Gure definizinoak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-04-03 13:16

Euskal Herriaren esanahi posibleak.

Euskal herria politikarien herria da: ekintza, egitasmo, proiektu eta deialdi politikoen superabit nabarmena dauka, beste edozein giza alorren alboan. Denporea berbetan nahiz bilerak ospatzen emoten dabe, eta hedabideatan ordu zein orri frankotan jasotzen ditue euren esanak: beti zer egingo dabeen, egingo leukien, egitea lortu behar dan edo egin beharko litzakeen esplikatzera mugatzen diran adierazpen astunak. Beste guztion modura komunikabideatan zer edo zer egin dabeenean bakarrik agertu behar baleukie, ez genduzan ikusi be egingo, eta bizitzea sano politagoa litzake.

Euskal herria kirolarien herria da: taberna oro dago euren erretratuz josia, eta irrati edo telebistetan milaka ordu eskeintzen jakezan arren, egunkari espezializaduak be badauskien arren, sekula ez dot kirolari bati eginiko alkarrizketea baino kontu antzuagorik ezagutu informazinoaren munduan. Gorputza jagoten emoten dabe eguna, abilezia fisikoak garatzen eta, normalean, behar baino denpora gitxiago gordeten deutsie giharrik inportanteena, alegia, garuna zaintzeari. Soldataren zenbakiak edo zero kopurua izkutuan gordeten tematzen dira eta, ostera, ez dabe inongo ekimen sozialetan esku hartzen —tartean dirusaririk ez badago, jakina—, sari edo hobariren bat jasotzeko ez bada.

Euskal herria sukaldarien herria da: euren esku daukiez telebista- zein irrati-programak, egunkarietako gehigarriak, kofradien izendapenak, turismo-sariak edo argazkiz beteriko luxuzko liburu potoloak eta zinez dotoreak. Iragarkiatan agertu ohi dira, Jaurlaritzeagaz geure produktuen defensa sutsuan, hori dalako, egun, unibertsala izatea: leku baten agertze hutsagaitik kobratzea. Geure herriaren arpegitzat daukaguz; hori dala-eta, irribarre akritiko ugari jasotzen dabe euren agerraldiatan. Zuriz jantzita be ezin dira zuriagoak izan.

Halanda be, Euskal Herrian enpresarioak dira jaun eta jaube: lege oro alde eta eskura izateaz gan, potereak —ustezko eskuina zein ustezko ezkerra egon—, espainolagoa izan ala euskadunagoa, hareen kontra deus egingo ez daben berme osoa daukie. Langabezian eta kredituen artean setiaturiko beharginak esklabu edo morroi bihurtuaz aspaldiko gerra zahar bat irabazi dabe —deuskue—. Geure sukaldari ospetsuen jatetxeetan afaltzeko eskubidea irabaziz batera,  politikoentzat euren administrazino-kontseiluetan leku bat gordeten ikasi eben, eta uste beste irabazi ez daukatelako, keja lotsabakoari balantzea deitzen deutsie. Dan-danon errespetua erosi dabe eta euren zinismoari enbidia edukitzeraino debaluau gaitue holan.

Ganerakook hoba dozue —alkarri— amore emon: ez zarie egundo mapa soziologikoan agertu be egingo, urtean irensten dozuezan —doguzan— ansiolitikoen kopurua dakarren estadistika txepelen baten ez bada.

Baina, dana dala, guk gure sasieuskalduntasuna harro-harro lau haizetara zabaltzen jarraitzen dogu, eman eta zabal ezazu tesiaren jarraitze alienadu zintzoak izaki. DUT talde maitearen Haize Eza abestia etorri jat gogora: konbikzino handirik gabe galdezka ari naiz, oihukatzeak ala etsitzeak, zerk egiten gaituen libre. Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu