Irregularregiak (gara)

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-04-02 10:16   Kulturea

Gizarteko beste eremu batzutan be gertatzen da. Kulturearen munduan be bai.

Sistemearen erroa kritikau barik, arazoaren zuztarretara joan ordez, sistemearen katenbegi makalenari egiten jako eraso. Esan lez, kulturearen munduan be bai. Sortzaileei bizi daben egoera prekario, halamoduzko nahiz ezegonkorra blondreskiro ahaztuta moduan egiten jake eraso, makroebento globalizatzaile baten parte hartzearren, edo sari instituzional bat jasoteagaitik, edo euren liburua argitaletxe mainstream baten publiketearren.

Eredu izan beharko litzatekezala argudiatzen dabe batzuek, eta zinez ondo begitantzen jat gure sortzaileak idea, jarrera zein balio batzuen eredu izatea, jakina, baina gatazkeari ahulezia eta ertz asko ikusten deutsadaz, eta iruditzen jat, ganera, geurean eredu izatearen exijentzia-mailea ez dala inondik inora be bardina kultur sortzaileentzat edo gizarteko beste eremuetako ordezkarientzat. Sano erreza da Berri txarrak taldea kritiketea MTVren ikuskizunean jotearren, eta halako ekitaldi baten kontra egotea guztiz errespetagarria dalakoan nago, batez be, gure kulturearen beharrizanak ikusita eta zelako kultur eredua bultzatu gura dogun egin beharreko hausnarketea dalako. Baina, jakinai, kritika horreen gezi guzti-guztiak, hain zuzen be, sortzaileei inongo gupida barik  zuzentzea ez dot onargarri ikusten. Eta, barriro dinot sortzaileek bizi daben egoerea zelakoa dan ikusita.

Hemen ez dago arazorik gure tabernatan Coca cola inperialistea saltzeko, ez dago arazorik umeen esplotazinoari esker merke urtetan jakuzan erropak beste barik erosteko, ez dago arazorik makroebentoetara joateko —beti be, geure talde batek joten ez badau—, edo soldata baten truke multinazional baten bulego, ezkaratz edo dendean behar egiteko. Baina hemen errez asko topau ahal dogu, era berean, erdal kulturea bakarrik konsumiduten daben bat euskal sortzaile bat kritiketan, bere azken liburua —egundo leiduko ez dabena, bidenabar— gazteleraz publikau dabelako, esate baterako.

Eskua altzau dagiala kontraesanen baten bizi ez danak. Ruperrek dinoan lez, oso gatxa da lerro zuzena marraztea superfizie irregularrean. Beharbada, lerroari begiratu barik, arretea geure gizarte irregular honetan jarri beharko geunke. Arazoaren tripatan. Eta, bien bitartean, ba, ze esango deutsuet, zaindu maite dozuen hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu