Iragana erelgi
2019-03-19 14:45Euskal literaturean, orain dala gitxira arte, behintzat, ez dot uste Gerra Zibilaren nobela historikoei buruz berba egiterik egoanik.
Iragana ez zan historia bihurtu idazleentzat —ezta, barrundatzen dot, euskal herritar frankorentzat be—, oraina zan oraindino; beste era baten esanda, ez zan nahikoa fosilizau, jomuga komertzialak edo apaindurazkoak nagusi diran azpigenero literario baten bazka izaten hasteko. Hori kontu zeharo nabarmena da gaiaz arduratu diran egile anitzen lanatan, hala nola, Ramon Saizarbitoriarenean —Bihotz bitik hasita, Lili eta biok arte, gitxienez—, Bernardo Atxagarenean —gogoratu Soinujolearen semeagaz—, Jokin Muñozenean —Antzararen bidea— edo Garbiñe Ubedarenean —Hobe isilik—, gitxi batzuk aitatzearren; ildo horretan kokatuko neuke, bestalde, Mikel Ayerbek apailaturiko Our Wars: Short Fiction on Basque Conflicts ipuin-antologiaren arku kronologikoaren justifikazinoa, Gauzaren ipuinak —euskal gatazka garaikideenetakoak— Gerra Zibilarenakaz lotzen zituanean.
Milan Kunderak esan eban modura, badagoz gauza bi ezin diranak nahastau: alde batetik, giza existentziaren dimensino historikoa aztertzen daben elabarria, eta, bestetik, egoera historikoa ilustretan dauen nobelea, gizartea une jakin baten deskribiduten dauena, historiografia nobelau bat. Azken hori izango litzake, hain zuzen be, nobela historikoa.
Espainiar Estaduan, orain dala ez hainbestera arte, esango neuke kontu bardintsua gertatzen zala: Gerra Zibilaren gaia literatura garaikideari egozten jakon, hau da, gaur egungoari. Baina nobela historikoaren infiltrazinoa, alor horretan, geroz eta nabarmenagoa egin zan. Euskal literaturan be, nik uste, muga hori zeharkatzen gabiz, hau da, Gerra Zibilaren nobelea erelgitearena. Oraintsu leidu dodan lan batek emon deust hori aditzera: Maixa Zugastiren Ahotsak eta itzalak (Erein, 2018). Nobela horretan, nire eretxiz, iragantzat joten da Gerra Zibila, zeozelako episodio zarratutzat, eta, ondorioz, egileak errazago hartu leike atxakitzat funtsean sentimentalismoan ardazturiko lan bat eregiteko, eta espainiar nobela gerrazibilista azalekoenen harian kokatzeko.
Harian dinot, egia dalako nobela guztiz historikotzat joteko —hau da, historiako liburuak ordezkatuko leukezan literatura-muetea izateko, irakurle batzuk sinisten daben lez, oker– anakronismo gehiegitxu aurkezten dituala Ahotsak eta itzalakek— dokumentazino-lana bide da nobela historikoaren egileek gehien azpimarratzen daben azpigeneroaren ezaugarrietako bat, euren beharraren autogorazarrea egitean—. Nik, egia esateko, urrats hori Aitziber Etxeberria lako idazleren batek emongo ebala espero neban, 31 baioneta zein Nomada lanak gogoan hartuta; oraindino ez dot, bestalde, Joanes Urkixoren Ekaitza urrun esku artean hartu (Erein, 2018), baina irakurri ahal izan dodazan iruzkinakandik, sailkapen honetan sartzeko aukerak dituala esango neuke. Halan balitz, aldarrikatu ahal izango litzake Ahotsak eta itzalak horrek ate moduko bat edegi dabela, eta horren ostean mueta beretsuko gehiago etorriko dirala.
Eta, ondorioz, euskal literatureak urrats bat gehiago emon dauela bere normalizazino-estandarizazinoan. Gaudeamus.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!