Izozturiko hondartzak abuztuan
2019-03-29 16:48Etxean, umetarik erakutsi eustien gauzak euren denporan egitea oso inportantea dala.
Hobe ei dala parrandan gazterik urtetea, eta ez, ostera, adin nagosia eta betebehar-zerrenda mardula daukazunean gauez urteten hastea. Orokortasunak —ala orokorkeriak ete?— ez jataz egundo piperrik be gustau; izan be, norberak une bakotxean egin behar dauana erabagiteko eskumen osoa daukalakoan nago eta, halaber, norbanako bakotxaren inguruabarrak edo zirkustantziak guztiz desbadinak dirala. Hori bai, gauzak orduz edo garaiz kanpo gertatzen diranean, aro baten zinez normala izan ahalko zana elementu arrotza nahiz distortsinozkoa bilakatzen da.
Aldi bakotxari jagokona tesi horren agerkari benetan ziurrak dira, esate baterako, naturaren legeak: negu-partean, zuhaitz-arbolak biluztu edo soildu egiten dira eta iparreko haizea jaun eta jaube izan ohi da; udabarrian, barriz, hala loreek, nola bizitzeak bidea edegiten dabe zirrikitu orotatik; uda-sasoian, aldiz, eguna akabubako bihurtu eta eguzki amandreak dan-dana konkistetan dau bere berotasunagaz; udagoienean, ordea, parajeak basoen laranja, horixka, marroikara edo okreek konkistetan ditue… eta, jakina, urtaro bakotxean ohikotzat joten dana oroz kanpotarra da besteetan. Abuztuan edurra egitea lez.
Heriotzea inork saihestu ezinezko atalasea da. Arinago edo beranduago, bizkorrago edo mantsoago, jakin badakigu egunen batean geurera bertaratuko dala. Lagun baten heriotzeak, maiz, min handia egin leuskiguke; baina oinaze hori nabarmen sakontzen da heriotza hori garaiz kanpokoa danean, goiztarregi datorrenean; oraindino ailegau behar ez zanean, alegia. Orduantxe, nik uste, bizitzearen ustezko armonia idiliko nahiz perfektu hori eten egiten da. Puskatu eta hamar mila zati txikerretan desegin.
Joan zan astean, nire barreneko txokotxu izkutu baten daroadan lagun baten aita zendu zan. Eta hondartzak edurrez bete dira, bapatean. Heriotzeak beregan dakarren “poso” edo hutsune hori, mingarria izateaz gan, jasaten eta onartzen zinez gatxa da; baina horren garaiz kanpo datorrenean, naturaren legeak sendo desafiatuz, bizi baten erdi-erdian gertatzen danean, oraindino biziteko horrenbeste gauza falta diralarik, orduan are mingarriagoa eta itotzaileagoa da. Guztiz atzean itxi ezinezko zer edo zer bihurtzen da: onartezina, injustua, amorragarria.
Eta, halanda be, hortxe dagoz, udabarriko martiaren epeletan, loraz beteriko arbolak; eguzkia, itsasoa distiratsu agertarazoz; hego-haizea, gure arpegiak, oraindino bizirik dagozanak, besarkatuz. Azken esaldiok eskribitu orduko, zera idaztekotan egon naz, benetan gatxa —ia-ia ezinezkoa— dala edartasun hori guztia baloratzea, bihotzaren barrenean izozturiko hondartza bat daroazunean. Baina justu kontrakoa pasetan dala deritxot. Momentu zehatz horretan biziaren edartasuna ahal dan intentsoen agertzen jakula uste dot, eta bere benetako balioa inoz baino argiago ikusten dogula. Momentu latz horretan dan-dana ulertzen hasten garela iruditzen jat, sarritan ikusezin subertetan jakun altxor hori galtzeko arriskua bene-benetan ezagutzen dogunean. Agur, Jon. Beharbada, gure barrenean izozturiko hondartza bat bai, baina hor kanpoko arbolak loran eta edar itxi deuskuzuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!