Urrun baina bertan
2019-03-27 23:18Tiloak izeneko pasealekutik hiru emakume oinez, Gernikan, Muruetako ibaiertzera doaz paseoan.
Ezkaratz frankotako zoruak oraindino bustita dagozan ordu hori da. Baten batek jaso ditu daborduko bazkariko platerak, lanbasea pasau eta balkoiko atea parez-pare edegita laga dau, behegaina azkarrago sikatzeko. Norbait horrek, ostean, txandala soinean jantzi dau eta, orain, barriz, lagunakaz doa paseoan, Muruetako ibaiertzera bidean. Ordu hori aprobetxetan dau, ordu horretan ez deutsolako inork ezer eskatzen: senarra telebistearen aurrean itxi dau, bazkalosteko hibernazinoan; bostak arte ez ditu lobak ikastolatik jaso behar eta bere etxera ganorazko meriendea hartzera eroan. Berarentzako tartea da, lagunakaz osteran ibiltekoa. Hiru emakume dira Muruetako ibaiertzerako bidean, baina izan ahalko ziran hiru emakume beste edonon be, izan be, ordu berberean seguru han eta hamen hainbat dagozala gauza bera egiten: paseoan Zarautz eta Getaria artean, Lekeitio eta Gizaburuaga artean, Erlaitzeko inguru orlegiatan, hormigoizko Ezkerraldean, Bergarako eraztun berdearen ibilbidean…
Antzeko gauza ugari gertatzen dira ordu berean leku ezbardin askotan. Uri nahiz herri bakotxak, auzune zein karrika bakotxak bere nortasuna dauka, bere paisajea, baina, segurutik, ordu berean gauza zinez antzekoak emoten dira hareetako bakotxean. Goizean, umeak eskolara sartu orduko ordu horretan, argi gorri keinukariak nagusi dira edonon, arinegi doazen kotxeatatik edo espazio handiegia okupetan daben autobusetatik neskatila-mutikoak urteten diran bitartean; fruta dendan edo harategian esaldi berberak entzun bide dira: azkena nor dan edo okelea plantxarako samurra dagoan, berbarako; zenbat atzamar dabizen ordenagailuen tekladuak zanpatzen, ordu berean, hainbat eta hainbat bulegotan; zenbat esku dagozan bustiten, hotzak hormatuta, lur azpian tutuak sartu nahiz teilatua konpontzen daben artean; zenbat eztul egiten diran aldi berean gure herriatako anbulatorio ezbardinatan.
Hiru emakume dira, Muruetako ibaiertzerako bidean doazenak. Hiru dira bakarrik, baina aldi berean milaka. Ordu horretan bertan eurak lez paseoan dabiz beste asko Eibarren, Tafallan, Azpeitian, Karrantzan, Igorren, Donostian edo Hendaian. Uri zein udalerri desbardinatan bizi gara, baina baten batek ezkaratza jaso eta behegaina sikatzeko balkoiko atea parez-pare edegita ixten daben espazio horretan, uri eta herri berberean bizi gara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!