrari esaten iratzarririk geratu nahiko leukela beste bizpahiru orduz… Bizilagun arloteak, ostera, azkar hartzen dau lo eta isiltasuna etxeko hormetara estu-estu itsatsita geratzen danean jagi egiten da, egongelean zer edo zer irakurten. Aldamenean inor ez daukalako hobeto irakurten dau; badirudi holan errezago hegaldatzen dala bere barrena, bere oroimena, haren bizitzan altura apur bat hartzen daben osogarri bakarretakoak.

Irakurketearen erdian —esaldiak herrenka itxiaz, sarri—, burua joan egiten jako. Leku edo aro jakinik bilatu bage, inorako noranzko zehatzik barik, irudien ehizara urteten jako gogoa: arpegiak, testuak, gauak kanpindendan, ardao-kopak, ansiliotikoak, hasarrealdiak, une hutsalak askotan, ordenagailu-tekladuak eta mendi-bideak; osterantzean, baten bati leidu eutson ha: jenteak, zertan pentsaurik ez daukanean, era guztietako gauzak pentsetan ditu. Akorduan dauka fakultadeko mutil ha, non ete dago?; Venezian eginiko zorokeria ha, eskerrak orduan egin ebala; Maitanerengandik urrundu eban egoera arraro ha; gaur senartzat daukana aurkeztu eutsien zirkustantzia xelebre ha, haregaz ezkontzeko sartu jakon presea, garai haretan bizitzeari buruz zituan baloreei bete-betean erantzuten eutsielako, beharbada… Orain, aldiz, baloreak goitik behera aldatu jakoz, baina gizonak lehengoa izaten jarraitzen dau: ez eban egundo sakontasun larregirik izan, baina arintasun hori hain zan erakargarria bizitzea arina zanean!

Ezkaratzera bajatu da, ur apur bat edaten. Bitrozeramika azpiko armairutxuan gordeta daukan porrua atara dau, krisialdi-egoeretakoa, dana ganezka egiteko tenorean dagoan horreetakoa. Hamaikatxutan esana eutson senarrari hori unibersidade-garaietako kontua baino ez zala, behar baino gehitxuago luzatzen ziran eguen bilbotar hareetakoa, eta ordutik itxita eukala. Bentanarako bidea hartu dau. Ito egiten dabe gogoeta batzuek. Ba al dakizu, maitea, zer botaten dodan faltan, beste ezer baino gehiago? esango leukio, jentea topetan dodanean —lagunak zein ezezagunak—, ba, ni ikusteak poza emoten deutsiela euren arpegietan sumatzea; nire presentzia harrigarria besteko alaigarria dala eurentzat eta ez nabeela konpromisoz nahiz arau sozialez indarrez bakarrik agurtzen. Badakizu zenbat botaten dodan faltan norbaiten arpegian ni topau nabelako irribarre bat zelan sortzen dan ikustea?

Pausoak igarri ditu korridorean barrena eta, halako baten, senarraren bisaia hori-zurbila agertu da atearen argilunean.

- Zer zabiz hamen behean ordu txikitan?

Begira-begira geratu jako, deus esan barik. Baina senarrari ez deutso ezer ardura izan. Ostean, komuneko bonbeari tira egin deutso, gauez holakorik ez egiteko esana daukan arren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu