Baina ez urdina

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2019-03-21 10:43

Grisa. Edo beste koloreren bat, edozein. Baina urdina ez.

Beste bat aukeratu izan baneu, agian… baina bururatu jatan lehendabiziko izena izan zan; beharbada, eskolan edo telebistan ikusita, ipuinen bateko protagonisteagaitik edo… Hiru urte baino ez nituan eta, badakizu? Orduak daroatzat gure etxeko ganbaran jesarrita, txikitan lez. Berbei formea emon guran nabil, papiroflexia lanatan. Aulki zahar-zahar horreek hamen jarraitzen dabe, gogoratzen? Geuk itxi bezala dagoz: txiki eta herren. Baina, tamalez, orain ez zagoz zu, papertxu bat hartu eta aulkiari falta jakon zatitxua marrazteko.

Bi borobil egiten zenduzan eta barrenean beste bi puntu txiker; gero, papertxua erditik tolestu eta aulkiaren hanka azpian gordeten zenduan. Beti asmetan zenduan aulkiak behar eban zatia zelakoa zan. Eta ni liluratu egiten ninduan zeure gaitasun hark. Zuk, ostera, barre. Holan ahazten zenduan hasarrea, aitatxuk zigortzen zintuanean. Marrazoak jan egingo zaitu, esaten eutsun, hormearen kontra neurtzen zintuan bitartean. Bera baino handiagoa izan behar zenduala: altua, indartsua. Baina zu murumakur ibilten zinan eta aitak, orduan, desafioz, hegalak marrazten eutsozan marratxuari, marrazotxu bihurtuz. Eta esaldia errepikatzen eban.

Behin, baina, amatxuren takoidun zapatak jantzi zenduzan eta hormearen aurrean inoz baino altuagoa zinan, burua tente-tente. Baina aitari ez jakon gustau, ezta amari be. Eta, bapatean, galderen galarrenak etxeko hautsak harrotu zituan, zure soinekoagaz batera. Eta zu korrika igo zinan ganbara zaharrera, barrena segika bazendu lez. Ni, ordea, zure atzetik, aulki herrenean jesarriz. Baina, gaba hartan, ez zenduan papertxurik erabili: margoak atara eta borobil bi marraztu zeure bularrean; nik barre egin neban. Ostean, tolestu egin zinan, barruraino. Hamalau urte baino ez zenituan. Ordutik, ez dogu egundo berbarik egin horri buruz. Ez aitak, ez amak, ez zuk, ez nik.

Egia borobilak buru karratuatan ez diralako kabitzen, akaso. Baina, azkenaldion, etxetik kanpo zagozan bakotxean, amak nora zoazen galdetzen deustanean, barrenak Nora zarela esaten deust. Agian. Edo beste izen bat, zuk aukeraturikoa, oraingoan. Edozein. Baina ez urdina. Edo ez bakarrik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu